Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Idurre Eskisabel Larrañaga: «Indarraldirako bidea: horixe ari gara proposatzen orain»

Batuz Aldatu prozesuko lankidetza giroaren uberan nahi du Eskisabelek hemendik aurrera ere Kontseilua, askotarikoen arteko solaskide. Euskaltzaleei begira, abaroa ematea da helburua; abenduaren 27an horretarako ekitaldi jendetsu bat egingo dute, Bilbon.

Idurre Eskisabel, Batuz Aldatu ituna esku artean hartuta. GORKA RUBIO / FOKU
Idurre Eskisabel, Batuz Aldatu ituna esku artean hartuta. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak (Beasain, Gipuzkoa, 1970) esku artean ekarri du «eskaintza», Batuz Aldatu prozesuaren bidez 113 eragilek euskararen biziberritzean «jauzi bat» egiteko zenbait gako bilduta plazaratu berri duten ituna. Bi oinarri nagusi ditu: euskararen ezagutza unibertsalizatzeko bideak ezartzea, eta euskara eroso erabiltzeko espazioak irabazteko oinarriak ere jartzea. Hizpide izan du, halaber, propio euskaltzaletasuna suspertze aldera Kontseiluak abian duen dinamika, hementxe baita; lehen ekitaldi jendetsua abenduaren 27an izango da, Bilbon. Elkarrizketan, airean, euskararen atzeraldiaren gaineko zantzuak eta datuak egon dira. Euskara «larrialdian» dagoela esana du Kontseiluak ere. Uste du ez dela beldurrik izan behar errealitatea bere gordinean deskribatzeko. «Euskalgintzan bertan itsatsita dagoen uste bat da mezu positiboak behar direla euskararen biziberritzean aurrera egiteko, bestela jendea uxatu egiten dugulako». Zalantzagarria iruditzen zaio hori. «Benetan euskara larrialdian dagoela eta indarraldi bat behar duela esatea mezu negatiboa da? Euskara lan diskriminazioarekin lotzea, segregazioarekin lotzea, inposizioarekin lotzea. Ez al dira horiek mezu negatiboak?». 

Batuz Aldatu. Plazan da ituna, lau urtean egindako lan mardularen emaitza. Zer harrera ari da izaten?

Guk jaso duguna oso onerakoa da. Eragileek denbora behar dute ondo aztertzeko, baina, dudarik gabe, lehen harrera oso ona izan da, eta, bereziki, prozesua bera eskertu digute. Hor badago berritasun bat: guk ez dugu mundua asmatu, aspalditik dago asmatuta, baina dokumentura iristeko bidea bera izan da berritasuna: elkarrizketa prozesu baten emaitza dago jasota hemen. Elkarrizketa asko eta luzeen bidez egin da. 

Testuaren zer ezaugarritan edo ñabarduratan igartzen da, bereziki, askotariko eragileen arteko elkarrizketaren emaitza dela?

Badago diferentzia bat honen guztiaren aurrekaria izan zen akordioaren eta honen artean. Aurreko akordio sozial hartan, hizkuntza politiketan jartzen zen arreta, baina hizkuntza politikak ulertuta erakundeek eta gobernuek politika publikoetan duten eskumen gisa. Prozesu honetan, ordea, hainbat eragilek esan dute: «Bai, bai, egia da: arlo honetan botere publikoek badute eginkizun berezi bat, ardura berezi bat. Baina esaten badugu hau aldaketa soziala dela, eta gu eragiletza sozialean ari bagara, zabaldu dezagun begirada, zabaldu ditzagun eragin eremuak». Horren ondorioz, geruzatze bat egin da proposamenean, eta hizkuntza politikak praktikatzeko bideak proposatzeko garaian. Beraz, badago proposamen bat eta interpelazio bat gobernuei, instituzioei, indar politikoei egina; baina badaude interpelazioak, era berean, eragile ekonomikoei, eragiletza sozialean ari direnei, eragile kultural eta akademikoei eta, azken buruan, herritarrei eurei eginak. 

