Garbiñe Bueno. Independentistak sareko kidea

«Independentziaren alde indarra ikusaraztea garrantzitsua da»

Independentistak sareak Gernikan eta Baigorrin ospatuko du Aberri Eguna. Sareak iazko otsailetik hona egindako ibilbideaz, egungo egoeraz zein erronkez mintzatu da BERRIArentzat Garbiñe Bueno.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Aurtengo Aberri Eguna berezia izango da, Nafarroaren Egunarekin bat egingo duelako. Garbiñe Bueno Independentistak sareko kideak (Iruñea, 1977) azaldu du «ahalik eta hobekien» uztartu nahi izan dutela; horrez gain, Basaizea elkartearen ahalegina eskertu nahi izan du, Baigorrin urtero Nafarroaren Eguna antolatzen duelako eta aurten Aberri Egunari tarte bat emango diotelako. Baigorrikoaz gain, Gernikan egun osoko ekitaldia antolatu du Independentistak sareak, bonbardaketaren 74. urteurrenean.

Aberri Eguna Irunen ospatzen zenuten lehen, eta, aurten, Gernikan eta Baigorrin ospatuko da. Zergatik?

Gizarteak Independentistak sarearen aurkezpena eta planteamendua nola hartu zuen neurtzeko, iazkoa barometroa izan zen. Aurten, beste jauzi bat eman nahi genuen, eta uste genuen berezitasunak zeudela. Alde batetik, 2012a, Nafarroako erresumaren konkistaren mendeurrena, mugarri gisa planteatzen dugu, eta horren aurreko urtean gaude. Bestetik, Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna batera ospatzeko aukera polita ikusi dugu. Gainera, 2012an Gernikaren aurkako bonbardaketaren 75. urteurrena izango da, eta Euskal Herriaren aurkako eraso adierazgarria ere bada.

Testuinguru politiko berezian dator aurtengo Aberri Eguna. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera politikoa?

Gu hauteskundeetatik at gaude guztiz, eta ez gara joko horretan sartuko. Hala ere, aurtengo leloa da Argi berdea independentziari, eta gaur egungo egoerak eskatzen du inoiz baino gehiago gure herriak etorkizuna erabakitzeko aukera izatea. Momentu interesgarria eta aproposa da hori berriz adierazteko. Gure aukera argia da: independentziaren aldeko hautua egiten dugu, herriaren iraupenerako eta garapenerako.

Ikusten duzue argi berde hori pizteko baldintzak egon daitezkeela?

Bai, ez da soilik independentziari argi berdea ematea, baizik baita demokraziari ere. Eskatzen duguna ez da beste munduko ezer. Guk nahi duguna da herri honetan bakoitzak bere eskaintzak mahai gainean jartzea. Gurea independentzia da, baina garrantzitsua da denok erabaki ahal izatea dauden aukeren artean nahi duguna.

Zer mezu igorriko duzue?

Ekitaldia laburra izanen da. Herriaren askatasunaren eskaera azpimarratu nahi dugu. Independentziaren defentsa horretan, gure etorkizunaren aukera onena izanda, pausoz pauso nola egin hori bera lortzeko. Jai giroan egingo dugu, baina exijentziarekin.

Aberri Egunean olatu berdea sortzeko beharra azpimarratu duzue.

Guretzat, horrelako olatu bat sortzeak nolabait babesa ematen dio egiten ari garen lanari. Gutxitan proposatzen dira horrelako ekitaldi masiboak, eta garrantzitsua da ikusarazteko independentziaren alde dagoen indarra.

Aralarrek kritikatu du aurten inoiz baino aukera gehiago zegoela Aberri Eguna denek batera ospatzeko baina «batzuek bere egin nahi» izan dutela gizartearen aniztasuna ordezkatu duen ospakizuna. Zer diozu?

Ez da alderdien eguna, Aberri Eguna da. Independentistak sareak iaz ere antolatu zuen, eta aurten ere bai. Argi utzi nahi dugu sarea pertsonak osatzen dugula baina bertan alderdi guztietako jendea dagoela. Iaz ere horrelako zerbait gertatu zen, baina gero, bezperan gutun batean Aralarreko pertsona batzuek Independentistak sarearen egunera deitu zuten. Ez gara liskarretan sartuko, ez gara alderdien eremuan sartzen, jendartearenean baizik. Horretan egingo dugu indarra.

Sareak politikaren beste maila batean jardutea du helburu, alderdietatik harago. Marra hori gizarteak bereizten duela uste duzue?

Bai, ulertu da ez garelako alderdien joko horretan sartu, eta lortu dugulako kolore desberdinetako jendeak parte hartzea. Bermatzen dizu horretatik at egotea. Edozein erakunderen ohiko organigrama ez izateak badu abantailarik, parte hartzeko malgutasuna ematen duelako, ideia pluralak lortzen direlako, edozein lekutara heda daitekeelako, ez dugulako hainbeste denborarik galtzen biltzen eta biltzen. Baina egia da oso barneratua dugula ohiko egitura, eta kostatu egiten dela aldaketa.

Sareak independentziaren alde egiten du, konplexurik gabe.

Hasiera-hasieratik nahi dugu independentista orok gurekin bat egitea. Orain arte independentista izatea oso lotuta egon da oso jende zehatzari. Guk nahi dugu bakoitzak izan ditzakeen arrazoiengatik kolore guztietako jendea eroso sentitzea independentista dela esaten. XXI. mendean egokitu egin behar zen dinamika. Nahi genion beste ikuspuntu bat eman, eta berritu. Haize berria independentista guztioi heltzea.

Independentziaren aldarria utopiatik errealitatera eramateko beharra azpimarratu duzue. Alor horretan lan handia duzue egiteko?

Abian jarri da Ideien Faktoria, eta horretan ari dira lanean. Oso garrantzitsua da independentzia ez ikustea utopia moduan, baizik eta zertan aldatuko litzatekeen gure bizitza independente izanda. Agian, horrela, ulergarriagoa izan daiteke independentista izatea. Kostatzen da, baina poliki-poliki ari gara lanean.

Etorkizunari begira zeintzuk izango dira erronkak?

Bultzada eman nahi diogu independentziaren aldeko jarduerari. Alde batetik, Ideien Faktoria ekimenaren bidez, arrazoiak bilduz, landuz eta zabalduz, herriaren gehiengoak independentziaren alde egin dezan. Bestalde, indepdendentisten sarea osatuz, sarekideak bilduz eta sarea lau haizeetara hedatuz, Euskal Herrian eta munduan, diasporako independentisten sareak ere osatuz. Horrekin batera, dirua bildu behar dugu: 100.000 euro bildu nahi ditugu, mobilizazioak eginen ditugu. Iruñean antolatuko dugu 2012ko Aberri Eguna. 2012. urtea oso garrantzitsua izanen da, konkistaren mendeurrenak aukera izugarria ematen digulako.

Konkistaren bosgarren mendeurrenari garrantzia emateak esan nahi du historian enfokatu behar dela independentziaren aldarria, alanahiago duzue etorkizunera begiratu?

Gu etorkizunera begira gaude. Historialariek badute eztabaida, eta horretan ez gara sartuko. Ez dugu gure herriko historia ukatuko, eta batzuentzat historiaren arrazoia giltzarria da independentziarako, baina beste batzuentzat arlo ekonomikoa da, beste batzuentzat hizkuntza eta beste zenbaitentzat sentipen pertsonala. Guk hasiera-hasieratik utzi dugu zabalik, eta ez dugu arrazoi bakarra hartuko independentista izateko. Gero eta arrazoi gehiago, gero eta pertsona gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.