2024an hogei urte bete ziren genero indarkeriaren Espainiako legea onartu zenetik, eta urteurrena arauaren garapenaz hausnartzeko baliatu zuten NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat ikerlarik. Proiektu zabalago baten barruan, Nafarroan legea nola ezarri den aztertu dute, emakumeak artatzen dituzten abokatuekin eta arreta psikosozialeko langileekin hitz eginda. Talde horretako kide da Patricia Amigot (Iruñea, 1970) psikologia sozialean doktorea. Ikerketa «enpiriko eta kualitatiboa» osatu dutela nabarmendu du.
Genero indarkeriaren aurkako legea kritika iturri izaten da hainbat arrazoirengatik, baina paradigma aldaketa bat ere ekarri zuen. Lagundu al du bortizkeria horren inguruko ikuskera aldatzen?
Nire ustez, oso lege garrantzitsua izan zen, aitzindaria, eta inpaktu handia izan zuen bikote heterosexualetako genero indarkeriako egoerak artatzeko moduan: politika publikoetatik abiatuz tratu txarren aurkako erantzuna artikulatzeak aldaketa handiak ekarri zituen. Arazo sozial gisara ere ikusten ez zen auzi bat definitu zuen legeak, egiturazko arazo moduan kokatu zuen, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen eta botere harremanen ondorio zela zehaztu, eta ardura hartze instituzional eta publiko bat ezarri. Mobilizazio feministek lagunduta, eragin handia izan du iruditeria sozialean: lehen, bortizkeria kontu indibidual eta intimo gisa ikusten zen, eta genero ikuspegiak arazo sozial baten dimentsioa eman zion; eta, aldi berean, erantzun integral bat emateko borondatea artikulatu zuen, nahiz eta eremu batzuetan ez den hainbeste garatu. Dena den, badu hutsune bat: genero indarkeriaren definizioa mugatu zuen, bikotekideak edo bikotekide ohiak egindakoa bakarrik barne hartu, eta horrek ekarri du genero sistematik eratorritako beste indarkeria batzuk ahaztea, eta gerora jorratzea, hala nola bortizkeria sexualak.
Hainbat hutsune antzeman dituzue legearen ezarpenean. Aipatu duzue, adibidez, zeharkakotasuna falta dela neurrietan, eta koordinazioa lantaldeen artean. Zehazki zertan ikusi dituzue gabezia horiek?
Legeak jarraibide batzuk eman zituen erantzun integrala, koordinatua eta espezializatua emateko; beraz, profesionalen formakuntzaz eta zerbitzuen koordinazioaz ere mintzatu zen. Hogei urtean hainbat baliabide eratu dira, baina oraindik ez daude ondo koordinatuta eta dimentsionatuta. Ez dago langile nahikorik: indarkeriaren inguruko kontzientzia soziala handitu ahala, bortizkeriak detektatzeko gaitasuna ere handitu da, eta, ondorioz, nabarmen areagotu dira arreta eskaerak eta premiak, baina baliabideak ez dira errealitate horretara egokitu. Beraz, indarkerian espezializatutako profesionalek kontatzen dute gainezka daudela, itxaron-zerrenda ere badutela indarkeria pairatzen ari diren andreak artatzeko; edota arreta psikologikoa denboran mugatzeko irizpideak ezartzen zaizkiela, nahiz eta termino klinikoetan ez den egokia, kasu bakoitzari bere denbora eman behar baitzaio.
«Indarkeriaren inguruko kontzientzia handitu ahala, bortizkeriak detektatzeko gaitasuna ere handitu da, eta, ondorioz, nabarmen areagotu dira arreta premiak, baina baliabideak ez dira errealitate horretara egokitu»
Ba al dago baliabide publiko nahikorik laguntza psikologikoa behar duten emakume guztiei arreta hori emateko?
Oso profesional onak daude zerbitzu espezializatuetan, oso lan ona egiten dute, baina ez dira iristen. Horregatik diogu berriz dimentsionatu behar direla arreta zerbitzuak. Eta harrera zerbitzuak ere berriz pentsatu behar dira, ikuspegi intersekzionaletik erantzun integralago bat eman dezaten. Izan ere, biktima batzuek ez daukate baliabiderik, edo gizarte bazterketako egoeran daude, ez dute sare sozialik migrazio prozesu baten ondorioz, edo ez dira hemengo hizkuntzen jabe... eta profesionalek maiz ez daukate egoera horiek guztiak kudeatzeko baliabiderik, ez daukate modurik prozesu bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko.
Aurrekontu arazo bat da?
Bai. Zorionez, berdintasuna eta indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa diskurtso politikoetara pasatu dira, baina horrek ez du ekarri kontzientzia nahikoa izatea diskurtso hori aplikatzeak eskatzen dituen baliabideen inguruan. Eta egiaz arazo larritzat hartzen badute, aurrekontuetan islatu behar da.
Profesionalen formakuntzan ere gabeziak antzeman dituzue. Zertan, zehazki?
Profesional batzuek trebakuntza handia dute eta genero ikuspegitik abiatuz lan egiten dute, baina euren bizipenen bidez antzeman dugu indarkeria egoeretan esku hartzen duten zerbitzu edo alor batzuetan formakuntza oso irregularra eta defizitarioa dela. Izan ere, batzuek uste dute beren eremuan espezializatzea dela formakuntza, eta ez du ulertzen trebakuntza horrek berekin ekarri behar duela indarkeriari buruzko begirada aldatzea, estereotipoen marko patriarkaletik kanpo kokatzea; eta horrek esan nahi du ez dela nahikoa lau tresna erabiltzen ikastea edo lege baten ezagutza teknikoa eguneratzea, baizik eta lan askoz sakonago bat egin behar dela, ikuspegi feminista bat barneratzeko. Eta hori egiteko erresistentziak ere topatu ditugu.
«Eremu judizialean trebakuntza falta da. Baita indarkeria jasaten duten emakumeak artatzeko ofiziozko abokatuen txandan ere»
Eremuren batean bereziki?
Arreta psikosozialeko profesionalek eremu judizialean sumatu dute trebakuntza falta, eragile juridikoen artean. Baita indarkeria jasaten duten emakumeak artatzeko ofiziozko abokatuen txandan ere: formakuntza txiki bat baino ez zaie ematen, eta hiru orduko ikastaro batean ez dago astirik aurrez daramaten marko inkontzientea auzitan jartzeko. Hartara, abokatu batzuek oraindik ez dakite legez haurrak genero indarkeriaren zuzeneko biktimak direla baldin eta gizon batek haien amaren aurka indarkeria erabiltzen badu, bortizkeria umeen kontra erabili ala ez; beti dira biktima, hor egoteagatik, eta beraz, babestu egin behar dira, eta haiekin esku hartzeko estrategiak bilatu. Baina egoera askotan oso agerikoa da eremu judizialeko eragile batzuek aurreiritzi asko dituztela biktimen zein tratu txarren emaileen inguruan. Parte sinboliko horretan, indarkeriaren eta haren sustrai patriarkalen ulerkeran lan asko dago egiteko.
Indarkeriaren dinamikek nola funtzionatzen duten ulertzeko?
Bai. Adibidez, badakigu bikote harreman batean indarkeria jasaten duten emakume gehienek ez dutela salaketarik jartzen; bortxatik ateratzeko nahiago izaten dute bikotekidearengandik banatu, baina banaketa prozesuan indarkeria areagotu egiten da maiz, tartean bortizkeria bikario edota ekonomiko bihurtzen da, eta orduan jartzen dute salaketa. Bada, banatzeko garaian salaketa jartzeak sinesgarritasuna kentzen die biktimei, epaile batzuek adierazten dutenez. Erreplikatu egiten da biktimari sinesgarritasuna kentzeko joera patriarkal hori. Hortaz, formakuntzaz ari garenean, ez gara ari ezagutza teknikoez, baizik eta trebakuntza integralago batez, joera eta aurreiritzi horiek desmuntatuko dituen batez.
«Biktimen eta erasotzaileen inguruko estereotipo asko dauden bezalaxe, ama eta aita onen inguruko estereotipo asko ere badaude: oso gutxi behar da emakume bat ama txarra izateko, eta gizon bat aita ona izateko»
Aspaldikoa da justizia patriarkalaren inguruko kezka. Bereziki konplexua al da eremu judiziala?
Bai. Epaileek objektibotasun eta neutraltasun posizio batean ikusten dute beren burua, eta ez dute onartzen eurak ere baldintzatuta daudela, generoak, klaseak eta beste hainbat auzik gurutzatutako molde batetik begiratzen diotela munduari. Eta hala, legeak agintzen dituen gauza batzuk ez dira betetzen ari. Adibidez: legeak dio genero indarkeriarekin lotutako prozesu judizialetan salbuespenezkoa izan behar duela akusatuen eta adingabeen arteko bisita erregimenekin jarraitzeak, baina errealitatean ohikoa da bisitei eustea, eta salbuespenezkoa da etetea. Eta hori legegilearen borondatearen aurkakoa da.
