Berriro ere, elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegiaren aurrean Iñigo Cabacas gaztearen senitartekoek eta Iñigo Gogoan plataformako kideek. Orain, familiak aurkezturiko helegitea aztertzeko Bizkaiko Auzitegi Probintzialean egin behar zuten bilera izan da elkarretaratzearen arrazoia. Baina Iñigo Cabacasen guraso Manu Cabacas eta Fina Lizeranzuk aukera baliatu dute euren «kezka» agertzeko, eta argi mintzatu dira: beldur dira laster batean gaztearen heriotza ikertzen duen auzia ez ote duten artxibatuko, errudunak nortzuk izan ziren argitu aurretik artxibatu ere.
2012ko apirilean hil zen Iñigo Cabacas, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota, Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean. Bilboko instrukzioko 10. epaitegiak darama gertatutakoaren inguruko auzia, baina, lau urte eta erdi igaro diren arren, oraindik ez dago argi nortzuk izan ziren errudunak, ezta epaiketa egingo ote den ere.
Bizkaiko Auzitegi Probintzialean egindako bilerak Iñigo Cabacasen familiak jarritako helegitea aztertzea zuen xede. Bere garaian, familiaren abokatu Jone Goirizelaiak auzia argitzeko asmoz proba gehiago egiteko eskatu zuen, baina epaileak ez zuen eskaera aintzat hartu, eta, horregatik, joan den apirilean helegitea aurkeztu zuten erabaki horren kontra.
Errekurtsoaren inguruan ebatzi behar duen aretoak lehenago ere atzera bota izan du Cabacas familiak aurkezturiko beste helegite bat, eta, gainera, kostuak ordaintzera zigortu zituen. Cabacasen gurasoek «kezka» agertu dute, orain areto berak erabaki behar duelako helegite berriaren inguruan; gainera, txostengilea ere bera izango da: Angel Gil epailea.
Erabakia, «hartuta»
Baina ez da hori Cabacas sendiaren kezka bakarra. Esan dutenez, epaitegietako zenbait iturrik adierazi diete helegitearen inguruko ebazpena dagoeneko «hartuta» dagoela, eta «familiaren interesen aurkakoa» izango dela. Are gehiago: iturri horiek ere «kezka» helarazi diote familiari, froga gehiago egiteko eskaera atzera bota ondoren prozedura artxibatuko ote duten.
Berez, Cabacas auziaren instrukzio faseak amaituta beharko luke, baina, joan den ekainean, Ana Torres epaileak fasea sei hilabetez luzatzea erabaki zuen. Erabakiaren berri emateko plazaraturiko autoan, ordea, Torres epaileak argi azaldu zuen ez zuela froga eta ekinbide gehiago agintzeko asmorik, eta epea luzatzearen helburu bakarra zela Cabacasen familiari helegitea aurkezteko aukera ematea.
Izan ere, ikerketa gehiago egiteko eskaera ez onartzeko erabakiaren kontra errekurtsoa aurkeztea bazegoen, eta akusazio partikularrak aukera hori baliatu zuen. Orain errekurtso hori aintzat hartuko balute, eskatutako ikerketak egin beharko lirateke, eta horretarako ezinbestekoa da instrukzio fasea itxita ez egotea. Horregatik erabaki zuen epaileak epea luzatzea.
Baina hilabetea falta da sei hilabeteko luzapen hori amai dadin, eta Cabacasen gurasoak etsita daude, ikusi dutelako bost hilabete hauetan ez dela «ezer» egin.
Familiarentzat oso garrantzitsua litzateke helegitea onartzea eta eskaturiko ikerketak egin ahal izatea, «operazioaren arduradunak, bereziki oldarraldia egitea agindu zuena, prozeduran ikertu gisa agertuko liratekeelako».
«Lur jota gaude», esan du Manu Cabacasek. «Ezin dugu ulertu XXI. mendean Poliziak pertsona bat hiltzea Athleticen partida batean, eta horren inguruan ikertu eta ardurak zehaztu nahi ez izatea. Ez ditugu ulertzen zigorgabetasunaren arrazoiak».
Familiak dei egin die justizia administrazioari, euskal erakunde publikoei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, «bestelako interesak albo batera utzi eta justizia egiteko aukera alferrik galtzen utz ez dezaten».
Iñigo Cabacasen gurasoek «kezka» agertu dute auzia artxibatuko ote duten
Bizkaiko Auzitegi Probintzialak aztertu du Cabacasen familiaren helegitea; erabakia «hartuta» dagoela uste du familiak. «Lur jota gaude», esan du aitak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu