EUSKARA

Inoiz baino kexu gehiago jaso dituzte Behatokian

Hizkuntz eskubideen urraketekin lotuta, 1.431 kexu bildu dituzte Behatokian. Erakundeka, Nafarroako Gobernuak pilatu du salaketa gehien, udalekin batera. Frantziak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna ez duela sinatu salatu dute, eta gogorarazi dute Europak kontu hartu diola Espainiari ez duelako hitzarmen hori errespetatzen.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Egitura administratiboak berealdiko zerikusia du euskararen lege babesean. Iparraldean ez du batere aitortzarik, nahiz hori iragarri zuen Fraçois Hollande presidenteak. Hegoaldean, badu ofizialtasuna, nahiz Nafarroan eremutan banatuta dagoen aitortza hori. Edonola ere, egitura administratiboa edozein izan arren, guzti-guztietan bildu dituzte kexuak. Hona hemen adibide batzuk, alorrez alor:

1. Osasuna. Oinarrizko alorretan ere ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Osakidetzak, adibidez, ezarria du lehen arretako zerbitzuaren lehentasuna; Behatokiak, beste behin bildu ditu, ordea, osasun etxe batean pedriatra bat bera ere euskalduna ez den kasuak. Erietxeetako idazkiak-eta euskaraz ez dituzte jartzen kasu askotan. Ohartarazi dute salatutako kasu gehienak Osakidetzari dagozkiola, baina ziur daude Nafarroan horrelako asko gertatzen dela, nahiz gutxiago salatzen den.


2. Justizia. Erdalduna da justizia alorra, eta euskaraz aritzeak atzerapenak jasateko arriskua dakar, eta erantzuna gaztelaniaz jasotzekoa. Legean dago arazoa: Hegoaldean, auzitegian, nahikoa da aldeetako batek euskaraz ez dakiela argudiatzea prozedura osoa gaztelaniaz egin behar izateko. Horrek, ordea, urratu egiten da Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, hark ezartzen baitu gutxiengoen hizkuntzetan aritzea bermatu behar zaiela herritarrei.


3. Herrizaingoa. Poliziek euskaldunei gaztelaniaz eginarazten dietela berretsi du Behatokiak. Euskaraz hasita ere, gaztelaniaz egitera behartzen dituzte. Pauso bat aitortu dute txostenean: Ertzaintzan bigarren hizkuntz eskakizuna abian jartzeko dekretua onartu dute. Behatokiak ohartarazi du, hala ere, ez dagoela argi zer eragin izango duen.


4. Hezkuntza. Ikasketak euskaraz egiteko aukerak oso murritzak dira zentro batzuetan oraindik ere, eta azterketa guztiak ere ezin daitezke egin. Salaketak izan dira eskoletan ikasle euskaldunei eskuabideak urratu dizkietela eta. Euskarazko ikasketetarako eskariak egonda ere, ingelesezkoak zabaltzen jarraitzen dute erakundeek.


5. Administrazioa. Espainiako eta Frantziako administrazioen jardunak baztertuta dauka euskara. Espainiakoak ezintasunak dituela dio; Frantziakoak, frantsesa dela bere hizkuntza. Nafarroako Gobernuak bildu ditu kexu asko, atzerapausoak ematen ari delakoan. Udaletan, hizkuntz eskakizunik gabeko postuak atera dituzte, eta azterketa batzuk erdaraz eginarazi.


6. Ekonomia eta lana. Herritarrei kasu egiteko zerbitzuan euskaldunik ez dago saltoki, banketxe eta horrelako gehienetan. Publizitatea ere erdalduna da. Bide horretan, atzerapausotzat jo dute Eusko Legebiltzarrak kontsumitzaileen hizkuntz eskubideei buruzko dekretua baliorik gabe utzi izana.


7. Hedabideak. Euskarazko hedabideek laguntza gutxi jasotzen dutelako kexatu dira herritarrak, eta komunikabide askok euskara baztertu egiten dutelako. Telebistan, euskarazko katean erdaldunei egindako elkarrizketak itzulpenik gabe eman dituzte,


8. Zerbitzuak. Garraioan edo telefono enpresetan, oraindik ere, euskaraz egin nahi izatea erantzun txarra jasotzeko motibo da. Aurrerapen batzuk ikusi dituzte Correos zerbitzuan: hizkuntz paisaia euskalduntzen ari da bulego batzuetan, eta agiriak eta horrelakoak lehen baino errazagoa aurki daitezke euskaraz. Jangaien etiketetan, ordea, euskarak apenas duen tokirik.


9. Aisia. Kulturaren eta turismoaren eremuan, erdaldunei bermatzen zaizkie hizkuntz eskubideak beti. Atzerriko hizkuntzak ere erabiltzen dituzte agirietan eta zerbitzuetan, baina euskarazkorik ez dute bermatzen maiz.


10. Gizarte eragileak. Alderdi politikoek, sindikatuek eta beste eragile batzuek euskarari egindako tokiagatik kexu dira herritarrak. Hauteskundeetako iragarkietan eta bestelako oharretan beti bermatzen dute gaztelaniaz egitea, baina ez euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.