Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Inkomunikazioa hausteko, gutun eske Twitterren Otegiren kontuan

EH Bildu, Amaiur eta ezker abertzalearen ustez, Espainiaren «ahulezia» erakusten du Otegi zigortu izanak

Arnaldo Otegiren seme Hodei eta emazte Julia Arregi, ezker abertzaleko buruzagi presoaren elkarrizketa liburuaren aurkezpenean, iragan irailaren 27an. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Espetxeetako murrizketa eta segurtasun neurriei izkin egin, eta milaka herritarrengana iritsi ziren larunbatean Arnaldo Otegiren hitzak. Grabatuta iritsi zen mezua BECera, EH Bilduren ekitaldira. Hedabideek lau haizeetara zabaldu zituzten preso duten politikariaren hausnarketak. Bat baino gehiago hunkitu zituen ezker abertzaleko ordezkariaren hitzek, espetxeratu zuteneko hirugarren urtea betetzen zen egunean. Beste batzuk, amorrarazi. Zigorraren bideari eutsi zioten berehala, ohiko prozeduren zain egon gabe. Logroñoko espetxe zuzendaritzatik etorri zitzaion lehen zigorra. Presoari, eta presoaren senide zein lagunei. Bisitan joan zitzaion emazteari, Julia Arregiri, ez zioten kartzelara sartzen utzi. Inkomunikatu egin dute Otegi, inork ez ditzan politikariaren hitzak entzun. Telefono deiak kendu dizkiote. Inori gutunak idaztea galarazi. Baina espetxeak neurri horiek hartu zituen egun berean, igandean, presoaren elkarrizketa bat kaleratu zuen naciodigital.cat Kataluniako atari digitalak. Hurrengo egunean, atzo, Otegiren Twitterren kontuak presoari gutunak bidaltzeko eskatzen zuen.

«Inkomunikazioa apurtu, idatzi @ArnaldoOtegi-ri», zioen Otegiren Twitterren kontuak. Gutunak igorri beharreko helbidea ere bai: «Arnaldo Otegi Mondragon. Centro Penitenciario de Logroño. Calleja Vieja 200. 26006 Logroño». Horixe dio presoaren Twitterren kontuak, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Ziztu bizian zabaldu da, Otegik dituen 19.818 jarraitzailerengandik hasita. Jaso eta berriz bidali da mezua. Beste milaka mezuren bidez zabaldu da gaia sarean: zigorrari buruzko berria, eta hari erantzuteko eskaerak. Orokortua da interpretazioa: Espainiaren ahulezia erakusten du neurriak, gehienen ustez.

Laura Mintegik blog bidez salatu zituen igandean Otegiri ezarritako debekuak, hain zuzen, Gaztelan preso bat bisitatzetik itzuli berritan. Atzo hedabideen aurrean errepikatu zuen hausnarketa: «Estatuak duen ahulezia erakusten du, preso baten hitzari beldurra diolako». Espainian disidentzia kartzelarekin zigortzen dela agerian dagoela azaldu du EH Bilduko lehendakarigaiak. Eta Otegi zein haren senideak zigortu izanak «hitza delitu dela» frogatu duela. «Demokrazian edozein ideia defendatu zitekeela esan ziguten; bada, edo ez zen egia esaten ziguten hori, edo hau ez da demokrazia bat». Hain zuzen, Espainiako Estatuak «demokrazia maila eskasa» duela erakutsi duela dio Mintegik.

«Neurri horrek erakusten du Espainiako Estatuak beldurra diola ideien adierazpen askeari; batez ere, ideia horiek Espainia handi eta bakarraren ideiarekin bat egiten ez dutenean», adierazi du Amaiurrek ere.

Otegiri ezarritako zigorra «mendeku bat gehiago» dela uste du. Otegik «itxaropen aldi berriari egindako ekarpena» Espainiako Estatuak ez diola «barkatu» iruditzen zaio Amaiurri, eta, presoak hitza hartu izanaren aurrean, PPk «umeen purrustada baten pareko erantzuna» eman duela. «Konponbide garaia da», ohartarazi dio Espainiako Gobernuari.

Ezker abertzalearen iritziz, EH Bilduk larunbatean BECen egindako ekitaldian emandako mezua berretsi du Otegiren aurkako zigorrak: «Estatua ahul dago». Eta, «bereziki agerian» utzi du, ezker abertzalearen ustez, «argudio eta eskaintza politiko faltan dagoela. Espainiako Estatuak eztabaida politikoa saihestu nahi du, galtzaile dela badakielako». Hain zuzen, horregatik dio «ukazioa, blokeoa eta eskubide urraketekin» erantzuten duela. «Erantzun ahul bezain antzua», haren hitzetan.

Oso bestelako interpretazioa egin du PPk. «Ez dit inolako penarik ematen Otegi zigortzeak», esan du Antonio Basagoiti PPko lehendakarigaiak. «Delitu egileek dagozkien prozedurak» bete behar dituztela esan du, eta hori dagokiola ezker abertzaleko buruzagiari. Areago, Borja Semper PPko Gipuzkoako presidentearen ustez, «delitugilea» da Otegi berez; «ahal duen guztietan egingo du delitua», eta agerian geratu da «legeari izkin egiten aditua dela». Hortaz, seguru dago zigorrak merezi dituela.

Otegiren elkarrizketa

Bien bitartean, Naciodigital.cat atariak Otegiren hausnarketen berri eman du webgunean kaleratutako elkarrizketan. Eusko Legebiltzarrerako gehiengo oso abertzale bat iragarri du, «eskuzabal izanda EAJ indar erabat subiranista gisa jotzen badugu». Baina, gainera, ezkerrak ere gehiengo osoa izango duela ohartarazi du, «erabat eskuzabal izanda PSE-EE ezkerreko indar gisa hartuta». Bakea egonkortzeko eta marko politiko berri bat diseinatzeko, alderdi guztien parte hartzea beharrezkoa izango dela dio, eta, krisi ekonomikoari aurre egiteko, «politika alternatibo argiak» proposatzen dituztenena.

Autodeterminazio eskubidea eskubide dela ohartarazi, eta nola gauzatu adostu behar dela esan du. Espainiak ezetz esaten badu, euskal estatua aldebakartasunez eraikitzeko bideari ekitea proposatu du: «Haiek ez bagaituzte errespetatzen, gu bagoaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.