Parte hartzea

Inoizko parte hartzerik txikiena: %53

Parte hartzea zazpi puntu jaitsi da duela lau urteko datuen aldean. Bizkaian eta Araban, zortzi puntu inguru egin du behera, eta Gipuzkoan, bost puntu.

Elgoibarko bozkaleku bat. JON URBE, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko uztailaren 12a
18:14
Entzun

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eguneko aurrerapenetan iragartzen zutena bete da, eta inoizko parte hartzerik txikiena izan da 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hautesleen %52,8k eman dute botoa, 2016ko bozetan baino zazpi puntu txikiagoa izan da parte hartzea, orduan %60 izan baitzen.

Bozak udako garaian egitea eta, batez ere, COVID-19ak eragindako ezohiko egoera erabakigarriak izan dira. Parte hartzea orokorra baino handiagoa izan da Ordizian, baina han ere nabarmen egin du behera. Botoa ematera deituta zeudenen %55,95ek eman dute —duela lau urte baino bederatzi puntu gutxiago da—.

Lurraldez lurralde, Bizkaian izan da beherakadarik nabarmenena. Parte hartzea %51,9 (-8,5 puntu) izan da lurralde hartan. Araban, %51,6 (-8,1 puntu), eta Gipuzkoan 54,4 (-4,9 puntu). Egunean zehar Eusko Jaurlaritzak eman dituen aurrerapenek erakusten zuten, hain zuzen, parte hartzeak beherakada nabarmena izango zuela.

2016ko datuekin alderatuta, 12:00etarako, jaitsiera ez zen hain handia : %1,3. Ordu horretarako, hautesleen %15,40k bozkatu dute: %13,92k Araban, %14,51k Bizkaian eta %17,53k Gipuzkoan. Arratsaldeko lehen aurrerapenak, ordea, beste zerbait erakutsi du. 17:00etarako botoa emandakoen kopurua 8,4 puntu txikiagoa zen hiru lurraldeetan: %36 gaur, eta %44,3 duela lau urteko bozetan. Gaurkoak, lurraldeka: %33,21 Araban, %36,40 Bizkaian eta %36,67 Gipuzkoan. Halere, beheranzko joera horrek erakutsitakoa baino zerbait txikiagoa izan da, azken hiru orduetan emaniko boto kopurua medio.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako parte hartzearen datuek beheranzko joera argia izan dute mende hasieratik. 2001ekoek izan zuten inoizko parte hartzerik handiena. Orduan, hautesleen %78,97k eman zuten botoa. Ordutik, ordea, nabarmen egin du beherantz, urtez urte. 1994tik lehen aldiz jaitsi da parte hartzea %60tik behera, eta, 1980an lehen aldiz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, inoiz ez da joan gaur baino jende gutxiago botoa ematera.

Aurten, ordea, faktore berri batek areagotu du beherakada: koronabirusak eragindako egoerak. Kutsatzea eragozteko segurtasun neurriak hartu diren arren, herritar ugarik uko egin diote bozkalekuetara joateari. Horren adibide da posta bidezko botoaren igoera, %140 inguru izan baita aurten: 125.000 herritar inguruk eskatu zuten.

Horrez gain, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo adierazi zuenez, azken egunetan positibo eman duten 160 lagun ingururi botoa ematea galarazi diete. Sailburuak nabarmendu zuen «osasun publikoaren kontrako delitua» egingo luketela bozkatzera joanez gero. Horiekin kontaktuan egon diren ehunka lagun ere bakartuta daude. Horiek, ordea, izan dute bozkatzera joateko eskubidea, hauteslekutik zuzenean etxera itzultzeko baldintzarekin.

Ordizian, zertxobait handiagoa

Azkeneko egunetan antzemandako agerraldi baten ondorioz, Ordizia (Gipuzkoa) izan da koronabirusak eraginik handiena izan duen herrietako bat. 2.300 PCR probatik gora egin dituzte azken astean, eta 73 kasu baieztatu dituzte agerraldi horretan, denak herrian bertan atzeman ez dituzten arren. Boto eskubidea duten herritarren %55,95ek hartu dute parte, duela lau urte baino 9 puntuk gutxiagok.

Emaitzei begiratuz gero, Ordizian EH Bildu izan da gaurko emaitzek indartu duten talde bakarra. Duela lau urte baino 230 boto gehiago lortu ditu koalizio abertzaleak. Orduan garaile atera zen alderdiak, EAJk, 356 boto galdu ditu. Behera egin dute beste hiru alderdi nagusiek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.