Indarkeria matxistako salaketak erdira jaitsi dira konfinamendua hasi zenetik

Emakundek hainbat hipotesi ditu salaketen jaitsiera azaltzeko: erasotzailea biktimarekin ez bizitzea, kontrol soziala handiagoa izatea eta salatzeko zailtasunak eta beldurra. Nabarmendu du oraindik goiz dela «balorazio sakonak» egiteko.

Hilketa matxista baten aurkako kazerolada, Pasaian, konfinamedu egun batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko martxoaren 26a
12:02
Entzun

Emakundek jakinarazi du indarkeria matxistako salaketak erdira jaitsi direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan konfinamendu egunetan, aurreko bi urteetako datuekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dizkie datuak, biktimentzako zerbitzuetan inplikatutako erakundeen artean atzo egindako bileran. Indarkeria matxistako salaketek gainerako atestatuen antzeko bilakaera izan dute. Gainera, ziurtatu dute oraindik denbora gehiago behar dela «balorazio sendoak» egiteko eta bilakaera ikusteko.

Jaitsiera arrazoitzeko, hainbat hipotesi dauzkate dagoeneko. Batetik, erasotzailearekin bizi diren emakumeen kasuan, salaketa jartzeko zailtasunak eta beldurra daude. Horrekin batera, kontuan hartzekoa da bizilagunak 24 orduan etxean daudela jakitea baliagarria izan daitekeela disuasiorako. Bestetik, emakume askoren kasuan, erasotzailea etxe berean bizi ez den bikotekide ohia da; beraz, bakoitza bere etxean dago konfinatuta.

Gizarte Politiken Sailak, berriz, jakinarazi du mantendu egin dela 24 orduko telefono zerbitzuek jasotzen dituzten deien kopurua. Hala ere, arrazoiak aldatu direla nabaritu dute. Izan ere, igo egin dira berehalako beharrei buruzkoak eta bisiten eta zaintzen ingurukoak ere, eta jaitsi informazioa soilik eskatzekoak.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «funtsezkoa» da gizarteak emakumeenganako indarkeriaren aurrean duen «zaintza aktiboa» mantentzea. «Sentitu behar dute ez daudela bakarrik, eta laguntzeko prest gaudela seinale txikienaren aurrean». Ziurtatu du Emakunde ere Jaurlaritzako sailekin, aldundiekin eta udalekin koordinatuta ari dela lanean, eta biktimen elkarteekin harremanetan dagoela, «arriskuan egon daitezkeen emakumeei ahalik eta erantzunik onena emateko». «Egun hauetan aparteko premiarik identifikatu ez den arren, prest daude neurri osagarriak, beharrezkoak izanez gero». Landaidak erantsi du, bildutako informazioaren arabera, aldundiek ematen dituzten zerbitzuak eta baliabideak alertaren eskakizunetara egokitu direla, baina oraingoz ez dutela «muturreko egoerarik antzeman, ezta aparteko eskaerarik ere».

Era berean, azpimarratu du konfinamendu garaian indartu egin duela, Eusko Jaurlaritzarekin batera, biktima, senide eta profesionalentzat den eta 24 orduan zerbitzua ematen duen telefonoari buruzko informazioaren hedapena, baita 112 telefono zenbakiari buruzkoa ere, larrialdi kasuetarako. Gogorarazi du azken horrek aplikazio bat ere baduela, entzuteko eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitua, eta geolokalizaziorako modua ematen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.