Urtarriletik martxora 1.821 salaketa ipini dira Hego Euskal Herrian, indarkeria matxistarekin lotuta. Autonomia erkidegoka eman ditu datuak Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Genero Indarkeriaren Behatokiak. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, osotara, 1.376 salaketa zenbatu dira, eta, Nafarroan, 445. Hego Euskal Herrian, bada, iazko hiruhileko berean baino %2 gehiago izan dira: 1.783 izan ziren —1.333, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 450, Nafarroan—.
Behatokiak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 10.000 emakumetik 12,18 dira indarkeria matxistaren biktima; Nafarroan, 13,5. Ez dago aldaketa handirik iazko ratioekin alderatuz.