2000. urtean, UEUk euskal komunitate zientifikoaren datu basea sortu zuen: Inguma. Bada, 25 urte bete berri dituen honetan, euskararen produkzio zientifikoa zaintzen eta sustatzen egin duten bidea ospatu dute gaur, Bilborocken, urte guzi horietan Ingumaren inguruan ibili diren eragileek. Egindako bideaz harro, etorkizunera begira jarri dira, eta «euskarazko ekoizpen zientifikoa areagotzeko politika eraginkorrak» behar direla azpimarratu dute.
Inguma proiektua urteetan nola gauzatu den kontatzeko gisan-edo, zenbait datu eman dituzte: «Gaur egun 14.217 egile, 48.395 dokumentu eta 220 erakunderen erreferentziak topatu daitezke webgunean, eta zerbitzua doan dago eskuragai». Elementu horiek guziek osatzen dituzte unibertsitate mailan azken hirurogei urteetan ahoz nahiz idatziz ekoitzitako euskarazko zientzia lanak. Hori bera zen hasierako asmoa: «Euskara batuaren arauak finkatzen hasi zirenetik gaurdainoko produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea eta gizartearen esku jartzea».
Hiru helbururi jarraikiz aritu dira lanean, Iñaki Alegria Loinaz UEUko zuzendari ohiak eta datu basearen sortzaileetako batek zehaztu duenaz. Lehenik, komunitate zientifiko-intelektualaren euskarazko ekoizpena bildu, aztertu eta zabaltzea; bigarrenik, euskal komunitate zientifikoari ikusgarritasuna ematea; eta, azkenik, euskal hiztunen artean ezagutza sustatuz eta euskarazko jakintza sarea indartuz goi mailako euskara teknikoaren eta akademikoaren prestigioa eta ikusgarritasuna areagotzea.
Ez dira helburu txikiak, baina bete dituzte, neurri batean bederen; hala uste du Amaia Torrealdai Galarreta Huheziko ikertzaileak. Gaurko ekitaldian Euskal ekoizpen zientifikoaren bilakaera Ingumaren 25 urteen bitartez ikuspegi bibliometriko batetik ikerketaren emaitzak agertu ditu, eta, haren arabera, lan horrek erakusten du «Inguma [dela] euskarazko ekoizpena neurtzeko tresnarik osatuena».
Orokorrean euskarazko ekoizpenak beheranzko joera du, eta, Torrealdaik azaldu duenaz, «nazioarteko datu base handietan, euskarazko ekoizpenek neurgarritasun eskasa dute». Horregatik konbentzitua da Inguma «ezinbesteko pieza» dela baliabide estrategiko gisa, eta hala izan daitekeela etorkizunean ere, ezagutza euskaldunaren transmisioa eta iraupen akademikoa bermatzeko.
Oskia Agirre Orbegozo UEUko talde eragileko kideak ondorioztatu du datu basearen bilaketak gehiago hobetu behar direla eduki berriak katalogatzen hasiz, eta baita eduki berriak sortuz ere. Zeren euskarazko produkzio zientifikoa gutxitzen doa, baina hori «euskararen garapen zientifikorako politika baten gabeziaren ondorio da», Agirreren aburuz.