Independentistak sareak egindako deialdiari erantzunez milaka lagunek parte hartu zuten atzo Irun eta Hendaia artean egin zen Aberri Eguneko ekitaldian; Nazioa gara, Estatua behar dugu zen deialdiaren leloa, eta independenziaren aldeko aldarrikapena nagusitu zen.
Ordu erdi inguruko atzerapenez, bi manifestazioa abiatu ziren hamabiak inguruan, bat Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik eta bestea Irungo Txanaleta plazatik. Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako mugan, Santiagoko zubian, egin zuten bat bi manifestazioek, eta independentziaren aldeko oihuak ozen entzun ziren une horretan. Era berean, presoen aldekoak ere izan ziren. Bi neskak Larrain Dantzako jota dantzatu zuten bi manifestazioek bat egitean.
Ondoren, bi manifestazioak bat eginda, Ficobako zabalgunera joan ziren, eta han izan da ekitaldi politikoa. Txistularien doinuekin hasi zen, eta, ondoren, zazpi bertsolariren artean bertso bat osatu zuten. Unai Iturriaga, Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi, Onintze Enbeita, Jokin Castaños, Nekane Zinkunegi eta Hodei Barroso izan ziren parte hartu zuten bertsolariak.
Zazpi indepentista historikoren soslaiak aurkeztu zituzten gero: Labriteko Joanarena, Agusti Xahorena, Simon Bolivarrena, Ghandirena, Jose Martirena, Jose Antonio Agirrererena eta Telesforo Monzonena. Horren atzetik, zazpi arlo desbedinetan aritzen diren zazpi lagunek independentziarako zazpi arrazoi eman zituzten, bakoitzak bere eremutik. Angeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, Ramon Labaien EAJko buruzagitzako kide izana, Maduz Araguas, Maribi Ugarteburu Udalbiltzako auzipetua, Eva Ferreira, Miren Aranguren Bilgune Feministakoa eta Andoni Txasko Martxoren 3ko elkartekoa izan ziren hizlari. Zazpi dantzariren txanda izan zen gero, eta zazpi abeslariren artean Benito Lertxundiren Zenbat gara kantatu zuten. Amaia Zubiria, Xabier Solano, Sorkun, Ines Osinaga, Eñaut Elorrieta, Kristina Aranzabe eta Xabier Sansebastian izan ziren parte hartu zuten kantariak.
Azkenik, Txutxi Ariznabarretak egin zuen hitzaldia Independentistak sarearen izenean, eta Euskal Herriak bere biziraupena bermatzeko independentzia ezinbesteko duela adierazi zuen. "Ez dago alternatibarik, izaten jarraitzeko estatua behar dugu. Hori horrela da, hemen eta mundu osoan". Ildo horretatik, atzoko Aberri Egunarekin "independentziaren aldeko olatu geldiezina" sortu dela iritzi zion.
Bukatzeko zazpi irrintzilarik irrintziak bota zituzten, eta Euskal Herriko probintzia bakoitzeko armarriak ageri zituzten globoak jaurti zituzten airera.
Milaka herritarrez gain, ezker abertzaleko zein EAko buruzagi ezagunek parte hartu zuten, hala nola, Rufi Etxeberria eta Tasio Erkiziak, zein Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Maiorga Ramirez zuzendaritzako kideak eta Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkideak. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere han izan zen. Aralarrek eta ABk ordezkaritza bana bidali zuten.
Arratsaldean Irungo Urdanibia plazan jarraitu zuen festak.
Aberri Eguna
Independentzia aldarrikatu dute milaka lagunek Irun eta Hendaia artean
Herritar soilez gain, ezker abertzaleko eta EAko buruzagi ezagunek parte hartu zuten atzo Indepedentistak sarearen ekitaldian, hala nola, Rufi Etxeberriak, Tasio Erkiziak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Maiorga Ramirez zuzendaritzako kideak. ABk eta Aralarrek ordezkaritza bana bidali dute. Atzoko Aberri Egunarekin "independentziaren aldeko olatu geldiezina" sortu dela azpimarratu zuen Independentistak sareko ordezkari Txutxi Ariznabarretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu