UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar orokorra egingo du etzi, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Martin Aramendi lehendakariak (Ataun, Gipuzkoa, 1970) eta Miren Segurola koordinatzaileak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1975) nabarmendu dutenez, urte oparoa izan da 2025a: uste dute salto kualitatiboak eman dituztela arnasguneen eta herri euskaldunen garrantzia agerian lagatzeko.
2025ean, beste zazpi udalerri batuko dira UEMAra —batzar orokorrak berretsiz gero—; horrela, 120 udalerrik osatuko dute UEMA. Urtearen zer-nolako balorazioa egiten duzue?
MARTIN ARAMENDI: Ona, gure jardunari dagokionez behintzat. Buru-belarri ari gara lanean, gure herrietan eragiten, egoerak eskatzen duenari ahalik eta erantzunik onena eman nahian. Baina baliabide gehiago behar ditugu.
MIREN SEGUROLA: Balorazio oso positiboa da. Arnasguneen garrantziaren lanketan, urrats kualitatiboak egin ditugu aurten. Eta urteak inflexio puntua ekarri du, euskararen errealitatea agerian uzteko. Iñaki Iurrebasok ateratako tesia gizarteratzen aritu gara, eta ikusi dugu jende batengana iritsi dela larritasuna.
Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa lana ontzeko agindua eman zenioten Siadecori, eta ondorioa argia da: oraingo bidean jarraituz gero, ia arnasgunerik ez da egongo 2036an.
ARAMENDI: Denak bere hartan jarraitzen badu 2036ra arte, hori gertatuko da. Oso kezkagarria da, inolako zalantzarik gabe. Guk eskatu dugu proiekzioa; agian, beste erakunderen batek eskatu beharko zukeen. Bagenekien gutxi gorabehera zer etor zitekeen, eta egoera uste genuen baino larriagoa da. Orain tokatzen da bakoitzak beretik jartzea, neurriak hartzea, 2036an egoera hori eduki ez dezagun. Berehalako erantzuna eskatzen du, azkarra eta sendoa.
Nolako harrera izan du?
SEGUROLA: Alderdi politikoekin, instituzioekin eta euskalgintzako eragileekin egon gara. Balioa ematekoa da denok badugula kezka bat, baina garrantzitsuena da —momentuz, jauzi hori ez dugu egin— hemendik aurrera zer egin behar dugun zehaztea.
Lehenengoz jarri dituzue martxan gurasoentzako euskara eskolak. Zer moduz?
ARAMENDI: Oso ondo funtzionatzen ari dira: eskolak gurasoentzat dira, eta seme-alabak eskolan dauden bitartean ematen dira. 22 talde sortu dira hamasei herritan.
SEGUROLA: Udalek beren gain hartu dute kostua; hau da, doakoak dira. Eskolak ere inplikatu dira, saioak bertan izateko. Baldintzak daudenean, euskarara hurreratzeko urratsa egin behar dutenek errazago egiten dute.
Beste mugarri bat ere izan duzue: arnasguneei buruzko konferentzia, urrian. Zein bide orri zehaztu dituzue?
SEGUROLA: Inflexio bat izan da arnasguneen konferentzia; balorazioa oso positiboa da. Azken urteetan arnasguneen garrantziaren inguruan gogoetatu da, eta horrekin ageriago geratu da arnasguneen rola. Ez gara esaten ari arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bakarrik eragin behar dela, baina, horiek galduko bagenitu, galtzeko arriskutik gertuago dauden hizkuntzen parean jarriko ginateke. Udalerri horietan, politika bereziak egin behar dira. Beste urrats batzuk egiten segitzeko asmoa daukagu: otsailean estrategia proposamen bat aurkeztu nahi dugu, hizkuntz politika planifikatzerakoan aintzat hartzeko.
ARAMENDI: Behar-beharrezkoa da arnasguneak eta udalerri euskaldunak legez babestea eta halakoetan berariazko hizkuntza politika bat egitea. Arnasguneak zenbat eta indartsuago eta euskaldunago eta biztanleak zenbat eta ahaldunduago eduki, eragina orduan eta hobea izango da, bai herri horietan, baita arnasgune soziofuntzionaletan ere: administrazioan, lantokietan, unibertsitateetan...
«Behar-beharrezkoa da arnasguneak eta udalerri euskaldunak legez babestea eta halakoetan berariazko hizkuntza politika bat egitea»
MARTIN ARAMENDI UEMAko lehendakaria
Urteak gozotik bezala izan du gazitik. Uztailean, berrehundik gora alkate eta udal ordezkari kalera atera zineten Bilbon, EAEko Udal Legearen kontrako epaiak salatzeko.
ARAMENDI: Ez da logikoa Ataun, Ituren edo halako beste herri batean dena bikoiztea: osoko bilkurarako deialdia bi hizkuntzatan egitea, aktak ere bai... udaleko kide guztiak eta herritarren %80tik gora euskaldunak izanik. Arazorik ez dagoen eremu batera arazoa sortzera etorri dira epaiak; onartezinak eta erabat salagarriak dira.
SEGUROLA: Alde horretatik, bi lan ildo dagozkigu: legearen zirrikitu denak aprobetxatzea, eta legea aldatzeko borrokatzea.
Oldarraldia nola ari da eragiten arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan?
SEGUROLA: Dezente ari da eragiten, kalterako. Beldurra sortzen du, baita erabakiak hartzen dituzten guneetan ere. Udal teknikariek gero eta tentuzago begiratzen diete onartzen diren hizkuntza irizpideei. Politikarientzat ere gero eta zailagoa da azken urteetan hizkuntz normalizazioan eman diren pausoei eustea. Eta udal batean baino gehiagotan atzeraka hasi gara.
«[Euskararen aurkako oldarraldia] Dezente ari da eragiten, kalterako. [...] Udal batean baino gehiagotan atzeraka hasi gara»
MIREN SEGUROLA UEMAko koordinatzailea
Pizkunde baten beharra ari da aldarrikatzen euskalgintza. Zer ekarpen egin behar dute UEMAk eta udalerri euskaldunek?
SEGUROLA: Herritarrak animatzea dagokigu, olatura etor daitezen. Baina, era berean, administrazioek eredu izan behar dugu: estrategikoa da oldarraldiaren aurrean eustea, hizkuntza politika ahalik eta aurrerakoienak egitea, eta euskarari gure udaletatik behar duen hori ematen jarraitzea.
ARAMENDI: Abenduaren 27ko [Euskalgintzaren Kontseiluaren] ekitaldiarekin bat egiten dugu, eta bertan izango gara.