«Inertziak» atzean utziko dituen beste gobernantza eredu bat eskatu du Otxandianok

EH Bilduren lehendakarigaiak «XXI. mendeko arazoei» erantzungo dieten politika publikoak eskatu ditu Getxon egindako ekitaldi batean.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia atzo, Getxoko ekitaldian, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, Getxon egindako ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 5a
20:10
Entzun

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiaren hitzetan, ziklo politikoaren aldaketa «martxan» dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horrek «aukera berriak» zabaltzen dizkio ezker subiranistari. Getxon (Bizkaia) egin duen ekitaldi batean azpimarratu duenez, aldaketarako baldintzak badaude jada, baina orain Eusko Legebiltzarrean eta Eusko Jaurlaritzan islatzea falta da: «Badago horretarako aukera, eta, orain, herri gogo hori eta gaitasun horiek instituzioetara eraman behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, apirilaren 21eko bozetan jokoan dagoena».

Otxandianoren hitzetan, posible da zerbitzu publikoen eta bereziki Osakidetzaren gainbehera eragoztea. Baina azpimarratu du beste gobernantza eredu bat behar dela horretarako: «Bere ardurak hartzeko prest dagoen gobernu bat behar da. Epe laburreko interesak albo batera uzteko eta herri hau martxan jartzeko gai diren gobernuak behar dira». Horretarako, baina, ezinbestekoa da politika publikoak biziberritzea: «Inertziak atzean utzi behar direla esan nahi du horrek».

Inertzia horien adibide gisa jarri du Otxandianok Getxo eta Sestao artean Bilboko itsasadarraren azpian Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki nahi duen tunela. EH Bilduko lehendakarigaiak salatu du klima aldaketak eta trantsizio ekologikoak eskatzen dutenaren «kontrako norabidean» doala azpiegitura hori: «Bizkaiko Diputazioaren datuen arabera, auto pribatuen erabilera %30 handituko da obra horrekin». Bada, eredu hori albo batera uzteko garaia dela esan du Otxandianok, Paris eredutzat jarrita: «XXI. mendeko politika publikoak behar ditugu, XXI. mendeko arazoei konponbideak jartzeko gai direnak».

«Eztabaida jantzia»

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia gainerako alderdiei mintzatu zaie. Eskatu die albo batera uzteko Espainiatik datorren «zekenkeria, gezurra eta manipulazioa», eta «errespetuz» jarduteko Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren beharrei buruz, eztabaidaren maila hobetuta: «Eztabaida jantzia behar du herri honek, herri hau jantzia, serioa eta fundamentuzkoa da eta». Ziurtatu du EH Bilduk hori egingo duela.

Izan ere, haren hitzetan, koalizioak egiteko «beste modu bat» du. Eta hala erakutsi du orain arte agintera iritsi denean ere, Iruñeko Udalean kasurako. Hain zuzen ere, EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabazteko aukera duela gogorarazi du: «Oinak lurrean ditugula eta apaltasun guztiarekin esan dugu hau: anbizio guztiarekin jokatuko dugu guk ere final hau, bihar Athleticek egingo duen bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.