Euskara

Inguruan sare euskalduna edukitzea giltzarri da euskaraz ikasteko bidean

Euskal hiztun berriei buruzko ikerketa bat egin du Deustuko Unibertsitateak. Alde nabarmena dago oso euskaldunak diren herrietatik besteetara. Erabilerari dagokionez, hizkuntza ohiturak dira gakoa.

jarraia130340.jpg
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urtarrilaren 7a
14:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiztunen kopuruan gero eta pisu handiagoa dute hiztun berriek, euskara etxetik kanpo ikasi dutenek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inkesta soziolinguistikoaren arabera —urrian aurkeztu zuten—, hiztun berriak dira 50 urtetik beherako euskaldunen ia erdiak; 1991n, %15 ziren. Ehunekoa are handiagoa da adin talde gazteetan, eskolaren ondorioz. Ikerketa mardul bat egin dute hiztun horiei buruz, eta erakutsi dute inguruak berealdiko eragina duela: bai euskara ikasteko, bai erabiltzeko. Zenbat eta inguru euskaldunagoa, errazagoa da bidea; eremu erdaldunagoetan, inguru euskaldunak bilatzen saiatzen dira hiztun berri asko. Behin ikasita, hizkuntza ohiturak dira giltzarria.

Deustuko Unibertsitatean egin dute ikerketa, Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izenekoa. Lau irakasle aritu dira: Esti Amorrortu, Ane Ortega, Jone Goirigolzarri eta Jacqueline Urla. Batetik, elkarrizketa eta eztabaida taldeen bidezko ikerketa kualitatiboa egin dute; bestetik, Siadeco etxeak egindako azterketa kuantitatibo bat daukate, 600 inkesta baino gehiagokoa.

Eskolan umetan euskaldundutakoak eta heldutan euskaltegian arituak, bietakoak hartu dituzte ikergai —gaitasun aurreratua dutenak—. Ikaskuntza prozesuan pisua du testuinguruak. Nola umetan —«testuinguru mesedegarrian bizi direnek eskolatik kanpo erabiltzeko aukera handiak izan dituzte, eta ikaste prozesu eta esperientzia oso naturalak izan dituzte»—, hala heldutan —«euskaltegitik kanpo erabiltzeko aukera izan dutenek euren gaitasunarekiko autopertzepzio positiboak dituzte, eta objektiboki ere gaitasun hobea erdietsi dute»—.

Eremu soziolinguistikoak

Euskalduntze bidearen emaitzan pisu handia dauka testuinguruak, ikerketaren arabera. Inguru erdaldunagoetan, kasu gehienetan euskaltegiko ikasleek bide «luzea» egin behar izaten dute, eta «aparteko ahalegina». Denek ez dute lortzen espero izandako emaitza: «Batzuek ez dute sentitzen benetako gaitasuna lortu dutenik, edota galdu egin dute euskaltegia utzi ondoren». Eremu euskaldunetan, berriz, gaitasun hobea lortzen dute, oro har, nahiz eta hango hiztun berri batzuek hutsuneak dauzkatela ohartarazi.

Inkestaren datuek hori diote. Beren euskara mailarekin pozik daude gehienak: %53, «nahiko gustura», eta %22, «oso gustura». Baina datuak eremu soziolinguistikoka aztertuta, hara: euskaldunak %70 baino gehiago diren herrietan hiztun berrien %41 daude «oso gustura» mailarekin; batez bestekoaren bikoitza, alegia.

Euskara batua edo euskalkiak, aldea dago eremu soziolinguistikoaren arabera. Hiztun berriek, oro har, maila hobea dute batuan, irakaskuntzaren eraginez: %85 «ongi edo nahiko ongi» jarduten dira; euskalkietan, %58. Lagunarteko hizkerari buruz galdetuta, %71k esan dute «ongi edo nahiko ongi» egiten dutela. Koska dago %70etik gora euskaldunak diren herrietatik besteetara. Euskara indartsuen dagoen herrietan, hiztun berrien %89k ondo dakite lagunarteko hizkera, eta euskalkia, %85ek. Batuan, berriz, batezbestekoa baino gutxiago aritzen dira eroso herri euskaldunetan: %74. Euskaraz kalean ikasi dute udalerri horietako hiztun askok. Hiztun berrien artean ospe hobea dute euskalkiek batuak baino. Ez dute euskalkien aurkako mezurik sumatu ikerketan, baina bai batua «artifizialtzat» jo dutenak, nahiz eta beharrezkoa dela iritzi.

Norbere jarreraren pisua

Euskara erabiltzeko ere giltzarria da ingurua, euskaraz aritzeko aukera gehiago edo gutxiago izatea baitakar. «Haatik, testuinguruak ez du guztiz baldintzatzen hiztun berrien esperientzia: haien gizarte sareek garrantzi handia dute, testuinguruaren eragina neutralizatzerainokoa», azaldu dute. Sare euskaldunak funtsezkoak dira, eta testuingurua erdalduna bada, zail da lortzea. Ahalegin handiagoa eskatzen die horrek eremu horietako hiztunei. «Egoera zenbat eta oztopatzaileagoa izan, orduan eta jarrera proaktibo handiagoa izan behar du hiztunak euskara erabili ahal izateko». Hiztunaren konpromisoa eta motibazioa nahitaezko dira, batez ere eremu horietan. «Euskararen erabilerarako gako inportantea hiztunaren esku dago, bere jarrera proaktibo ala erreaktiboan».

Hizkuntza ohiturak aldatzeko zailtasunak nabari dira, hala ere. Hiztun berrien kasuan, gogoan izan behar da gurasoak erdaldunak dituztela, eta horrek gehiago zailtzen du aldatzea. «Neba-arrebak euskaldunak izanagatik, ohikoa da familian gaztelania nagusitzea, gurasoak ez baztertzeko». Eta behin erdararako joera ezarria dagoela, zail da aldatzea. Berdin bikote harremanetan. Argigarria da inkestako datu bat: erdaraz gehiago egiteko arrazoi nagusia ohitura da —%93k hori esan dute—, eta areago gazteen artean —%97k aipatu dute ohituren gaia—. Izatez, 18-26 urteko gazte hiztun berriek erabiltzen dute euskara gutxien, oro har, salbuespen batekin: lankideekin eta ikaskideekin haiek erabiltzen dute gehien —eskolaren ondorioa sumatzen da—.

Gazteen artean euskaraz dakitenen kopurua etengabe gora ari da, batez ere hiztun berriei esker. Aukera berriak dakartza horrek, euskara sustatzeko beste neurri batzuk hartzeko aukerak. Baina beharrak ere badira: «beste zerbait» behar dela ohartarazi dute, eskola ez dela aski. Euskara informala lortzea, euskara eskolarekin lotzeko joera haustea eta identitate esparrua lantzea aipatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.