Independentzia

Independentziaren aldarria hartu dute Bilboko kaleek

Hispanitatearen eguna baliatuz, Espainiako Estatuaren “ukazio eta inposizioa” salatu eta Euskal Herriko independentzia aldarrikatu dute milaka pertsonak. 

Bilboko Kale Nagusia zeharkatu du Independentistak sareak deitutako mobilizazioak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 12a
08:18
Entzun

Hispanitatearen eguna baliatu du Independentistak sareak Espainiako Estatuaren “etengabeko ukazio eta inposizioa” salatu eta Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko. Milaka pertsonak bat egin dute Bilbon eginiko mobilizazioarekin. Gora Euskal Errepublika! lelodun pankarta batek zabaldu du manifestarien bidea, Plaza Biribiletik Plaza Eliptikora, Bilboko Kale Nagusian zehar.

Antolatzaileek iragarria zuten manifestazio “dinamiko eta parte hartzailea” izango zela atzokoa, eta hala izan zen. Goizean berdez tindatuta agertu ziren Bilboko erdiguneko hainbat iturritako urak. Martxan bertan, bestalde, sektorekako aldarrikapenek izan zuten lekua, pankarta, kartel edo ekimen propioen bitartez: euskal curriculuma, feminismoa, euskara, euskal esparru sozioekonomikoa, LOMCEren aurkako mezuak... Simon Bolivarren panpina handi bat ere izan zen manifestazioan, Espainiako Estatutik independizatutako Latinoamerikako herrien omenez.

Martxa Plaza Eliptikora iristean ekitaldia egin zuen Independentistak sareak. Haien izenean, Txutxi Ariznabarretak hartu zuen hitza, independentziarako eskubidea defendatuz: “Hispanitatea ez, munduko herri guztien askatasunerako eskubidea defendatzen dugu”. Era berean, Euskal Herriko independentziaren izaera integrala nabarmendu zuen: “Demokrazia, justizia soziala, euskal lan esparrua, elikadura burujabetza... hori guztia da independentzia”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.