Osakidetzako langileak eta indarkeria matxistan adituak

Izaskun Elortegi eta Marisol Diaz Gonzalez: «Indarkeria matxistak zarata handia egiten du»

Bortizkeria matxistako gero eta kasu gehiago atzematen dira osasun sisteman. Azpimarratu dute adi erreparatu behar zaiela indarkeriak uzten dituen seinaleei, eta nabarmendu horretarako tresnak badirela.

Izaskun Elortegi eta Marisol Diaz, joan den asteko jardunaldietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Izaskun Elortegi eta Marisol Diaz, joan den asteko jardunaldietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko maiatzaren 15a
05:00
Entzun

«Barneratzen ari gara indarkeria matxista osasun publikoko arazo bat dela». Osakidetzako Genero Indarkeriarako Talde Korporatiboko kideak dira Marisol Diaz Gonzalez erizaina (Bilbo, 1962) eta Izaskun Elortegi psikiatra (Mungia, Bizkaia, 1976): haurren arretari buruzko gida prestatzen lagundu dute, eta oso ondo ezagutzen dute, era berean, Osakidetzak 2019an genero indarkeriaren detekzioari buruz  argitaratu zuena. Gaiaz mintzatu ziren joan den astean, Bilboko Mediku Zientzien Akademiak indarkeria matxistari eta osasun sistemari buruz antolatutako jardunaldietan.

Askotan esan duzue: bortizkeria jasaten duten emakumeentzat ate bat da osasun sistema. Zergatik da hain garrantzitsua?

IZASKUN ELORTEGI: Emakume guztiek joko dute osasun sistemara beren bizitzan noizbait. Gizarte zerbitzuak esku hartzeko eremu garrantzitsua dira, baina emakume asko ez doaz horra zuzenean, eta bai osasun sistemara; are gehiago bizitzako garai jakin batzuetan, hala nola haurdunaldian. Gainera, konfiantza dute osasun sisteman, entzungo eta artatuko ditugulakoan. Horregatik daukagu posizio pribilegiatua bortizkeria detektatzeko, bai egoera batzuk asko okertu baino lehen, eta bai indarkeria fisikoa ez denean ere.

MARISOL DIAZ: Gainera, sistema honek bizi osoan ematen du arreta: emakumeak eta haien seme-alabak artatzen ditugu jaiotzen direnetik hiltzen diren arte. Eta bidean agertzen diren hainbat sintoma eta adierazle genero indarkeriarekin lotuta egon daitezke. Emakume batzuentzat agian ez da hain erraza polizia etxera joatea, eta bai konfiantzazko medikuarekin edo erizainarekin hitz egitea. Nire ustez, indarkeria oso judizializatuta dago: «sala ezazu», hori da mezu nagusia. Baina gero nork artatuko ditu indarkeriak osasunean uzten dituen ondorioak? Agian erasotzailearengandik urrundu zaitezke, baina lo egiteko arazoak dituzu, edo beste ezinegonen bat, eta hori guztia ere sendatu egin behar da.

«Emakume batzuentzat agian ez da hain erraza polizia etxera joatea, eta bai konfiantzazko medikuarekin edo erizainarekin hitz egitea».

MARISOL DIAZOsakidetzako erizaina
Zein dira indarkeriak uzten dituen seinale horiek?

DIAZ: Indarkeria matxistak zarata handia egiten du, eta adi egon behar dugu, zarata hori nabaritzeko. Adibidez, badira asko errepikatzen diren esaldiak: «Mina dut ariman», «Ezin dut gehiago», «Emadazu zerbait senarrak edan ez dezan» edo «gertatzen ari zaidana ez da normala»... Eta sintoma asko uzten ditu: andreak minaren edo nekearen bidez somatizatu dezake indarkeria, baina lesio fisikoak ere izan ditzake, hala nola tinpanoaren haustura edo defentsa zauriak. Eta gauza batzuk susmagarriak dira: oso estalita etortzea bero handia egin arren, behin baino gehiagotan esatea eskaileretan erori direla...

ELORTEGI: Aldaketa batzuek ere susmoa piztu ahal digute: emakume bat beti garaiz iristen bada eta bat-batean etortzeari uzten badio, edo itxura aldatzen badu... Eta gainera, badaude kontuan hartu beharreko zaurgarritasun faktoreak: buruko nahasmenduak edo adikzioak dituzten emakumeak arrisku handiagoa dute indarkeria jasateko.

Zaurgarritasun horiek halakotzat hartzen dira, ala estigma bihurtzeko arriskua dute?

