Ingurumenaren eta gizakien osasuna uztartuko dituen ikerketa zentro bat sortu du EHUk

Nazioartean indarra hartzen ari den ikuspegi bat indartzeko helburua du zentro berriak: 'osasun bakarra' deritzona. Ehun ikertzailek osatuko dute.

EHUko dozenaka ikertzaile, Bizkaiko campusean. EHU
EHUko dozenaka ikertzaile, Bizkaiko campusean. EHU
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 15a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotan, ingurumena, animaliak, landareak eta gizakiak elkarrengandik bereiz ikertzen dira zientziaren munduan. Zatiketa hori atzean uzteko ikerketa zentro bat sortu du Euskal Herriko Unibertsitateak: EHU-iBio, Ingurumen eta Giza Osasun Integraturako Ikerketa Zentroa. Gaur onartu du EHUko Gobernu Kontseiluak zentro horren sorrera, aho batez, eta, azaldu dutenez, asmoa dute diziplina horiek integratuz nazioarteko One Health edo osasun bakarraren ikuspegia indartzeko.

EHUk azaldu duenaren arabera, «giza osasuna ezin da bestetatik bereiz aztertu», lotuta baitago animalien eta landareen osasunarekin eta ekosistemen egoerarekin. Hala, alor horietako ikertzaileek elkarlanean jardun beharra nabarmendu dute, eta hori bera egingo dute zentro berrian, aztertzeko gizakien eta haien ingurunearen arteko harremanak zer eragin izan dezaketen osasunean. Hala, biomedikuntza, biodibertsitate eta agrobiologia alorretako proiektuak egingo dituzte.

EHUren Bizkaiko campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ehun ikertzaile bilduko zentroak, eta arduradunen %70 emakumeak izango dira; ikerketa taldeetakoak dira hamahiru, eta ikertzaile nagusiak 29 izango dira. Talde guztiak batuta, lau milioi euroko aurrekontua dute, gutxi gorabehera. Campuseko Maria Goyri eraikina izango dute egoitza.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA