Goizeko bederatzi eta erdiak inguruan (07:30 Euskal Herrian) iritsi da Bermeoko (Bizkaia) Playa de Bakio atun ontzia Victoriako portura, Seychelleetako hiriburura, Espainiako Armadako fragata batek eskoltatuta.
Ontziaren bizkarrean sartu dira 26 marinelak kaira, kostaldera begira, sei egunez bahituta egon ondoren beren burua salbu ikusteko gogoz. Enpresak Playa de Bakio ontzia konpontzeko eta berriro ere arrantzara abiatzeko bidalitako eskifaia berria zuten zain portuan. Besarkada estuekin agurtu dute elkar. Espainiaren Kenyako enbaxadorea eta Gobernuko Itsasorako zuzendari nagusia ere han izan dira harrera egiten, hainbat kazetarirekin batera.
Pozik eta hunkituta agertu dira marinel guztiak. Amadeo Alvarez kapitaina mintzatu daguztien izenean, eta esker oneko hitzak izan ditu agintarientzat eta kazetarientzat. Somalian bahituta eduki dituzten egunetan "tratu laidoztagarria" jaso dutela agertu du, eta etxera itzultzeko irrikan daudela.
Euskal Herriko arrantzaleak (5) eta Galiziakoak (8) Espainiako Armadako hegazkin batek hartuko ditu gaur iluntzean, eta Madrilera eramango. Bihar goizean dira Madrilera iristekoak. Beste hamahiru arrantzaleak Afrikakoak dira, eta oraindik ez dute argitu nola eramango dituzten beren herrietara.
Eusko Jaurlaritza, berriz, pozik agertu da marinelak onik eta libre daudelako, baina, era berean, kezka agertu du Indiako Ozeanoan ibiltzen diren Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzontziak berriro babesik gabe dabiltzalako. "Ondo konpondu den arazo bat eduki dugu, baina bihar Indiako Ozeanoan ibiltzen diren gure 22 arrantzontziak babesik gabe geratuko dira berriz", salatu du Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Egoera hori konpontzeko bi irtenbide proposatu ditu Jaurlaritzak: Espainiako Armadak babes ontzi bat bidaltzea edo beste estatu batzuekin babeserako akordioak egitea.
Bahiketa Somalian
Indiako Ozeanoan ibiltzen diren ontziak berriro babesik gabe direla salatu du Jaurlaritzak
Bahituta eduki dituzten marinelak Seychelleetako hiriburuan dira, eta bihar iritsiko dira Euskal Herrira. Pozik eta hunkituta agertu dira, eta bahituta eduki dituzten bitartean "tratu laidoztagarria" jaso dutela agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu