Pasaiako kanpoko portuak «bueltarik gabeko kaltea» egingo luke Jaizkibel eta Uliako naturgune babestuetan. Gainera, ekonomiaren ikuspegitik proiektuak ez du bideragarritasunik.
Espainiako Ingurumen Ministerioak (MARM) Pasaiako Portu Agintaritzak egindako Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari jarritako alegazioaren edukiek ez dute zalantzarako zirrikiturik uzten.
Joan den urteko abenduaren 17an Miguel Buen portu agintaritzako lehendakari ohiak jakinarazi zuen 1.012 alegazio jarri zizkiotela Ingurumen Iraunkortasunerako Txostenari. Ez zuen esan, ordea, Ingurumen Ministerioak jarri zuela haietako bat, kontrakoa zela, eta zorroztasun handikoa, gainera. Hala baloratu zituen Buenek jarritako alegazioak: «Aurkako alegazioen zati handi bat aldez aurretik zehaztutako jarrera politikoen ondorioz jarritakoak dira».
Atzo El Pais egunkariak eman zuen Ingurumen Ministerioak jarritako alegazioarenberri, etaLucio Hernando portuko lehendakari berriak baieztatu zuen.
MARMek gogorarazi du Jaizkibel eta Ulia Europako interes komunitarioko tokiak (LIC) direla, eta, beraz, babestu behar direla. Badia barruan portu agintaritzak pentsatu duen hirigintza operazioari ere kritika gogorra egin dio MARMek. «Lur horiek ezin dira ondasun gisa hartu eta hirigintza prozesu batean erabili».
Ildo horretan, kanpoko portua alboratu eta bigarren alternatibaren aldeko hautua egiten du Ingurumen Ministerioak. Aukera horren arabera, egungo portua mantenduko litzateke eta Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa erantsiko litzaioke. Horrekin batera, Herrerako lurrak lehengoratuko lirateke. «Aukera horrekin itsaslabarrak berdin jarraituko luke, badiaren lehengoratzean modu positiboan eragingo luke, eta aukera emango luke portuaren jarduera garatzeak lekarkeen trafiko kopuruari eusteko». Izan ere, Ingurumen Ministerioaren arabera, portu agintaritzak aipatzen duen trafikoaren hazkundeak ez du justifikatzen kanpoko portua egitea. Urtean bi milioi tona salgai gehiago mugitzeko kanpoko portua egitea eta 765 milioi euro xahutzea harriduraz hartu du MARMek.
Portua egiteak ingurumenaren balio nagusiei eragingo lieke, Ingurumen Ministerioaren alegazioaren arabera: paisaia, itsas bioaniztasuna, itsas dinamika eta prozesuak, itsas hondoko sedimentuak, landaredia eta fauna, besteak beste. Hala, inguru hori bereziki hauskorrak diren itsasguneetan dagoela oroitarazi du.
MARMek ere aintzat hartu du portu berrian zentral termiko bat hartzeko aukera: «Ezin dira egin portu erabilerarako ez diren betelanak».
Ingurumen Ministerioa: «Bueltarik gabeko kaltea dakar»
Ekonomiaren ikuspegitik ere portu berria ez da bideragarria Espainiako Ingurumen ministerioaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu