Pastor
Darwin eta gu

Indarkeria obstetrikoa neurrira

2026ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hutsaren hurrengoa. Horixe dugu amaren abizena lehena duten umeen portzentajea Espainian: %6. Datua Henar Alvarez umoregileak hedatu zuen igandean La 2 telebista katean, Al cielo con ella saioan. Hau da, haurren %94k (ustezko) aitaren abizena dute izenaren ondo-ondoan. Benetako amaren deitura %6k baino ez. Lepoa egingo nuke eta ez nuke galduko: Euskal Herriko datuak ez dira oso desberdinak izango.

Gizonek, pribilegioa; emakumeek, meritua. Izan ere, Alvarezek esan zuenez, andrazkoak bederatzi hilabetez darama fetua sabelean, aldaketak eta arriskuak izaten ditu gorputzean eta osasunean. Eta gero, umea jaio eta aitak ipini sinadura: deitura. Aurkezleak horri buelta emateko ideia bat azaldu zuen, txantxetan-edo: biberoi bat oparitzea jaioberriak amaren abizena lehen tokian izatea onartuko luketen gurasoei.

Biberoiarekin edo biberoi barik, argi dago: gurean ere abizenak ordena tradizionalean ageri zaizkigu normalean. Gaia aipatu eta hauxe erantzuna: orain zilegi da amaren deitura lehena izatea. Bai, eta? Hiru arrazoi entzungo ditugu amaren abizena ez ipintzea justifikatzeko: 1) aitona —umearen aitaren aita, alegia; amek ez dute aitona-amonarik— haserretu egingo da bere abizena bigarren tokian ipiniz gero. 2) abizena galdu egingo da. Hain seguru dago hori dioen gizona bera dela mundu osoan halako deitura duen pertsona bakarra? Hala balitz, Guinness liburuan behar luke, baina ez da hala. Gainera, abizen hori soil-soilik gizonezkoek dute lehena? Ez. Beraz, hura zerrendako lehena duten amek izango dute hemendik aurrera ditxosozko deitura galtzen ez uzteko ardura. 3) oso abizen arraroa da aitarena. Aitaren deitura Etxeberria denean eta haurrarena Parraverde, orduantxe hasiko naiz argudio hori sinesten.

Ez al da garaia beraien deitura ezartzeko pribilegioari uko egin nahi ez dioten jaun txit ohoragarriak lotsagorritzen hasteko?

Oso progreak gara denok, baina statu quo-ari eusten diogu. Orain edozertarako bi abizenak ipintzeko joera nagusitu zaigu. Ia-ia inposatu, esango nuke. Laster kioskoan egunkaria erosteko ere eskatuko dizkigute. Ekintza testimoniala da, gehien-gehienetan amaren abizenak bigarrena izaten segitzen baitu. «Betoz Markel Iturriagagabikagogeaskoa Omaetxabarriagangoitiabeitia eta Inhar Magunazelaiauribarrenbengoa Etxebestebeherekoetxeaibarguren!». Hortxe gure gai-jartzailea ito beharrean, bertso saio batean barik Everest oxigeno gabe igotzen egongo balitz bezala. Gero, oholtzatik jaitsi eta elkarri Itu eta Magu deitzeko, ez Oma eta Etxe. Zergatik ez esan bertsolariaren amaren abizena bakarrik? Behin aldarrikatzen hasita, hori baino jarrera apurtzaileagorik...

Itxurakeriatik harago joango gara inoiz? Neskak zientzialariak izateko ekimenak bultzatzen ari gara. Ez litzateke hori bezain logikoa izango gure erakundeek amaren abizena lehena ipintzearen aldeko kanpainak egitea? Nonahi: hedabideetan, garraio publikoan, ikastetxeetan, osasun zentroetan, eraikinetan... Umeari aitaren abizena lehena jartzea zapalkuntza indartzea da. Ez al da garaia beraien deitura ezartzeko pribilegioari uko egin nahi ez dioten jaun txit ohoragarriak lotsagorritzen hasteko?

Horrela aurrera egiterik izango ez balitz, zorrotzago jokatu. Nola? Fedez ez bada, legez. Zenbait lekutan, kutsadura atmosferikoari aurre egiteko, egun bakoitietan auto jakin batzuei baizik ez zaie haizu ibiltzea. Egun bikoitietan, beste batzuei. Kutsadura matxistaren aurka berdin egin liteke: hilaren 1etik 15era jaiotako umeei aitaren abizena ipini lehena; beste haur guztiei, aldiz, amarena. Arazoa konponduta.

Edo ez. Izan ere, indarkeria obstetrikoak gora egingo ote lukeen susmoa daukat: zenbait gizonek presioak egingo lituzkete umeak beraien abizenak jartzeko egunetan jaiotzeko. Erditzeak aurreikusitako egunean baino lehenago edo beranduago izateko. Artifizialki. Horrela beraien abizenak jarriko lizkiekete auzitegian. Gero, ume-kotxeari helduta harro-harro paseatzeko: oso itxura ona emango luketelako eta, batez ere, haurraren lehen abizena aitatxorena izango litzatekeelako. Ezta, Itu? Ezta, Magu?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA