EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak “indarrak pilatzera” deitu du, konponbide prozesua elikatzen jarraitzeko eta hura “azken bururaino” eramateko. Agiri batean, EIPK-k berretsi egin du ekainaren 15ean Miarritzen eginiko ekitaldian esandakoa: prozesua bultzatzeko konpromisoa agertu du, eta horretan “buru-belarri” ari dela azpimarratu, “munduan zehar barreiatuta dauden lagunekin loturak estutzen, nazioarteko eragileei hemengo egoeraren berri emanez eta euskal jendarte zein eragileekin harremanak trinkotzen”.
Iheslarien kolektiboak, baina, gogor kritikatu du Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera. Aldebiko prozesurik garatu nahi ez, eta, gainera, prozesua “lokaztu” nahi izatea leporatu die. Besteak beste, salatu du iheslarien aurkako “salbuespen neurriak” bertan behera utzi beharrean nazioartean “presioa handitzen” ari direla eta euroaginduaren moduko mekanismoekin “jazarpenari” eusten diotela. Kolektiboak adibide moduan jarri ditu irailaren 20an Venezuelan atxilotu zuten Asier Guridiren kasua, ostiralean Frantziatik Espainiara estraditatu zuten Patxi Segurolarena eta Miarritzeko ekitaldiaren biharamunean kolektiboaren bozeramaile Jokin Aranalderen aurkako euroaginduaren onarpena. “Prozesua azken bururaino eramateko indarra pilatu nahi dugulako, errepresioa dugu ordaina”, salatu du kolektiboak.
Egoerari buelta emateko, EIPK-k uste du beharrezkoa dela herritarren “aktibazioa” eta nazioarteko komunitatearen ekarpena. Kolektiboak, bere aldetik, urrats gehiago iragarri ditu. “Etorkizuna modu partekatuan eraiki nahi dugu, iraganeko egia osoa ezagututa eta jendarte berri batentzat baldintza eta oinarri demokratikoak jarrita. Guk ariketa horretan parte hartzeko prestutasun osoa dugu”.