Tortura. Sandra Barrenetxearen salaketaren epaiketa

«Inpunitatearen» amaiera eskatzeko, elkarretaratzea egin du Sortuk epaitegian

Gaur ere egingo dute, 'Denok gara Sandra' lelopean. Jone Goirizelaia abokatuak esan du «egiazko kontakizuna» dela Barrenetxeak eginikoa

Epaitegiaren aurrean atzo egindako elkarretaratzea. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sandra Barrenetxea torturatzeaz akusaturiko guardia zibilak Bizkaiko Probintzia Auzitegian deklaratzen ari ziren bitartean, epaitegiaren kanpoko aldean elkarretaratzea egin zuen Sortuk, atzo. Inpunitateari stop leloa zuen pankarta baten atzean, dozenaka lagun bildu ziren Barrenetxeari elkartasuna adierazi eta torturak salatzeko. Gaur ere elkarretaratzea egingo dute Bilboko Barroeta Aldamar kaleko epaitegiaren aurrean. 08:30erako egin dute deialdia, Denok gara Sandra. Inpunitateari Stop! Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak lelopean. Epaiketa egin bitartean, elkarretaratzea egunero egiteko asmoa dute, baina gaurko deialdiak esangura berezia hartuko du, aurreikusita baitago Barrenetxeak gaur deklaratuko duela.

EH Bildu ere egongo da Bilboko epaitegiaren aurrean. Koalizioak iragarri du Jasone Agirre legebiltzarkidea hedabideen aurrean agertuko dela Bizkaiko Auzitegiaren sarreran, epaiketa hasi baino ordu laurden bat lehenago, eta adierazpenak egingo dituela, «Sandra Barrenetxeari elkartasuna adierazi eta Euskal Herrian torturaren erabilera salatzeko».

Epaiketa hastea, positiboa

Akusazio partikularraren abokatu Jone Goirizelaiak «positibotzat» jo du epaiketa hasi izana: «Epaimahaiak etenaldi bat egin du frogen inguruan eztabaidatzeko» esan du, «baina ez da mahai gainean jarri garrantzi teknikoa duen gairik». Goirizelaiaren aburuz, horrek esan nahi du datozen egunetan aukera egongo dela «gai honen inguruan zehaztasun guztiak emateko, deklarazioak entzuteko, frogak ikusteko eta azken egunean konklusioak aurkezteko».

Abokatuak oso argi dauka salatutakoa «gertatu» egin dela: «Sandrak [Barrenetxea] egindakoa egiazko kontakizuna da», baietsi du. Istanbulgo Protokoloa deritzonak auzian duen garrantzia ere nabarmendu du abokatuak: «Horrek adierazten du salatutako guztia egia dela», azpimarratu du.

Hori izango da, hain zuzen ere, akusazioaren tesia: kontakizuna egiazkoa dela, eta sinesgarria Istanbulgo Protokoloak ezartzen dituen irizpideen arabera. Aldiz, defentsaren tesia izango da «ETAren agindupean egindako salaketak» direla guztiak, Gorizelaiak aurreikusi duenez. «Guk demostratuko dugu hori gezurra dela eta defentsarako tesi bat besterik ez dela», azaldu du akusazioaren abokatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.