Galdera egingo balitz, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren %35 agertuko lirateke independentziaren alde. Aukera horrek inoiz jaso duen babesik handiena da, Soziometroa egiten hasi zenetik, 1998tik. Lehen aldiz, aukera guztien artean babes handiena duena da independentziarena EAEn. Gaur argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak azken ikerketaren datuak. Gertu legoke kontrako aukera, alegia, independentziaren kontra daudenena (%33). %20k diote egoeraren arabera ados ala kontra egongo liratekeela. Independentziaren aldeko jarreraren gorakada erakuts dezaketen faktoreak azaldu ditu Jaurlaritzak berak txostenean. Dioenez, ikerketa "Eskoziako erreferenduma egin eta aste batzuetara egin" zen, eta "Kataluniako kontsultaren aurreko asteetan".
Aukera horien artean erabakitzeko galdeketari dagokionez, herritarren %74 daude kontsultaren alde. Horietatik, %51k Espainiako Estatuarekin akordiorik ez lortuta ere egingo lukete galdeketa; gainerako %23k Madrilekin akordioa sinatzea jarriko lukete kontsultarako baldintza gisa.
Estatuaren lurralde antolaketari buruzko aukera ezberdinak emanda, herritarren %34k gaur egungoa bezalako
autonomia erkidegoek osatutako estatua aukeratuko lukete, %26k estatu federala, non autonomia erkidegoek orain
baino autonomia handiagoa izango luketen, eta %25ek nahiago lukete herriei estatu independente bilakatzeko aukera onartuko liekeen estatua. Edonola, EAEko herritarren %72k uste dute Espainiako Konstituzioa aldatu beharko litzatekeela, autonomia erkidegoek estatuarekin daukaten harremanaren gainean erabaki ahal izateko.
Espainiako Estatua osatzen duten autonomia erkidegoen etorkizun politikoa nork erabaki beharko lukeen galdetuta, erkidego horretako herritarrek erabaki beharko luketela diote galdetutakoen %69k; %24rentzat, estatu osoko herritarrek erabaki beharko lukete.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %50entzat, Eusko Jaurlaritza ongi edo oso ongi ari da autogobernuaren gaia lantzen. %30entzat, ordea, gaizki edo oso gaizki. Buruzagi politikoak baloratzeko eskatuta, Iñigo Urkullu lehendakariak du puntuaziorik altuena (4,9), eta haren atzetik daude EH Bilduko Hasier Arraiz eta EAJko Andoni Ortuzar, biak 4,3ko balorazioarekin.