Espainiako Gobernuak Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua onartu du gaur

Gobernuak hirurogei urtera arteko epea jarri nahi du «goi mailako sekretutzat» jotako agiriak desklasifikatzeko, eta 45 urte artekoa dokumentu sekretuetarako.

German Rodriguez, hil aurretik, 1978ko uztailaren 8an.  SERGE BAGGI
German Rodriguez, hil aurretik, 1978ko uztailaren 8an.  SERGE BAGGI
jon olano
2025eko uztailaren 22a
09:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Informazio Klasifikatuaren Lege proiektua onartu du gaurko saioan, eta harekin ordezkatuko du 1968ko —frankismo garaiko— Sekretu Ofizialen Legea. Ikusi beharko da lege egitasmoak zer bide egiten duen, bosgarren saioa izango baita hura erreformatzeko, baina, Pedro Sanchezen gobernuak onetsiko duen testuaren arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko —beste hamabost urtez luzatzeko aukera izango da—, eta 45 urtekoa izango da «goi mailako» sekretuetarako —hori ere hirurogei urtera arte luza daiteke—. 

1

Sailkapenak eta epeak

Zehazki, gobernuak lau mailatan sailkatu ditu agiriak. Goi mailako sekretuak «subiranotasunari, lurralde osotasunari eta segurtasun nazionalari» eragiten diotenak izango dira, besteak beste. Sekretu gisa jotakoek arlo bereko agiriei egingo diete erreferentzia, baina desklasifikazio epea apalagoa izango da: 30 urtekoa, beste hamabost urtez luzatzeko aukerarekin. Zein da aldea, orduan? Goi mailako sekretuak zabaltzeak «kalte edo mehatxu oso larria» eragin diezaiokete Espainiari; sekretuak zabaltzeak, berriz, kalte edo mehatxu «larria». Era berean, dokumentu «konfidentzialak» desklasifikatzeko zazpi eta bederatzi urte bitarteko epea jaso du legegaiak —horiek zabaltzeak Espainiaren interesei kalte edo mehatxu «arina» eragingo lieke—, eta lauzpabost urtekoa agiri «mugatuentzat». Era berean, ezingo dira klasifikatutzat jo giza eskubideen eta humanitatearen aurkako krimenei lotutako agiriak.

Hortaz, lege erreformak, orokorrean, modua emango luke 1981etik atzerako dokumentuak desklasifikatzeko; alegia, frankismo garaikoak, 1976ko martxoaren 3ko sarraskikoak eta 1978ko sanferminetakoak, besteak beste. Aitzitik, epe horietatik kanpo legoke oraingoz GALi buruzko informazio oro. Badira salbuespenak, ordea: 1981etik atzerako agiriek sekretupean jarrai dezakete «salbuespen gisa eta modu arrazoituan antzematen bada segurtasun eta defentsa nazionalerako mehatxu edo kalteak irauten duela».

Epe horiek kontuan hartuta, nekezagoa izango da sekretu ofizialak desklasifikatzea EAJk aurkeztutako lege proposamenean jasotakoa baino. Indarrean dagoen araudian, 1968koak, ez zaie sekretuen desklasifikazioari epemugarik jartzen, baina EAJk aurkeztu zuen lege proposamenean eskatzen zuen gehienez 25 urtez ezkutatzeko aukera izatea sekretu gisa klasifikatuak —35 urteraino luzatzeko aukerarekin—, eta hamar urtez ezkutukoak.

2

Desklasifikazioa, «automatikoki»

Legeak aurrera eginez gero, dokumentuak «modu automatikoan» desklasifikatuko dira horretarako epea igarotzen denean. Horren aurretik, epaileek ezingo diote gobernuari eskatu dokumentu sekretu bat desklasifikatzeko, hori aurrerantzean Auzitegi Gorenari eskatu beharko baitiote, eta hark gobernuari. Hark uko egiten baldin badio, Auzitegi Gorenak aukera izango du sekretupean dagoen informazio hori aztertzeko, «edukia erabat gordeta». Gainera, lege egitasmoaren arabera, «interes legitimoa» duen edo «interes profesionala justifikatu» dezakeen edonork eska dezake sekretupeko informazio bat desklasifikatzea dagokion epearen aurretik. Eta, norabide berean, informazio bat klasifikatutzat jotzearen aurka helegitea jar liteke Auzitegi Gorenean.

Beste aldaketa nagusietako bat da Espainiako Presidentetza Ministerioarena izango dela sekretu ofizialen ardura. Orain arte, Informazio Sailkatuaren Autoritate Nazionala, CNI Espainiako zerbitzu sekretuei atxikia, Defentsa Ministerioaren menpe zegoen.

3

Saio antzuak

Kontuak kontu, ikusteko dago Espainiako Gobernuaren lege aurreproiektuak, gaur lege proiektu bihurtuko denak, zer ibilbide egiteko modua izango duen. Orain, gobernuak onartu eta gero, Espainiako Gorteetan abiatu beharko du tramitazioa. Baina ez da lehen aldia bide horretan Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko asmoak ezerezean geratzen direna. Espainiako Gobernuak berak 2022an aurkeztu zuen Informazio Klasifikatuaren Lege aurreproiektu bat, gaur onartuko duena baino murriztaileagoa —«goi mailako sekretuei» dagokienez, 50 urteko epemuga ezartzen zuen, 65 urteraino luza zitekeena—, baina Sanchezek 2023ko maiatzean hauteskundeetara deitu eta kale itsuan geratu zen proiektu hura. EAJk ere 2016tik legealdi bati ekin dioten aldiro eraman du proposamena Kongresura. 2024ko otsailean onartu zuen tramitera kongresuak. Orain ere, legealdiaren iraupenak zehaztu dezake proiektua lege bihurtuko ote den.

Hain justu, gobernuak Demokraziaren aldeko Ekintza Plana onartu zuen iazko irailean, eta bertan jasotzen zen Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko asmoa. Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak joan den astean Espainiari ohartarazi zion Sekretu Ofizialen Legea indargabetu beharko lukeela. Ekain amaieran, berriz, EH Bilduk, PSOEk eta Sumarrek adostutako legez besteko proposamen bat onartu zuen Espainiako Kongresuak. Horretan, gobernuari eskatu zioten 1968ko araua moldatzeko, 1978ko sanferminetako gertakariak eta German Rodriguezen hilketa ikertu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.