atxiloketak

"Infernua zen hura. Beldurra, nekea. Lur jota nengoen. Ez nintzen pertsona"

Aitor Esnaola atxilotuak guardia zibilek eman zioten tratua kontatu du. Lander Etxeberriak dio "guztia amaitzeko" buruan zauri bat egiten saiatu zela. Lehengo astean atzeman zituzten, ETArekin zerikusia dutelakoan.

2011ko apirilaren 18a
17:45
Entzun

Aitor Esnaolak eta Lander Etxeberriak ere salatu dute atxiloaldian Guardia Zibilaren tortura jaso dutela. ETArekin zerikusia dutelakoan lehengo astean atxilotu zituzten biak —Esnaola Legorretan, Etxeberria Beran—, eta asteburuan espetxera bidali zituen epaileak. Euren abokatuekin egoteko parada izan dute orain, eta atxiloaldiko tratuaren testigantza egin diete. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur arratsaldean igorri ditu kontaketak hedabideetara. "Infernua zen hura. Lur jota nengoen. Ez nintzen pertsona", esan du Esnaolak.

Honek kontatu du guardia zibilek, besteak beste, poltsa egin ziotela. "Lepoa bihurritzen zidaten, poltsa estutuz", esan du. "Eromena zen. Hainbat guardia zibil inguruan, sekulako belarrondokoak, mehatxuak, oihuak... Nahi izan banu ere ezingo nukeen konfesiorik egin, ezinezkoa zen pizti haien erritmoari eustea".

Lehenago barrabiletan pintza bat jarri ziotela kontatu du. "Antifaza buruan, basatiz inguratuta, biluzik eta elektrodo makina martxan jartzeko prest zeuden. Ez zuten martxan jarri, hala ere. Halako batean, 'taktika' aldatuko zutela zioten". Orduan heldu zen poltsaren 'taktika', haren arabera. "Poltsa bat hortzekin haustea lortu nuen, baina ez nuen errepikatu. Ordainetan eman zidatena jasanezina zen".

Egoera gogortzen joan zela dio Aitor Esnaolak, lurrean zela mugitu ezinda, pixa eta kaka gainean eginda, izerditan blai.... "Ezin nuen mugimendurik koordinatu, ezin nuen hitzik egin". Azaldu du mediku forentseari ez begiratu eta ez hitz egiteko esan ziotela guardia zibilek, eta ondoren berriro jo zutela. "Saioa bukatuta, polizia deklarazioa prestatzen hasi ziren. Hau da, zer esan behar nuen ikasarazten hasi zitzaizkidan. Baina idatzita zegoen aurretik, eta moldatzen joaten ziren nik esaten nuenaren arabera".

Guardia zibilen saioak ez ziren han bukatu. Euskal Herritik buelta egin ondoren egin zizkioten "sesiorik gogorrenak", AAMk zabaldutako testigantzan leitu daitekeenez. "Infernua zen hura. Beldurra, nekea. Lur jota nengoen. Ez nintzen pertsona".

Lander Etxeberria: "Hilko nintzela pentsatzen nuen"

Lander Etxeberriak salatu du berari ere poltsa jarri ziotela. "Hilko nintzela uste nuen. Buruan zauri bat egin nahi izan nuen guztia amaitzeko, baina ez nuen horretarako indarrik". 

Besterik ere egin zioten, Etxeberriak kontatu duenez: "Gerritik behera biluzik jarri ninduten, paretaren kontra jarri ninduten eta bortxatzeko itxurak egin zituzten". Oihuak, mehatxuak eta abar ere jaso zituela dio. "Ezer ez zarela sentiarazten dizute".

Jakinarazi du epailearen aurrean ez zela ausartu tratu txarrak salatzen, berriro Guardia Zibilen esku utziko zuten "beldurrez".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.