«Injustizia» erakusgai

Altsasuko auziaren berri Euskal Herrian nahiz nazioartean zabaltzeko, erakusketa bat prestatu dute. Ehun egun barru hasiko da epaiketa

Altsasuko Iortia kultur gunean egin zuten agerraldia, erakusketaren aretoan bertan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2018ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Altsasuko auziaren «injustiziari» eta «izugarrikeriari» irudiak jarri dizkiote azken egunotan Nafarroako herrian. Hilabeteotan eginiko mobilizazioen eta bestelako ekinbideen irudiekin erakusketa bat prestatu dute, eta Altsasuko Iortia kultur etxean izan da ikusgai abenduaren 29tik atzo arte. Itziar Perez Argomaniz Altsasukoak Aske plataformako kidearen esanetan, asmoa da auziaren berri ematea eta, horretarako, erakusketa beste herri eta hiri batzuetara eramatea; Euskal Herrian zehar nahiz Europan.

Atzo aurkeztu zuten erakusketa, kultur gunean bertan. Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok eta Adur Ramirez de Aldak hamalau hilabete daramatzate preso, eta epe horretan herritarrek auziaren aurka emandako erantzuna «irudikatzeko», argazkiak, dokumentuak eta bestelako agiriak bildu dituzte. Erakusketa beren herrira eraman nahi dutenek Altsasukoak Aske edo Altsasuko Gurasoak taldeekin jarri behar dute harremanetan.

Altsasu, eskubideak eta askatasun demokratikoak jokoan izenburua jarri diote erakusketari, eta zergatia azaldu zuten aurkezpenean: «Ez dago soilik arriskuan gure lagunen etorkizuna, ez daude haiek soilik akusatuen aulkian; gizartearen etorkizuna da jokoan dagoena. Askatasun demokratikoak murrizteaz ari gara, eskubideak murrizteaz eta legea nahi bezala erabiltzeaz». 2016ko azaroaz geroztik eginiko bidea «zorabiagarria» izan arren, «plataforma, guraso eta herri gisa» emandako erantzunarekin «harro» agertu ziren Bel Pozueta eta Edurne Goikoetxea, auzipetuen senideen izenean.

«Atzerako kontua»

2018ko apirilaren 17tik 27ra bitartean epaituko dituzte zortzi gazte auzipetuak, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hori horrela, urte berriarekin «atzerako kontua» hasi dela adierazi zuen Pozuetak: «101 egun [gaur 100] falta dira gure seme-alabei egingo zaien epaiketa hasteko». Zigor eskaerak «bidegabeak eta krudelak» direla uste dute; izan ere, fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die seiri, 62 urtekoa beste bati, eta 12 urtekoa beste bati. 2016ko urriaren 15 goizaldeko gertakariak epaituko dituzte; Altsasuko taberna batean kaleko jantzitako bi polizia eta haien bikotekideak jotzea terrorismo delitutzat jo zuen Carmen Lamela epaileak.

Gainera, berme juridikoen gabezia salatu zuten, horren adibide ugari gogoraraztearekin batera; gurasoen iritziz, auzipetuek ez dute «errugabetasun presuntziorik» izan, fiskalak Guardia Zibilaren eta beste akusazioen bertsioa baino ez du aintzat hartu, eta defentsek aurkeztutako froga gehienak atzera bota dituzte. 11 panelek osatzen dute erakusketa, baina Pozuetak «susmoa» du datozen aste eta hilabeteetan irudi gehiago gehitu beharko dizkiotela: «Giza eskubideen urraketa dela eta, ezinezko egiten zaigu zuzenbide estatuaz hitz egitea». Aitortu zuen «sufritzen» ari direla, baina erantsi «sufrimendu horrek indarra» eman diela, «ezezagunari beldurrik izan gabe, toki urrunetara» joateko eta beren «errealitatea pertsona ezberdinekin partekatzeko».

Unamuno, Arnanz eta Ramirez de Aldarekin batera, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo daude auzipetuak. «Injustizia 415 egunak» [preso daramatenak] salatzeko, elkarretaratzea egin zuten herenegun iluntzean Tuteran (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.