Ezin du benetako izena eman, oraindik beldur baita bere hitzek lege ondoriorik izango ote duten, eta, gainera, uste du kolektiboa garrantzitsuagoa dela banakako kasuak baino. Izen faltsu bat ezin aukeratuta ibili da, eta lagun bati eskatu dio bat esateko; hark «Elena» erantzun du. Izan ere, izen eta nortasun asmatuek eragin dezaketen sufrimenduaren jakitun da Elena, Kataluniako herri mugimenduetan infiltratutako Espainiako polizietako batek kalte egin zieten pertsonetako bat da eta. Harekin harreman afektibo eta sexualak izan zituen denbora batez, eta ondorioak pairatzen ditu oraindik: «Objektu bat izan ginen estatuarentzat, informazioa lortzeko objektu bat. Tortura den? Bai, noski. Berak bazekien zertan ari zen».
2022ko ekainean Kataluniako La Directa aldizkariak argitaraturiko ikerketako kasuetako bat da harena. Kataluniako herri mugimenduko hainbat elkartek eginiko ikerketari esker, infiltraturiko lau poliziaren benetako nortasuna azaleratu zuten, eta haietako bat zen haren erasotzailea. Bildutako informazioa eta jakinduria La sombra del Estado. Un testimonio colectivo sobre las infiltraciones policiales (Descontrol) (Estatuaren itzala. Poliziaren infiltrazioen testigantza kolektibo bat) lanean argitaratu dute. Egileek Rosas Negras pseudonimoarekin sinatu dute, eta Elenak Bilboko Arroka Espazioan eginiko haren aurkezpenean eman ditu xehetasunak, Maider Galardi kazetari eta ikerlariarekin izandako solasaldian.
«Paranoia batean bizi naiz batzuetan. Ez dugu utzi behar paranoiak politikoa den hori irents dezan: aurrera egin behar da. Baina, agian normalizatu egin behar dugu bilera batean lan bizitzaren dokumentua eskatzea. Segurtasun kolektiboa garrantzitsua da»
ELENA Infiltraturiko polizia batek kalte egindakoa
Elena Daniel H. P. poliziak kalte egindako pertsonetako bat izan zen. 2020tik 2022ra egin zuen sator lana Bartzelonako herri mugimenduetan —liburuak Katalunian eta Espainian identifikaturiko hamasei polizia infiltraturen fitxak dakartza—, eta hainbat pertsonarekin izan zituen harremanak. Aitortu du pairaturikoa tipifikatzea ez dela erraza: «Kosta egin zaigu bortxaketa izena jartzea, eta kritikatu egin gaituzte. Beste abokatu batzuek gureak ezbaian jarri zituzten bortxaketa delitua eskatu zutelako. Zorionez edo zoritxarrez, baina, asko gara».
Polizia infiltratuek harreman afektibo luzeak izan zituzten kaltetuekin. Liburuan, esaterako, hiru edo bost urteko bikote harremanak ere jaso dituzte. Liburuko pasarte bat irakurri du bizi izandakoari hitzak jartzeko: «Guk galdetzen genuen: bortxatu egin zaituztela uste duzu? Lehen erantzuna ezezkoa zen, baina, pentsatzen hasita, ikusten duzu baietz, hala izan dela. Beste harreman batzuk izatean ikusten duzu estatuak bortxatu egin zaituela». Ondoren, bere hausnarketa gehitu du: «Bortxaketa eta tortura deskribatzen dituen osagarri guztiak betetzen baditu, agian hala da, ezta?».
Zergatik ni?
Halakoetan, oso zaila da galdera hau ez egitea: «Zergatik ni?». Badu erantzuna: «Interesatzen zitzaiona ez nintzen ni, nire ingurua baizik. Nirekin zuen harreman estua erabili zuen zirkulu jakin batzuetara iristeko. Informazioa biltzeko objektu bat bilakatu nintzen, baina berak bazekien zertan zebilen; horregatik da tortura». Eta zergatik zirkulu horiek? Hor zailagoa da erantzutea: «Ez dakigu zer jartzen duen guri buruzko txostenetan, eta uste dut ez dugula inoiz jakingo. Sekretu ofizialen legearen babesean daude. Uste dugu Kataluniako kolektibo alternatiboen —anarkisten, independentisten— datuak bildu nahi zituztela: nor zen nor, alegia».

