Hainbat eragileri kezka sortu die indarkeria matxistaren biktimentzako harrera zentroaren kontratazio agiri berriak, Arabako Foru Aldundiak argitaratutakoak. ESK sindikatuak joan den astean salatu zuen aldundiak zerbitzu horren aurrekontua eta langile kopurua murriztuko zituela, eta gaur protesta egin dute aldundiaren parean. Izan ere, Gorka Urtaran Gizarte Politiketarako diputatuak gaiaren inguruko azalpenak eman ditu Batzar Nagusietan. Hogei bat eragilek babestuta, elkarretaratze jendetsua egin dute Gasteizko Probintzia plazan; besteak beste, ESK, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gerraren Aurkako Plataforma eta Arabako Pentsionistak izan dira protestan.
Salatu dutenez, aldundiak maiatzaren 31n argitaratu zuen ebazpenak zera eragingo du, indarkeria matxistaren biktimen arreta zentroaren aurrekontua %30 apaltzea eta zazpi langile kaleratzea. ESK-k salatu du baldintza horietan zerbitzua «erabat prekarizatuta» eta kalitatezko laguntza emateko «aukerarik gabe» geldituko litzakeela. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen menpeko Xilema fundazioak kudeatzen du arreta zentroa. Ekainaren 5ean, sindikatuak Urtaran diputatuari bilera bat egitea eskatu zion, «egindako zentzugabekeria azaltzeko».
Aldundiak ez dio erantzun oraindik bilera eskaerari, eta, diputatuarekin hitz egitea ezinezkoa izan zaionez, ESK-k helegite bat aurkeztu du «kontratazio agiria bertan behera uzteko eta hura baliogabetzeko». Helegitea aztertu bitartean, Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Foru Administrazioak lizitazioa eten du, eta, ondorioz, ESK-k foru aldundiari eskatu dio arreta zentroko langile guztien enplegua «behar bezala» bermatzeko: «Ez da aurrekontu arazoa, borondate politiko falta baizik».
Urtaranek ukatu egin du
Gizarte Ongizaterako diputatuak osoko bilkuran adierazi du indarkeria matxistaren biktimen harrera zentroak ez duela murrizketarik izango. Horrez gain, Urtaranek nabarmendu du diputazioak azken bi urteetan %71 areagotu duela indarkeria matxistaren aurkako aurrekontua, eta, adierazi duenez, zerbitzua ez dutenez murriztuko, mobilizazioak ez daude justifikatuta. Aurrekontu jaitsierak eta lantaldearen kaleratzeak izan dituen ondorioez ohartarazi du EH Bilduk: «Horrek guztiak inpaktu zuzena dauka muturreko zaurgarritasun egoeran dauden emakume eta adingabeengan», adierazi du June Mugika batzarkideak.