2015ean legea aldatu zuten, genero indarkeria jasaten duten andreen seme-alabak biktima gisa hartzeko, baina, aipatu duzunez, ez da beti betetzen. Pater familias figura indartsuegia da oraindik?
Oso errotuta dago. 2015eko lege aldaketaz gain, haurrak eta nerabeak babesteko hainbat neurri hartu dira beste lege batzuetan, adingabearen interes gorena aitarekin egotea dela dioen ustea higatzeko. Izan ere, ume batentzat ez da ona babesik gabeko harreman bat edukitzea indarkeria erabiltzen ari den gizon batekin. Baina batzuetan alde handia dago arauak dioenaren eta araua aplikatu behar duten zerbitzuen funtzionamenduaren artean. Eta profesionalek argi diote amak eta haurrak asko sufritzen ari direla egoera horietan, adingabeen bidez emakumeen aurkako indarkeria bikarioa egiten dutelako gizonek.
Baina non daude oztopoak zehazki?
Biktimen eta erasotzaileen inguruko estereotipo askok indarrean dirauten bezalaxe, ama eta aita onen inguruko estereotipo asko ere badaude, eta oso agerikoa da adingabeak artatzen diren eremuetan: oso gutxi behar da emakume bat ama txarra izateko, eta oso gutxi behar da gizon bat aita ona izateko. Eta hala, amek oso erraz galtzen dute ospe ona, aitak oso atseginak direlako, eta, beraz, interpretatzen da emakumeak esajeratuak direla, gatazka bat daukatela... Izan ere, tratu txarrak ematen dituzten gizonak ez dira munstroak; oro har, gizarteratuta daude, jendaurrean ez dira bortitzak izaten, ondo kontrolatzen dute euren irudia... eta emakume bat birrintzen ari direnean, logikoa da emakumea haserretzea, adibidez. Baina formakuntza falta denean, ezin da ondo ulertu indarkeria hau botere harremanen ondorio dela, eta nagusitasun molde jakin batzuk daudela atzean: ez badakizu nola agertzen den nagusitasun hori, interpretatu dezakezu harreman gatazkatsua dela, edo toxikoa, ez baituzu ikusten emakumeak beren burua defendatzen ari direla.
«Orain gutxira arte, aitak amari tratu txarrak ematen zizkion abagune batean, umea lekuko soil baten gisara hartzen zen. Bortizkeria salaketetan oso gutxi agertzen dira umeak, eta babes aginduetan are gutxiago»
Ikerketaren ondorio nagusietako bat izan da umeen ikuspegia falta dela legearen ezarpenean. Zertan datza?
Genero indarkeriaren alorrean, marko bat izan dugu orain gutxira arte: aitak edo amaren gizonezko bikotekideak amari tratu txarrak ematen zizkion abagune batean, umea lekuko soil baten gisara hartzen zen; haurrak des-subjektibatu ditugu, subjektuak ez balira bezala, kalte hori biziko ez balute bezala. Bortizkeria salaketetan oso gutxi agertzen dira umeak, eta babes aginduetan are gutxiago; hau da, ama babesteko agintzen da, baina ez umea, eta hori emakumeen aurkako tratu txarrak iraunarazteko modu bat da, umeei ere tratu txarrak emanez. Izan ere, indarkeria zuzenean haurren aurkako irain edo jipoi bat ez denean ere, kalte horrek modu askotara eragiten die: garapenean babesa behar dute umeek. Haurren ikuspegiaren falta, neurri batean, genero indarkeriak adingabeei eragiten dien min hori ez ikustean datza, esku hartzeen erdigunean ez jartzean edo jarduna haien garapenera ez egokitzean, haien hitzak eta bizipenak ez entzutean.
Egia da genero indarkeriaz aritzean ez dela ia aipatzen haurren arreta...
Ez, eta bortxa jasaten duten emakumeak artatzeko baliabideetan ere falta da ikuspegi hori: umeak kontuan hartu gabe diseinatu dira, eta ez daude egokituta haien ezaugarrietara eta beharretara, ez dago profesionalik haurrak artatzeko edo, adibidez, eskolaratzea kudeatzeko... Harrera baliabideetara doazen andreen %70 seme-alabekin doaz; beraz, emakume asko eta ume asko bizi dira elkarrekin leku berean, eta hori oso konplexua da.