Informazio Klasifikatuaren Lege proiektuak ez ditu asebete EAJ eta EH Bildu

Espainiako Ministro Kontseiluak onartu egin du Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko proiektua. 45 urte baino gehiagoko agiriak «automatikoki» desklasifikatuko dira.

Sanferminak 78 Gogoan elkartearen ekitaldi bat, German Rodriguezen omenez. IDOIA ZABALETA / FOKU
Sanferminak 78 Gogoan elkartearen ekitaldi bat, German Rodriguezen omenez. IDOIA ZABALETA / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko uztailaren 22a
15:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua onartu du, frankismoaren garaitik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko. Egitasmoaren eduki gehienak ezagunak ziren lehenagotik ere, eta gobernuak aurkeztutakoak ez du berritasun handirik ekarri. EAJ eta EH Bildu ez ditu asebete proposamenak, baina bi-biak prest azaldu dira testuan aldaketak egiteko, batez ere agiriak desklasifikatzeko epeak laburtze aldera.

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak eman ditu lege proiektuaren inguruko xehetasunak; aurrerantzean, eta lege proiektua onartzen bada, agiri sekretuak «automatikoki» desklasifikatuko dira 45 urte igaro ostean. Baina neurriak badu ifrentzua: irizten badiote informazio horrek arriskuan jartzen dituela «nazioaren defentsa eta segurtasuna», 45 urteko epe hori beste hamabost urte luza daiteke. Gainera, legea ez da indarrean sartuko Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta berehala, urtebete geroago baizik.

Sekretu ofizialak lau mailatan sailkatu dituzte lege proposamenean: mugatuak, konfidentzialak, sekretuak eta goi mailako sekretuak. Mota bakoitzak desklasifikatzeko epe bat dauka: lauzpabost urtekoa da agiri mugatuentzat, zazpi eta bederatzi urte bitartekoa konfidentzialentzat, 30 urtekoa sekretuentzat eta 45ekoa goi mailako sekretuentzat. Halere, azken bi sailkapen horietan beste hamabost urte luza daiteke agiriak sekretupean gordetzeko epea; alegia, hirurogei urteraino.

Bolañosek esan duenez, giza eskubideen eta gizadiaren aurkako krimenei buruzko informazioa ezin izango da klasifikatu, agiriak sekretupean atxikitzea «salbuespena» izango da, eta «betiere modu arrazoituan» egingo da hori, «egokitasun, beharrizan eta neurritasun irizpideei jarraikiz».

Bolañosek nabarmendu du lege berriak frankismoaren garaiko araua ordezkatuko duela. «Lege hau homologagarria da inguruko herrialdeetako araudiekin, nazioaren defentsa eta segurtasuna bermatzen ditu, eta uztargarria da herritarrek jakiteko duten eskubidearekin».

Orain, lege egitasmoei dagokien ohiko tramitea egin beharko dute: talde parlamentarioek aldaketak proposatzeko aukera izango dute, gobernua behar beste babes lortzen ahaleginduko da, eta, azkenean, bozketa egingo dute Espainiako Gorteetan. Bolañosek esandakoaren arabera, okerrik ezean urte honen amaieran izan daiteke bozketa, eta legea urtebete geroago sartuko litzateke indarrean, hots, 2026. urtearen hondarrean. Horrek esan nahi du legea onartzeaz batera automatikoki desklasifikatuta geratuko liratekeela 1981. urtearen amaiera baino lehenagoko agiriak: besteak beste, frankismoari buruzkoak, trantsizioaren garaiko polizia gehiegikerien ingurukoak, eta 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpeari dagozkionak. GALi buruzko agiriek, aldiz, sekretupean iraungo lukete zenbait urtez.

Xedeetatik «urrun»

EAJren iritziz, «albiste ona» da egitasmoa aurkeztu izana, baina pentsatzen dute proposatutakoa «urrun» dagoela oraindik ere jeltzaleen asmoetatik. «Berandu bada ere, lege proiektua Gorteetara iritsiko da, eta, hortaz, izango dugu horretaz eztabaidatzeko aukera», adierazi du Maribel Vaquero diputatu jeltzaleak.

Vaquerok gogorarazi du bere alderdiak lau proposamen aurkeztu zituela frankismoaren garaiko legea aldatzeko, eta iragarri du aldaketak proposatuko dituela testuan txertatzeko. «Edonola ere, albiste ona da», berretsi du. «Lege frankista bat bertan behera utziko dugu, eta gardentasuna eta egia sustatu, trantsizioaren garaian eta demokraziaren lehenengo urteetan gertatutakoaren berri jakin ahal izateko».

Vaqueroren iritziz, lege proiektuan bada «zer hobetu», eta horretan ahaleginduko dira datozen hilabeteetan: «Orain lanean jarraitzea dagokigu, legea bat etor dadin guk beti defendatu izan ditugun egia eta gardentasun helburuekin. Zorrotzak izango gara horretan».

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpurua ere zuhur mintzatu da. Esan du testua osorik irakurritakoan emango dutela iritzi osatuagoa, baina proiektua ez dela balekoa izango Espainiako Gobernuak orain arte proposatutakoen ildo berekoa baldin bada: «Aurreko legealdian aurkeztutakoaren antzekoa dirudi, eta hura eskasa zen. Epeak luzeegiak ziren, eta horrek modua ematen zuen inpunitateari eta isiltasunari eusteko Euskal Herrian gertatu diren zenbait egoera larriren harira». Gogorarazi du orain «tramitazio luze bat» izango dela lege proiektuan aldaketak egin ahal izateko, baina zera ohartarazi du: «Aurrekoaren ildo berekoa baldin bada, ez gara ados egongo proiektu honekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.