Ekialdeko Timor

Indonesiaren okupazioaren ondorioz 183.000 timortar hil zirela dio Egiaren eta Adiskidetzearen Batzordeak

Australiako ABC telebista kateak jakinarazi duenez, Ekialdeko Timorko Harrera, Egia eta Adiskidetzearen Batzordeak landu duen ikerketaren arabera, Indonesiaren okupazioaen ondorioz 183.000 lagun hil ziren herrialde hartan. Heriotza horien %70 Indonesiako segurtasun indarrek edo haiek osatutako timortarren miliziek zuzenean eragin zituztela zehazten du txostenak. Ekialdeko Timorko presidente Xanana Gusmaok badu ikerketa horren berri, baina oraindik ez du argitararazi Legebiltzarraren esku baitago une honetan.

2005eko abenduaren 21a
10:07
Entzun
Indonesiaren okupazioak iraun zuen bitartean, eta haiek ezarritako errepresio eta zapalkuntzaren ondorioz, Ekialdeko Timorko 183.000 bizilagun hil ziren. Kopuru izugarri hori Harrera, Egia eta Adiskidetzearen Batzordeak egin duen ikerketaren emaitza da; areago, heriotza horien %70 Ekialdeko Timorko soldadu eta poliziek eta haiek armatutako timorko miliziek zuzenean eragin zituztela zehaztu du txostenak.

Nolanahi ere, Egia eta Adiskidetzearen Batzordearen txostenaren emaitzak ez dira oraindik ofizialki jakinarazi; Australiako ABC telebista kateak eman du gaur haren berri. Izan ere, Batzordeak Xanana Gusmao Ekitaldeko Timorko presidentearen esku utzi zuen ikerketa, eta hark Legebiltzarrari eman zion, NBEra eramateko kalteordainei buruzko proposamena landu dezan.

ETAN Ekialdeko Timor eta Indonesiarako Ekintza Sarea taldea, ordea, lehenbailehen argitara dadin presioa egiten ari da. Talde horrek proposatzen du kalteordainen zati bat AEBek eta Erresuma Batuak eta nazioarteko arma trafikatzaileek ordaintzea. Izan ere, Portugaletik indepedentzia lortu eta segituan, 1975eko abenduan, Indonesiak menpean hartu zuen Ekialdeko Timor, eta talde horren arabera, AEBren, Erresuma Batuaren, Japoniaren eta Australiaren babes tazitoa izan zuen Jakartak inbasioa aurrera eramateko.

1999ko abuztuaren 30ean autodeterminazio erreferenduma egin zen Ekialdeko Timorren, eta gehiengo handiak Indonesiaren barruan jarraitzeari uko egin zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.