Pentsioen kalkuluari buruzko araudia aldatzeko eskatuko dio Arabako Foru Aldundiak Espainiako Gobernuaren menpeko Imserso institutuari, indarkeria matxistaren ondoriozko kalte ordainek pentsio ez-kontributiboak kentzea eragin ez dezaten. Emakume batek Arartekoan jarritako kexa baten harira hartu du erakundeak erabakia.
Kexa jarri duen andreak %69ko elbarritasuna dauka, eta lehen graduko mendekotasuna aitortua; hau da, laguntza behar du gutxienez egunean behin edo tarteka oinarrizko jarduerak egiteko, hala nola garbitzeko, jateko edota janzteko. Horren ondorioz, 2018tik pentsio ez-kontributibo bat jasotzen zuen, elbarritasunagatik. Baina urtarrilean auzitegi batek sexu abusuen biktima gisa aitortu zuen, eta 20.000 euroren kalte ordain bat eman zion; ondorioz, Arabako Gizarte Ongizateko Foru Institutuak kendu egin zion pentsioa, urteko diru sarrerak 7.905 eurotik gorakoak izateagatik. Izan ere, kopuru horretatik behera jasotzen dutenek eskatu ditzakete pentsio ez-kontributiboak.
Arartekoak ebatzi du kalte ordaina ez dela lanetik edota kapitaletik eratorritako errenta bat, eta halakoak kontatzea ez dela berariaz aipatzen araudian. «Gainera, ez da laguntza bat, baizik eta kalte ordain bat, eta hala, bere helburu nagusia da delitu batek eragindako kalteak oneratzea. Ez du helburu bizirauteko oinarrizko beharrizanak asetzea, elbarritasun pentsioak duen bezala», adierazi du Arartekoak.
Edonola ere, Arartekoak argitu du aldundiaren jarduna zuzena izan dela, Imserso Espainiako Migrazio eta Gizarte Zerbitzuetako Institutuaren irizpideen arabera aritu delako. Hortaz, Arartekoaren gomendioari jarraiki, diputazioak erabaki du organo horri eskatzea araudia alda dezala, indarkeria matxistagatik jasotako kalte ordainak pentsio ez-kontributiboen kalkulutik ateratzeko.