Dokumentua kalean dago. Zein da hurrengo zeregina?

Aipatu genuen aurkeztu genuenean: ez dugu bukatutzat ematen Batuz Aldatu dinamika, inondik inora ere. Martxan dagoen prozesu bat da. Guretzat oso-oso emankorra izan da elkarrizketa bide hau. Apustu bat ere izan da. Elkarrizketa Aitziber Blanco Goikoetxeak bideratu du; bizikidetza gaietatik dator, bizikidetza eremuan jardun du orain arte, eta ez da kasualitatea izan guk aukera hori egitea. Izan ere, ulertzen dugu euskararen normalizazioaz ari garenean hizkuntza baten eta hiztun komunitate baten etorkizun bermeaz ari garela, kasu honetan minorizatutako hizkuntza baten eta hiztun komunitate baten etorkizun bermeaz. Baina bizikidetzaz ere ari gara. Hizkuntzen auziaz ari garenean, gurea bezalako gizarte batean, bizikidetzaz ari gara, eta begirada hori ekartzea ere garrantzitsua izan da. Nola egingo dugun aurrera? Hemendik aurrera begirako proposamena? Batetik, oinarri soziala zabalduz joatea.

«Orain arte lortutako oinarria ez da makala; proposamen gutxiren inguruan dago Batuz Aldatu prozesuan dagoen askotarikotasuna eta zeharkakotasuna, baina gehiago nahi dugu»
Alegia, itun honen inguruko babesa trinkotzea.

Hori da gure helburua eta gure nahia. Egia da orain arte lortutako oinarria ere ez dela makala; proposamen gutxiren inguruan dago Batuz Aldatu prozesuan dagoen askotarikotasuna eta zeharkakotasuna, baina gehiago nahi dugu. Eta proposamen zehatzetan, nahiko genuke 2026 hasieran, udaberri parte horretan, bi elkarrizketa foro sortzea berariaz Batuz Aldaturen begiradarekin, baina eremu jakin batzuetan. Bi eremu ditugu begiz joak lehentasun handikotzat. Alde batetik, eremu ekonomikoa. Askotan esaten dugu lan eremua dela giltzetako bat euskara normalizatu eta biziberritzeko; nolabait ere, geure burua heldutzat daukagun herritarren gehiengoak gure bizitzaren zati handi bat eremu horretan ematen dugu, guztiok zeharkatzen gaitu. Baina askotan, hori dakigun arren, hor eragiteko zailtasun handiak ditugu. Orduan, gure proposamena hori da, Batuz Aldatu dinamikako talde eragileko kideek hitz egin duten bezala, hizketan jartzea arlo horretako eragileak ere, ezberdinak izan arren. Izan ere, testuinguru bat emanda, gauzak hobeto ulertzen dira, eta posible dira bestela ezinezkoak diren elkarrizketa batzuk. 

Foroetako bat, beraz, eremu ekonomikoko eragileekin litzateke. Baina bi foro abiarazi nahi dituzuela esan duzu. Bestea nora begirakoa jarri duzue?

Eremu politikoko eragileei begirakoa. Ez alderdiak bakarrik: orokorrean indar politikoen munduan abiarazi nahi dugu, iruditzen baitzaigu hor ere ohiko guneetatik kanpo aukera bat zabal daitekeela beste era batera elkarrizketa bideratzeko. Ea emaitzak bestelakoak izan daitezkeen eta aurrera begirako minimo batzuk ezar daitezkeen. 

(ID_15369681) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-09-30, Andoain. Idurre Eskisabel, Kontseilua
Idurre Eskisabel, azalpenak ematen. GORKA RUBIO / FOKU
Gogoeta gehiago badira martxan euskararen biziberritzea nola suspertu daitekeen irudikatzen saiatzeko. Euskaltzaindiak sustatuta, adibidez, abian da Euskararen Gogoetagunea. Eusko Jaurlaritzak berak adierazia du «jauzia» egiteko asmoa. Zer sinergia topa daitezke hor?