Abusua pairatu zutenei horrek utzi dizkien kalte motak azaldu ditu—bi ziren lekukotza ematekoak Bilbon, baina besteak, antsietateak jota, ezin izan zuen hegaldia hartu—. Eta, era berean, elkartu izanak eta elkar zaintzeak eman dien indarra goratu du. «Kaltetu gehienek utzi egin dute lehengo militantzia, baina beste militantzia bat sortu dute. Jarrerak, zaintza... ez da kasualitatea gehienak emakumeak izatea».
Elenak aitortu du bizitza pertsonalean «paranoia batean» bizi dela batzuetan, oso mesfidati bihurtu dela. Eta zirkulu jakin batzuetan ez du begi txarrez ikusten zuhurtziaz jokatzea: «Ez dugu utzi behar paranoiak politikoa den hori irents dezan: aurrera egin behar da. Beraz, agian normalizatu egin behar dugu bilera batean lan bizitzaren dokumentua eskatzea. Segurtasun kolektiboa garrantzitsuagoa da».
«Heroiak»
Espainiako Poliziaren infiltrazioen hari mutur ugari jorratu dituzte liburuan. Jatorria, historia, moduak, jokamolde patroiak... eta haiek hautemateko gida bat. Halakorik pairatu dutenei ahotsa eman diete, baina erasotzaileengan ere jarri dute arreta, poliziengan. «Estatu estrategia baten peoiak dira. Estatuak badaki nor sartu eta non. Baliabide asko jartzen ditu hor. Pentsa: infiltratu bat kafetegi batean lanean hasi zen, eta izen faltsuarekin bidaltzen zuten nomina Gizarte Segurantzara».
Itxaropena, Europan
Infiltrazioek kalte eginikoek hainbat elkarte osatu dituzte: Bartzelonan, Gironan, Valentzian, Madrilen... Kereilak abiatu dituzte pairaturiko abusuak salatzeko. Oraingoz ez dituzte tramiterako onartu tokian tokiko epaitegietan. Besteak beste, onarpena edo segurtasun nazionalari eragin diezaioketen kaltea erabili dute epaileek argudio gisa. Elenaren kalkuluen arabera, 30.000 euro daramatzate gastatuta Bartzelonan bakarrik, eta azaldu du laguntzak onartzen dituztela Accio Contra l’Espionatge webgunearen bitartez. Kataluniako auzitegietan ere atea itxi diete helegiteei, eta babes eske joan dira Espainiako Auzitegi Konstituzionalera: «Ez dugu ezer espero han, baina pauso guztiak bete behar ditugu Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ahal izateko», onartu du.
Urteak pasatu dira, baina badute polizien berri oraindik. Behin identifikatu eta gero, erraza da haien arrastoari jarraitzea; langile publikoak dira, eta Kataluniatik kanpo bizitza normala egiten dutela diote. Daniel H.P.-k Espainiako Polizian gora egin duela jakin dute. «Infiltratuta zegoela, tatuaje handi bat egin zuen hankan [La Directa-ko erreportajean ikus daiteke], eta lasai asko dabil galtzamotzetan. Are gehiago, Change.org-en eskari bat egon zen domina bat eman ziezaioten. Heroi bat da Poliziarentzat».
Poliziarentzat... eta «bere buruarentzat», gehitu du. Izan ere, nola da posible hiru edo bost urtez infiltrazioari eustea? «Ez dute beren bizitza erreala alboratzen: bi bizitza paralelo dira. Infiltratuek laguntza psikologikoa jasotzen dute, eta esaten diete egiten ari direna oso garrantzitsua dela. Heroiak direla sinesten dute. Babes psikologiko eta ekonomiko handia behar da horretarako».