Iñigo Martinezek uko egin dio Ezker Anitzaren lidergoa hartzeari

Martinez Ezker Anitzako Antolakuntza idazkaria da gaur egun, baina 'de facto' hartako lider gisa aritu da azken urteetan, Saluden osasun arazoak direla medio. Orain, Sira Rego ministroaren aholkularia ere bada.

Iñigo Martinez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iñigo Martinez, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 13a
15:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezker Anitza-IU zuzendaritza berritzeko kongresu prozesua abiatzear da, eta Iñigo Martinez Antolakuntza idazkariak uko egin dio lidergoa hartzeari: «Ezker Anitza-IUko zuzendaritza lanetan bazter batera egiteko garaia da». Izatez, koordinatzaile nagusia Isabel Salud da, baina hark bajan egin ditu azken urteak, eta de facto Martinez izan da koalizioaren liderra bitarte horretan.

«Kinielak» hasi baino lehen itxi nahi izan du berak datorren urteetan izan beharreko postuaren inguruko eztabaida, eta eldiario.es hedabidera bidalitako artikulu batean eman du arrazoien berri. Hartan nabari da erabakiaren oinarrian daudela ezker konfederalaren barruan azken urteetan izan diren tirabirak, zehaztu baitu azken urteak gogorrak izan direla taldearentzat eta harentzat: «Barne tentsioek, botereagatiko borrokek, inposizioek eta barne zein kanpo harremanen narriadurak markatu dituzte». Haren esanetan, horrek guztiak «esparru gero eta arrotzagoa» bilakatu ditu ezker konfederala osatzen duten antolakundeak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Legebiltzarrerako bozen atarian jo zuen goia gatazka horrek, aldeak ez baitziren gai izan zerrenda bateratu bat aurkezteko. Martinez bera negoziazio mahaian izan zen, Ezker Anitzako ordezkari gisa, eta adierazi du ahal zuen guztia egin zuela akordioa erdiesteko, baina alferrik: «Emaitza agerikoa da: esparru politikoa Eusko Legebiltzarretik kanpo geratu da ia, eserleku bakarrarekin». Hain zuzen, Ezker Anitzakoa da kide hori, Jon Hernandez.

Horiek hala, Martinezek uste du «alternatiba sendo bat» eraikitzeko aukera galdu dela, indar handiagoa erabili delako «barne etsaiei» kontra egiteko «benetako arerio politikoei» erantzuteko baino: «Ideien edo estrategien inguruan eztabaidatu beharrean, deskonfiantza eraiki da». Horri dagokionez, zuzenean Podemosi erreparatu dio, eta esan «ezker alternatiboaren esparru politikoaren jabe» gisa jardun zuela.

Zuzenean aipatu ez duen arren, EH Bilduren gorakada ere euren egoerarekin lotu du: «Elkarri kalte egiten genion bitartean, ezkerreko beste adierazpen batzuk indartu egin dira, edo okerragoa dena: euskal politikaren anaia bikiek (EAJ eta PSE-EE) gobernuetan segitu dute».

Ahots berriei lekua

Martinez PCEko kidea da, eta Ezker Batuan hasi zuen ibilbide politikoa. Orduan, koalizioa Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuan zegoen, eta barne ildo bat posizio horren aurka azaldu zen. Handik abiatuta iritsi zen haustura, 2012an, eta orduan sortu zen Ezker Anitza.

Une hura eta Podemosen sorrerak eragindako «lurrikara» gogo onez gogoratu ditu Ezker Anitzako kideak. Besteak beste, Espainiako Gorteetarako bozetan boto gehien lortu zituen alderdia izan zen EAEn —bakarrik aurkeztu zen, IU gabe—, eta 11 eserleku eskuratu zituen 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan —hor jada IUrekin, Elkarrekin koalizioan—. Hain zuzen, orduan eskuratu zuen Martinezek eserleku bat Eusko Legebiltzarrean, eta bi legealdi egin zituen han, 2024ra arte. Orain, berriz, Sira Rego Espainiako Gazteria eta Haurtzaro ministroaren aholkularia da.

Ezker Anitzaren geroari dagokionez, Martinezek espero du bere erabakiak lekua uztea «ahots eta energia berriei», proiektua indartzeko: «Ez sigla jakin batzuena, ezkerreko proiektu euskaltzale, ekologista eta feminista batena baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.