Bilboko Aste Nagusian ere jaia eta independentziaren aldeko aldarrikapena uztartu ditu Independentistak sareak. Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo kalejira berdean. Bilboko Zazpikaleetatik abiatuta, hainbat kale eta gune alaitu zuten kantuz eta musikaz, independentziaren aldeko aldarrikapena egitearekin batera. Udan, Euskal Herriko hainbat herritako festetan kalejira berdeak antolatu ditu Independentistak sareak, eta atzo Bilboko Aste Nagusian egin zuen. Kalejira eguerdian abiatu zen Zamudioko Atetik, eta Bilboko kaleak zeharkatu zituen, tarteka gelditzen zela, kantuan aritzeko eta jende berria biltzeko.
Ibilbide luzea ez izan arren, Independentistak sareko kideen ustez, independentziaren alde bultzatzen ari diren ekimena aurrera egiten ari da azkenaldian, eta independentziaren aukera bera indartzen ari da. Independentistak sareko bozeramaile Txutxi Ariznabarretak adierazi zuenez, «krisi ekonomikoa agerian uzten ari da euskal herritarrok ez daukagula bitarteko nahikorik krisiari aurre egiteko, eta Espainiak krisi egoera honetatik irteteko ez digu ezer eskaintzen, ez kultura, ez politika eta ez ekonomia aldetik ere. Are gehiago, esan genezake zama izugarria dela Espainia marka ». Denborarekin, euskal estatuaren eta independentziaren kontua ez da izango sektore abertzale batzuen kontua, Txutxi Ariznabarretak aurrez ikusi bezala. «Sektore zabal askorentzat ere interesgarria izango da euskal estatuaren aukera», gaineratu du Independentistak sareko kideak.
Konstituzioaren aldaketa
Defizitaren muga ezartzeko asmoz PSOEk eta PPk Espainiako Konstituzioan egin nahi duten aldaketari dagokionez, Independentistak sareak uste du ekonomiaren egoeraren premiari erantzuteko aldatzea posible bada aldaketa gehiago egiteko posible izango dela: adibidez, autodeterminazio eskubidea aitortzeko.Txutxi Ariznabarretak nabarmendu du euskaldunen iritzia kontuan hartu gabe gauzatu nahi dutela defizitaren inguruko erreforma.
Independentistak sareak uste du «zama» bihurtu dela Espainiaren marka
Independentziaren aldarrikapena kantuz eta jai giroan zabaldu zuen atzo Bilboko Aste Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu