Independentziaren alde «antolatu eta borrokatzeko» garaia dela nabarmendu du Ernaik Bilbon eginiko manifestazioan. Gazteria «ausardiaz eta konpromisoz» jardutera deitu du, eta gehitu independentziaren alde aritzea dela «indar espainolisten oldarraldiaren aurka» egiteko bide bakarra. Halaber, gazte erakundeak adierazi du aurre egin behar zaiela Euskal Herrian sartu nahian dabiltzan «indar erreakzionarioei».
Ehunka lagun bildu dira Ernaik Bilboko kaleetan antolatutako manifestazioan. Plaza Eliptikotik irten, eta bide luzea egin dute parte hartzaileek, Zamudioko ateraino. «Ekinez egina, gazteok independentzia» zioen pankartaren atzean abiatu dira manifestariak, eta istiluen aurkako ertzain ugariren aurretik. Segurtasun Sailak gutxienez lau furgoi bidali ditu. Polizien presentzia are ageriagoa izan da martxa Sabin Etxearen, Espainiako itsas komandantziaren, Starbucks kafetegiaren eta Nyx hotelaren aurrean —Israelgo hotel kate bat da— igaro denean.

Sabin Etxearen aurrean «EAJ, aberria ala kapitala?» zioen pankarta bat ireki dute manifestariek, eta Kale Nagusian «Gazterik ez etxerik gabe» idatzi dute koltxoi batean. Manifestazioko protesta ekintza deigarriena, dena den, itsas komandantziaren aurrean eginikoa izan da. Lau manifestari obretarako edukiontzi batera igo dira, eta Espainiako bandera bat erre dute. Beste parte hartzaileek «independentzia» oihukatuz goratu dituzte. Oihu horixe errepikatu dute gehien.
Ernaik ohartarazi du aurre egin behar zaiela Euskal Herrian sartu nahian dabiltzan indar erreakzionarioei, besteak beste emakumeak «menpeko objektu» bilakatu nahi dituztelako eta euskararen aurkako oldarraldia hauspotzen dutelako
Aldarri feministak eta arrazismoaren eta kapitalismoaren aurkako oihuak ere entzun dira, baita «gazte, altxa, hasi da iraultza» ere, ozen. Aldarri horri hartu diote segida Eider Bueno eta Alex Diez Ernaiko kideek amaierako hitzaldian: «Garaiotan ez baitago erdibiderik. Orain da garaia aurrerapauso bat eman eta antolakuntzara batzeko». Gazteei «ekin eta bultza» egiteko eskatu diete, «ekinez independentzia lortzeko».
Salatu dute indar erreakzionarioak ahaleginetan ari direla Euskal Herrian sartzeko, eta horren ondoriozko arriskuetako batzuk zerrendatu dituzte. Besteak beste, salatu dute emakumeak «menpeko subjektu» bilakatu nahi dituztela indar horiek, eta, halaber, egotzi diete euskararen aurkako oldarraldia hauspotzea, gazte migratzaileak jopuntuan jartzea eta gazteria isunekin ito nahi izatea.
«Erresistentzian aritu zirenen omenez»
Baina, «haien zoritxarrerako», gero eta gehiago dira aurka egiten dietenak, eta, frankismoaren aurka egin zuen belaunaldiak «herri hau altxatu zuen bezala», egungo belaunaldiak konpromisoa hartu du askapen prozesua «muturrera» eramateko, adierazi dutenez: «Erresistentzian aritu zirenen omenez, irabaztea dagokigu». Esaldi horri txalo zaparrada batez erantzun diote manifestariek.
Martxa Bilbon izanda, Bizkaiko hiriburuari ere egin diote erreferentzia deitzaileek. Esan dute zabalguneko kaleetan «beste Bilbo bat» irudikatu dutela: auzoko ehun komunitarioan lan egiten duena, egunerokoan Bilbo euskalduna eta feminista izan dadin lan egiten duena eta bestelako aisialdi eredu bat eraikitzeko borrokan dabilena. Azkenik, gazteei dei egin diete martxoaren 17ko greban parte har dezaten, gutxieneko soldata propioaren alde: «Hemen bai baitago gazteria bat bizi baldintza duinen barrikadan egongo dena!».
