Bizkaiko Auzitegiak 21 urteko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, Bilboko Atxuri auzoko etxe batean bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Gizona Zaballako espetxean dago (Iruña Oka, Araba). Sexua eta izena aldatu zituen erregistro zibilean, eta espetxeko emakumeen modulura lekualdatzeko eskatu. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak ukatu egin dio.
2022ko apirilaren 30ean, emakumea eta haren 2 urteko alaba ohean zeudela, gizonak emakumea likido sukoi batez busti zuen eta su eman zion. Emakumeak zauri larriak izan zituen, eta alabak arinak. EAEko Auzitegi Nagusiak iazko urrian berretsi zuen gizonaren zigorra. Hemezortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten emakumea hiltzen saiatzeagatik eta sutea sortzeagatik. Larrigarri gisa aplikatu zion ahaidetasuna; aringarri gisa, berriz, nahasmendu psikikoa. Bi urteko kartzela zigorra ezarri zion Justizia Administrazioaren kontrako delituagatik, eta urtebetekoa sutean bikotekidearen sakelako telefonoa hartzeagatik eta hari buruzko informazioa eskuratzeagatik.
Epaia jakin eta gero
Aurrena, Basauriko (Bizkaia) espetxean sartu zuten; gero, Zaballakoan. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du epaia jakin eta gero eskatu zuela erregistroko aldaketa. Justizia Sailak agindu bat eman zuen 2023an, espetxeetan pertsona transexualen bazterketa eragozteko. Agindu horren arabera, presoak haien genero nortasunaren arabera tratatu behar dira. Transexualek espetxeetan eska dezakete haien generoarekin bat datorren unitateetan edo zentroetan sartzeko.
Hala ere, badira salbuespenak: kasu batzuetan, espetxeetako tratamendu batzarrek gomendatu dezakete presoei jaiotzetiko sexuari dagokion unitateetan sartzea. Gainera, halako eskaera bat onartu aurretik, presoaren delituak aintzat hartzen dituzte: «Bereziki baloratzen da ea genero indarkeria delituengatik edo emakumeen eta adingabeen sexu askatasunaren kontrako delituengatik zigortu dituzten». Zaballako presoari arrazoi horregatik ukatu diote emakumeen modulura lekualdatzea.