Vicente Reyes. PSE-EEko Prestakuntza eta Kultura idazkaria

«Inertzietan gabiltza denok euskararekin»

Euskararen aurrerabidea «inflexio puntuan» dagoela nabarmendu du Reyesek, eta gogoeta egin behar dela bide berriei ekiteko. Horretarako baliabide da 1982ko legea, haren iritziz: «Ez dago agortua, inolaz ere».

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Gasteiz
2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskarari buruz akordioak ixten ari da elkarrizketa hasterako Vicente Reyes (Aviles, Asturias, Espainia, 1955), Zumarragako ospitalean (Gipuzkoa) erresonantzia zerbitzua euskaraz bermatzeko eskaria taxutzen. Telefonoa alboan utzita erantzun du, patxadan.

Hizkuntz politikari buruzko testu batzuk adostu dituzue parlamentuan EAJk, EH Bilduk eta PSEk. Adostasun bidea ireki da?

Euskararen gaian tradizioa dugu guk akordioetarako, eta hortik datoz adostasun horiek. 1982tik Euskadin tradizioa dago hizkuntza arloan akordioak egiteko; horrek ekarri du euskarak garapen ikusgarria izatea. Ikusgarria, ikusita nondik abiatu ginen, ez desiragarri den unean gaudelako. Ez da estrategia politikoko ildo berri bat, hortaz. Adostasun izpirituari eustea da, hizkuntzaren gaia eremu politikotik ateratzen saiatuz.

Ildo baten aurrerapena ote da?

Gai batzuetan adostasuna dago parlamentuan, eta besteetan, ez. Egunero egiten da politika. Ez dago estrategiarik une bakoitzeko gai zehatzetik harago doanik. Ez hiru alderdi horien artean, ez besteetan. Sozialistok beti ari gara adostasun bila, ahal den guztian.

Aukerarik badago PP sartzeko?

Hark jakingo du. Garai batzuetan, hurbildu da kontsentsura. Orain ez dakit estrategia politiko bat ote dagoen profila agerian jartzeko. Azken saioan, gogortasun bereziz aldendu zen adostasunetik; beste aldi batzuetan ez da hala agertu.

Itun berria adosteko ordua da?

Akordio funtsezko bat daukagu, orain 30 urte baino gehiagokoa, eta ez dago agortua, inolaz ere. Birtualtasun bat du: legea ez da zehaztuegia. Eboluzionatu ahal izatea dakar horrek, euskarak aurrera egin ahala, malgutasunez. Ez nuke akordio berri batez hitz egingo, amildegira salto egiteko zentzuan; arriskutsua da, eta, agian, ez da beharrezkoa. Egokitzen joan behar da, etengabe eta leial, erabilera politikorik gabe.

Zer ikusten duzu egokitzeko?

Ikuspegi kualitatibotik, inflexio puntua izan daiteke une hau: euskal hiztunen eta erabiltzaile pasiboen masa kritiko oso garrantzitsua dago; gazte sailak sartzen dira gizartera euskararen ezagutza onarekin. Unea da euskara jakitearen baliagarritasun praktikoak euskararen garapenari mesede egin diezaion. Erabiliz egiten da hori. Adostasunetan jarri ditugun mugak errespetatuz, betiere: herritarren eskubideak urratu gabe eta euskararen onean pentsatuz.

Mundu euskaltzaleak, sektore guztietan, egin behar du gogoeta estrategiko bat, helburuetan eta praxian egokitzeko, erabileraren ikuspegitik. Denok —mundu politikoa, euskaltzalea eta zibila— inertzia batzuetan gabiltza euskararekin; on egiteko asmoz, askotan, ez dira egoki berrikusten. Internet bete-betean, produkzio bide desberdinak, komunikatzeko era berriak gazteen artean... Pentsatu bat behar du horrek, eremu horietan euskararen erabilera bultzatzeko. Gogoeta egin behar da. Etorkizunera begiratzeko gogoeta, ez marko berri bat.

Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika egokia dela uste duzu?