Guk uste dugu oso garrantzitsua dela sinergia horiek gertatzea. Hain justu, Batuz Aldatu bera sinergiarako ariketa bat da, bokazio horrekin jaio zen 2020an, gogoeta horretatik. Eta momentu honetan guk badaukagu proposamena landuta. Guk garbi daukagu jauzia paradigma aldaketa bat dela. Euskararen aldeko hizkuntza politika sendoenak egiteko aukera dugun autonomia erkidegoan ere, azken finean, nori zuzendutako hizkuntza politika egiten da? Euskaldunoi eskubide batzuk aitortzen zaizkigu, eta horiek bermatzera bideratuta dauden politikak publikoak egiten dira. Baina bada momentua helburuetan eta jomugan jartzeko herritar guztiok euskaraz jakingo dugun gizarte bat. Ez bi komunitateri aitortza egitea, baizik eta etorkizunean joatea denok euskararen jabe izango garen egoera batera...

«Oso sinetsita gaude: etorkizuneko bidea hori da, ezagutzaren unibertsalizazioa. Gainera, gauzagarria da»

Ezagutzaren unibertsalizazioaz ari zara. Helburu horren inguruan lor daiteke adostasuna?

Esploratu beharko dugu hori. Gu prest gaude hitz egiteko, baita entzuteko ere. Baina oso sinetsita gaude: etorkizuneko bidea hori da, ezagutzaren unibertsalizazioa. Gainera, gauzagarria da. Baina, hitz egin dezagun, entzun dezagun. 

Abenduaren 27an euskaltzaleak ekitaldi batean batzeko deia egina duzue. Zergatik da garrantzitsua euskaltzaleei begirako keinuak egitea orain?

Guk larrialdi linguistikoan gaudela esan genuen. Batzuetan norberaren egoeraz jabetzea eta hori aitortzea da lehen urratsa sendabidea abiatzeko. Horregatik esan genuen larrialdi linguistikoarekin batera indarraldirako bidea abiatu nahi genuela. Horixe da orain proposatzen ari garena: eraman dezagun indarraldi hori aurrera guztion artean, zeren eta guztion premia izango du indarraldi horrek. Batuz Aldaturekin lotuko dut, logika bera delako; lehen aipatu dudan geruzatze horretan, herritarrei dei bat egiten zaie. Eta herritarrei egiten zaien interpelazio horretan esaten da euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion egitekoa dela, gizarte osoarena, eta, gainera, bi eratara. Batetik, erantzukizun zibikoari lotuta, ulertuta euskararen normalizazioa eta biziberritzea oso estuki dagoela lotuta bizikidetzarekin, justizia sozialarekin, gizarte kohesioarekin. Baina ulertzen dugu, era berean, badagoela beste herritar multzo bat euskaltzaletasunean kokatzen dena. Euskaltzaletasuna, eta ez dadila gaizki ulertu, posizio politiko gisara ulertuta. Eta politika diodanean ez naiz ari inolako alderdirekin lotzen, inola ere ez; hizkuntza auziari buruzko ikuspegi bati buruz ari naiz, posizio bati buruz. Euskaltzaletasuna da, neurri handi batean, honaino ekarri gaituena; neurri handi batean ez, neurri handienean honaino ekarri gaituena, belaunaldi askotan era batera edo bestera gorpuztu den euskaltzaletasun hori.

Hainbat hamarralditan euskarak izan dituen aurrerabideak euskaltzaletasunak ekarri ditu, eta horixe elikatzen jarraitzeak berebiziko garrantzia du. Hori da?

