Aberri Eguna

Independentistak sareak "joko taktikoak" utzi eta independentziarantz urratsak egitera deitu ditu alderdiak

Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari! lelopean, milaka lagun elkartu dira Iruñean. Egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaleek.

Aberri Eguneko manifestazioa, Iruñean, Independetistak sareak deituta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2015eko apirilaren 6a
13:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Independentistak sareak aurten ere Iruñea aukeratu du Aberri Eguna ospatzeko. Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari! leloarekin, milaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Aldarrikapena eta jaia uztartuz, egun osoko egitaraua prestatu dute. Manifestazio jendetsua egin dute Golem zinemetatik abiatuta.

Independentistak sareko kide Txutxi Ariznabarretak alderdiei igorri die mezua. Haren esanetan, "joko taktikoetan eta interes alderdikoietan trabatuta" daude alderdiak, "etorkizunera" begiratu beharrean. Hori dela eta, dei egin die "lehenbailehen" muga horiek gainditu eta independentziara bidean pausoak ematera: "XX. mendeko posibilismo autonomistek ez dute balio. Independentzia da alternatiba bakarra".

Besteak beste, Iruñean izan dira EH Baiko eta EH Bilduko kideak. Joan den asteazkenean aurkeztu zuten adierazpen bateratuan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko garaia dela azpimarratu eta estaturik gabeko nazioekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten. EAk, berriz, gogoratu du bere helburua "euskal estatu bateratua" lortzea dela eta aurtengoa "demokrazian sakontzeko urtea" izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.