Jaurlaritza honek aurrekoek bezala segitzen du; 30 urtean eginiko politikak ezartzen ari da. Alde horretatik, ez dago eragozpen berezirik. Egia da freskotasuna behar dela, etorkizunerako gogoeta. Benetan egin politika gobernutik, erabilera bultzatzeko, beste talde politikoekin kontrastatuz, eskubideak ez urratzeko. Kontsentsuarekin egin dadin irekitze hori. Jaurlaritzaren politika kontinuista da, baina kemen handiagoa behar du behar berrietara irekitzeko.

Gogoeta horri ekite aldera, harremanik bada Jaurlaritzarekin?

Ez. Horren eske ari naiz, garrantzitsua baita. Euskararen munduetan mugimenduak badaude. Pentsatzen dut hori azaleratzen joan beharko dela, beti errespetatuz herritarrek politikari eman diotela arautzeko gaitasuna. Gogoeta soziala eta politikoa da, baina neurriak legebiltzar eta gobernuko eremuan hartu behar dira.

Euskararen Agenda Estrategikoak zeresana jarri du, hizkuntza politikarako jarriko duten dirua dela eta. Diru gehiegi al da?

Diru gehiegi jartzen da osasunean? Edo langabeziaren aurka? Badago dirua gehiago jartzeko? Krisiak asko baldintzatzen ditu politikak. Lehentasunak jarri behar dira. Gobernuak gutxitu egin du euskarari ematen zaion dirua. Beste sektore garrantzitsu batzuetan ere bai. Zerbitzu publikoak lehenetsi behar dira: ez kalitateagatik soilik, baizik inor ez dadin gera zerbitzurik gabe gehien behar duenean. Esparru horretan sartu behar dugu hizkuntz politika: finantzaketa orekatua behar da aipatutako alde horien artean.

Idoia Mendiak udan zeresana jarri zuen, euskararako aurrekontua moldatu behar zela esanda.

Krisian aurrekontu guztiak egokitu behar dira. Hori bai, euskaran ezin da egin jaitsiera handirik. Baina lehentasuna jarri behar da langabeziari aurre egiten eta zerbitzu publikoei eusten. Ez da inkongruentzia: koherentea da beti defendatu dugunarekin. Herritar guztiei zerbitzu ematea, inor ez dadin bidean gera; bultzatu, zulotik irten dadin. Eta, hizkuntzan, bultzatu euskara. Guztia, aurrekontuen esparruaren barruan.

Asteon onartutako aurrekontua aski da hizkuntza politikarako?

Gauden egoeran, arrazoizkoa da.

Euskara normalizatuta ikusten duzu administrazioan?

Hein handi batean, bai. Zati batzuetan —batez ere estatukoetan— eragozpen gehiago dago bermatu behar dena bermatzeko: herritar bati, administrazio batera joatean, kasu egitea berak hautatzen duen hizkuntzan. Euskal administrazioan, ia erabat bermatua dago: egon daiteke anekdotaren bat, baina leihatila batera joatean exijitu daiteke euskaraz edo gaztelaniaz kasu egiteko, eta idatzizko prozedura nahi den hizkuntzan egin daiteke. Estatuko administrazioan gabezia gehiago egon daiteke. Eta osasunaren alorrean dago bide gehixeago egin beharra.

Euskarazko hedabideen laguntza deialdia aldatu egin du Jaurlaritzak. Badu PSEren babesik?

Ez gaude ados. Deialdian, batu egin dituzte izaera orokorreko hedabideak —lurralde osoa hartzen dutenak, ikuspegi informatiboko beste maila bat dutenak; BERRIA, adibidez— eta tokikoak —eremu mugatuagoa dute, informazio lokalagoa—. Beharrezkoa da euskararen lurralde guztiak hartuko dituzten eta interes orokorreko informazioa duten hedabideak izatea, erabilera eta estandarizazioa bultzatzeko. Eremu lokalarekin nahastean, jaitsi egin da laguntza, gehiagoren artean banatu behar eta. Tokiko hedabideak beharrezkoak dira; hori da etxe euskaldun askotara iristen den bakarra. Biak dira beharrezko, baina bereizi behar dira laguntzaren xedeak, ezberdinak baitira. Ez legoke gaizki tokiko hedabideak saiatuko balira biltzera jotzen, masa kritiko handiagoa bermatzeko. Laguntzari dagokionez, hobea zen lehengoa orain egin dutena baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.