Inoizko irakurle gehien du egun BERRIA Taldeak, eta sarean gora doa

Gaur egingo du taldeak urteko akziodunen batzarra, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean

Akziodunak txostenei begira, iazko akziodunen batzarrean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
CIES etxeak 2011n egindako lehen neurketaren arabera, BERRIA egunkariak 63.000 irakurle ditu Hego Euskal Herrian, iaz garai honetan baino 6.000 irakurle gehiago. Igoera bera izan dute Hitzek; hala, 91.000 irakurle dituzte. Horri Iparraldekoak gehitu behar zaizkio. BERRIA Taldeak inoiz baino irakurle gehiago ditu, beraz. Interneten ere gorakada nabarmena izan du berria.info atariak. 2010eko bukaeran, 17.000 bisita zituen egunero, eta orain,20.000.

Google Analytics-ek emandako datuek ere berresten dute sarean izandako igoera. Maiatzean675.556 bisita izan zituen berria.info-k. Batez beste, bisitari bakoitzak 2,6 orri ikusi zituen, eta 8 minutu eta erdi igaro zituen webgunean. Foru hauteskundeen gauean, BERRIA TBk zuzeneko emanaldia egin zuen, eta 6.132 bisitari eta 19.000 bisita izan zituen.

Gaur goizean, urteko akziodunen batzarra egingo du BERRIA Taldeak, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Iazko urtearen balantzea egin, eta aurtengo kudeaketaplana eta aurrekontua aurkeztuko ditu Joxean Lizarribarrek, Administrazio Kontseiluko lehendakariak.

Urte zaila izan zen iazkoa ekonomikoki BERRIA Taldearentzat; bigarren urtez, galerak izan zituen. Krisiaren ondorioz publizitatean izandako jaitsierak eragin zuen egoera, batez ere.

Hori aldatzeko asmoz, eta euskarazko hedabideak sortu etasustatzeko konpromisori eutsiz, hainbat neurri hartu ditu iazko ekainaz geroztik. Paperean eta sarean produktu osoagoa eskaini nahian, herrialde bakoitzean Hitza astekaria sortu du. Interneten, berriz, Berriketan.info sare soziala jarri du martxan. Gainera, Katxiporreta eta Elkarrekin batera, Irrien Lagunak haurrentzako proiektua abiatu du.

Talde barruko zerbitzuak kanpora begira merkaturatzeko beste urrats bat ere egin du. Zerbitzu osoagoa bat eskaintezko asmoz, guztiak marka baten bildu ditu: Bidera Zerbitzuak. Aurten bide horretan jarraituko du lanean BERRIA Taldeak. Euskarazko gainerako hedabideekin ere lanean jarraituko du, eta administrazioei sektorearen aldeko konpromisoak eskatuko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.