Behar dugu elkartu, eta elkarrekin arnasa hartu... Begira, ez bakarrik Batuz Aldatuko talde eragilearekin egindako prozesuan, azken bi urteotan eragile askorekin egon gara, eta oso errekurrentea izan da: askok ekarri diguten sentsazio bat da zurztasuna: aipatzen dute euskaltzale gisara umezurtz sentitzen direla, bakarrik. Beste eremu batzuetan nolabaiteko indar kolektiboak sentitzen dituzte. Askok deskribatu dute, adibidez, feminismoarekin zer gertatu den: feminismoari esker, duela hogei urte esan ezinak ziren gauzak gaur egun esangarriak dira, eta, gainera, lagunduak sentitzen gara. Aldiz, euskaltzale gisara, euskaraz bizi nahi dugun pertsona gisara, nolako bakardadea. Asko azpimarratu izan digute eragileek: «Espazioak behar ditugu». Orduan, uste dugu halako momentuak oso inportanteak direla. Beraz, pizkunde horretarako bidean, lehen gonbidapena abenduaren 27an Miribillan, Bilbo Arenan. Euskaltzaletasuna aktibatzeko ekitaldi bat izango da, elkarrekin indarra hartzeko.

«Euskaltzale gisara, euskaraz bizi nahi dugun pertsona gisara, nolako bakardadea. Asko azpimarratu izan digute eragileek: 'Espazioak behar ditugu'»
Zer aurreratu daiteke ekitaldiari buruz?

Garbi izan dugu hasieratik euskaltzaletasuna berraktibatzeko gune bat izango dela, horretaz hitz egiteko gune bat. Baina hitz egiteko, esateko eta mezuak zabaltzeko modu asko daude. Uste dugu, gainera, hizkuntza politikez gogoetatzean gutxiegitan jartzen dela mahai gainean nolako garrantzia daukan kultura eremuak hizkuntza baten normalizazioan eta biziberritzean. Azkenean, hizkuntza batek zentzua unibertso batean hartzen du: kulturak, kulturgileek, kultur adierazpideek, hedabideek ere bai. Erreferentzialtasuna mundu horrek guztiak ematen du. Hori ere ekarri nahi dugu lehen lerrora, eta, alde horretatik, kultur unibertso horrek leku garrantzitsu bat izango du.  

Ez da abenduan bukatuko euskaltzaleak batzeko ahalegin hori. 

Ezinbestean jarraitu beharko du. Guk aurreikusten dugu, baina hori oraindik zehaztu gabe dago, 2026ko ekainean beste bilgune handi samar bat egitea.

Euskararen atzeraldiaren zantzuak gero eta argiagoak dira. Esaterako, arnasguneak galzorian daudela iragarri du 2036ra begira Siadecok egindako proiekzioak. Zer gogoetatarako eta akziotarako motibo izan behar du horrek?

Ondo ez goazelako beste seinale bat da. Era berean, nik uste dut konplexutasun askoren aurrean jartzen gaituela. Dudarik gabe, hizkuntza bat nagusi den eremuak galtzea minorizazio prozesu baten erakusgarri handienetako bat da. Nola jokatu? Oso fin ibilita. Ikusten diot honi arrisku bat, eta hori da aldaketa demografikoa eufemismoarekin hau migrazioarekin lotzea. Eta gauza bat da faktore batzuek egoera batzuetan eragitea, eta bestea kausa edo errua hor jartzea. Uste dut hor oso-oso fin ibili behar dugula. Bestalde, eta hau guztiok egin beharreko ariketa bat da, pentsatu behar da zer den euskaldun izatea 2025ean, zer izango den 2030ean, eta zer 2050ean. Zer hizkuntza praktika eskatuko dizkigun horrek, norekin arituko garen, zeintzuk izango diren geografiak. Gure seme-alabei begiratuta, adibidez, non praktikatzen da hizkuntza? Zeren eta hitz egitearena bera ere... Ahoz egiten den, gailuz egiten den, nola egiten den... Hor konplexutasun asko daude. Berriro diot, honek ez du esan nahi euskara nagusi den eremu geografikoak galtzea ez denik galera handi bat, baina irtenbidea ematerakoan uste dut hau guztia ondo pentsatu behar dugula eta ariketa oso handi bat daukagula. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.