ELORTEGI: Badago arrisku hori. Buruko nahasmenduak dituzten emakumeei dagokienez, diskurtsoa psikopatologizatzera jotzen da: «Agian ez da medikazioa hartzen ari, eta horregatik esaten ditu gauza horiek». Andre horientzat zailagoa da norbaitek sinestea eta kontuan hartzea.

DIAZ: Osasun sisteman lan egiten dugunok ere estereotipoak ditugu, eta gure ikasketetan genero ikuspegi apala egon da: trebatu gaituzte zauriak ikusteko, baina bortizkeria ikusteko ez. Formakuntza asko areagotu den arren, profesional batzuek begiratu nahi dutena baino ez dute ikusten. Eta emakume askok ere ez dakite horretarako ere bagaudela profesionalak, edo beldur dira tratu txarren emaileak zerbaiten berri izango duen. Baina zera azpimarratu behar da: historia klinikoa oso segurua da, eta konfidentziala. Gainera, ikasi dugu emakumearekin bakarrik egon behar dugula, ezin dugula harekin hitz egin alboan erasotzailea badu; elkarrizketa intimoa da, baldintza egokietan egin behar da, gela eroso batean...

ELORTEGI: Pentsa dezagun elbarritasunen bat duten andreengan: batzuk euren bikotekidearen ardurapean daude, eta bikotekidea erasotzailea ere bada; gizonak eskubidea du emakumearekin kontsultan egoteko, osasun erabakiak elkarrekin hartzen dituztelako, eta hor oso zaila da bakarrik uzteko eskatzea.

Batzuetan emakumeak ez daude prestatuta erasotzailearengandik aldentzeko. Nola jarduten duzue halakoetan?

ELORTEGI: Emakumeak ezin badu zerbait egin, ez badago prestatua, gu ezin gara tematu. Baina ezin dugu ez ikusi egin. Kontuan izan behar dugu andrea batzuetan ez dela jabetzen bere egoeraz, edo minimizatu egiten duela, bikotekidearekiko leialtasuna oso sendoa delako, edo erasotzailearekin duen lotura emozionala hausteko denbora behar duelako. Halakoetan, zalantzaren hazia ereitea da gure egitekoa: azaltzea, adibidez, gizonaren jokabide bat kontrola izan daitekeela, berak apurka barneratu dezan. Lehen fasean, esango du: «Gizona aldatu egingo da»; gero: «Segur aski ez da aldatuko, eta nik moldatu beharko dut»; eta azkenean: «Ez da aldatuko, zerbait egin behar dut».

«Emakumeak ezin badu zerbait egin, ez badago prestatua, gu ezin gara tematu. Halakoetan, zalantzaren hazia ereitea da gure egitekoa».

IZASKUN ELORTEGIOsakidetzako psikiatra

DIAZ: Osakidetzan gida bat dugu halakoetarako, eta besteak beste, gakoak ematen ditu indarkeriaren zikloa ulertzeko. Laguntzaile izan behar dugu, beste eragileekin batera: osasun sistema beste katebegi bat da. Gure egitekoa da: osasun publikoko gai bat da, eta lotura du giza eskubideekin ere.

Zer egiten duzue indarkeria kasu bat detektatzen duzuenean edo susmoa pizten zaizuenean? Uste da salaketa jarri behar dela ofizioz, baina ez da beti hala, ezta?

DIAZ: Gidak atal bat du propio horri buruz, eta hainbat printzipio etiko jasotzen ditu: besteak beste, emakumearen autonomia errespetatzea. Izan ere, andreak ez dira adingabeak, baizik eta autonomoak: ez badute salaketarik jarri nahi, eta guk ez baditugu arriskuan ikusten, beren erritmoa errespetatu behar dugu. Baina horretarako dago historia klinikoa: hor jaso behar dugu susmoa dugula, edo zerbait kontatu digula; erregistratuta geratuko da, eta balioa edukiko du auzitara jotzen badu, adibidez. Baina emakumeek euren kabuz hartu behar dituzte erabakiak; eta kontuan izan behar dugu erabaki batzuek arrisku handiagoa ekar dezaketela.

ELORTEGI: Erasotzailearengandik banatzen direnekoa puntu kritiko bat da: hilketa asko gertatzen dira hor. Horregatik, segurtasun plan bat nola egin ere azaltzen da gidan: egun batean emakumeak etxetik korrika alde egin beharko balu, nola prestatu, eskura zer eduki, babesa non bilatu... Funtsean, emakumeak sentitu behar du berak hartu behar dituela erabakiak, baina sare bat duela inguruan, babesten eta laguntzen: esku bat, ez bultzatzeko, baizik eta sostengatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.