Gary Lupyan. Madisongo Unibertsitateko ikertzailea

«Inguruneei eta gizarteei lotuta daude gramatikak»

Munduan zergatik dauden hainbeste hizkuntza, eta zergatik diren haien artean hain ezberdinak ikertzen ari da Gary Lupyan irakaslea.

mikel p ansa
Donostia
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Munduko hiztunen erdiak ingurune eleaniztunetan hezten dira. Munduko hizkuntzen erdiak Luxenburgo baino eremu txikiagoetan hitz egiten dira, eta 7.000 hiztun baino gutxiago dituzte. «Ingelesa, gaztelania, txinera... ez dira erregela», azaldu du Gary Lupyan Wisconsingo Madison Unibertsitateko irakasleak. Lur eremu handi batean hizkuntza bakar bat hitz egitea ez da estandarra. Non gelditzen da euskara erregela horretan? «Uste dut 600.000 hiztun direla. Tira, ez da hainbeste, baina 7.000 baino gehiago dira».

Lupyanek hizkuntzen aniztasunaren arrazoiak ikertzen dihardu, eta Amerikako Estatu Batuetatik Donostiara etorri da egunotan. Basque Center on Cognition, Brain and Language erakundeak antolatutako mintegian, hitzaldia eman zuen ostiralean —Zergatik daude hainbeste hizkuntza, eta zergatik dira batzuk hain konplexuak?—. Ikerketaren ondorio nagusia aurkeztu du: «Hizkuntza baten erabilerak ez du aldatuko errealitatea, baina bai errealitatearen pertzepzioa. Hizkuntzak pertzepzio kognitiboa eta gauzak ikusteko modua alda dezake».

Steven Pinker eta Noam Chomsky ikertzaileen baieztapen bat —Marteko zientifiko bat Lurrera iritsiko balitz planeta osoan hizkuntza bera hitz egiten dela ondorioztatuko lukeela— kolokan jarri nahi dute Lupyanek eta Rick Dale Kaliforniako Merced unibertsitateko irakasleek. Hizkuntzen soinuen artean badira ezberdintasunak, baina funtsean hizkuntza guztiek oinarri berak dituztela onartzen da hizkuntzalaritzan; «dogma» bat izan dela erantsi du Lupyanek. «Baina badaude soinua baino diferentzia handiagoak. Eta ezin dira hizkuntza guztientzako ezaugarri komunak aurkitu».

Baina, zer da hizkuntzen artean diferentziak eragiten dituena? Denboran atzera eginez gero, hizkuntzek erro komunak dituztela eta garai batean hizkuntza bera izan zirela ikusten da. Taldeak handitu eta urrundu arau joan ziren hizkuntzak ezberdin egiten, eta dialektoak hizkuntza bihurtzen. Horrek lagun dezake hizkuntzen aniztasuna esplikatzen, Lupyanen arabera.

Baina hizkuntza denak ez dira berdin aldatu; zergatik dira batzuk sinpleagoak eta besteak konplexuagoak? Antzinako ingelesean hwaer eta hwider bereizten ziren (non eta nora); gaur egun hitz bakarrera bildu dira (where). Hwaer-en eta hwider-en hitz baliokideak gorde ditu, aldiz, alemanak. Beste adibide bat: erakusleak. Ingelesentzat lau bakarrik dira (here, there, this eta that), baina sistema konplexu eta askotarikoa osatzen dute inuitentzat (88 aukera dituzte). Aditzaren konplexutasunean ere graduak daudela esan du, eta hizkuntza batzuek erredundantzia gutxiago dituztela. Baina zergatik izan dute hizkuntzek hain eboluzio diferentea?

«Animaliak bezalakoak dira»

Animaliei begiratzea proposatu du galdera hori ebazteko. «Hizkuntzak animaliak bezalakoak dira, beren ingurunera egokitzen dira, eboluzionatu egiten dute». Gehiago ere esan du: «Hizkuntza bat hiltzea animalia bat hiltzea bezala da». Txorien moko diferenteak jarri ditu adibide: bakoitza dieta bati eta ingurune bati egokitu zaizkiolako dira diren bezalakoak. Hizkuntzentzat ere antzeko eredu bat proposatu du, hizkuntzen ekologiaren ideiekin bat datorren ikerketa lerroa proposatuz bide batez. Lupyanentzat, bi dira hizkuntza baten konplexutasuna ebazten duten faktore nagusiak: populazioa (hizkuntzaren hiztun kopurua), eta ingurune fisikoa.

Sailkapen bat egin daiteke hartara. Mutur batean leudeke hizkuntza analitikoak —hiztun asko, eremu handia, eta kohesio sozial txikia dutenak; ingelesa eta gaztelania, adibidez—. Muturraren beste aldean leudeke hizkuntza polisintetikoak —hiztun gutxi, eremu txikia eta kohesio sozial handia dutenak; georgiera eta inuit hizkuntzak, esaterako—. Lupyanen eta Dalen arabera, hizkuntza analitikoak sinpleagoak dira, eta polisintetikoak konplexuagoak. «Horrek ez du esan nahi batzuk hobeak eta besteak txarragoak direnik», zehaztu du.

Esan nahi du hiztun gehiago dituzten hizkuntzek aditz sistema sinpleagoak dituztela, posesibo markatzaile gutxiago, etorkizuna adierazteko forma gutxiago... Eta hiztun gutxiago duten hizkuntzek, alderantziz. Alegia: «Zenbat eta jende gehiagok hitz egin, orduan eta errazagoa da gramatika». Bestela esanda: «Egitura sozialaren eta gramatikalaren artean harreman bat dago».

Ingeles hiztunen %70entzat ingelesa ez da ama hizkuntza. Gauza bera gertatzen da swahiliarekin: hiztunen %10entzat baino ez da ama hizkuntza. Lingua franca gisa erabiltzen direnak sinpleago bihurtzeko joera dutela eman du aditzera Lupyanek. Helduek hizkuntzak ikasteko zailtasunak dituztela aipatu du, eta hizkuntzen forma konplexuak galtzeko joera dutela —euskaran, ergatiboaren galera esplikatuko luke horrek—. Asko hitz egiten diren hizkuntzak egokitu eta sinpletu egiten dira, helduek errazago ikasteko moduan edo. Haurrekin ez da halakorik gertatzen, ordea, eta ikerketa haietan zentratzen ari dira orain.

Bestalde, ingurune fisikoak ere hizkuntzen eboluzioan eragiten duela nabarmendu du Lupyanek. Tenejapan Mayan hizkuntzan, norabidea adierazteko mendian gora eta mendian behera formak erabiltzen dituzte Hizkuntza batzuetan ez daude ezker eta eskuin kontzeptuak; ipar eta hego adierekin moldatzen dira ez galtzeko. Esaldi bakarrera ekarrita, beraz, horrela laburtu du ikerketaren muina Lupyanek: «Ingurumen eta gizarte baldintzei lotuta daude hizkuntzen gramatikak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.