Ana Isabel Alvarez epaileak Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua inputatu ditu. Fernandezek eta Alkortak martxoaren 12an deklaratuko dute, eta 13an, berriz, Cabiecesek. Horiez gain, lekuko gisa deklaratzera deitu ditu Fernando Lopez Egilaz Kutxabankeko Giza Baliabideetako arduraduna eta Roberto Moll bankuko barne ikuskaritzako zuzendaria.
Urtarrilaren 30ean jakinarazi zuen Kutxabankek entitateko presidente ohia auzitara eramateko erabakia. Abokatu bufete batekin izenpetutako kontratu baten harira salatu dute Kutxabankeko presidente ohia. Cabiecesek bufete horrekin lotura duela-eta, PSE-EEn duen ardura utzi du hark. 243.592 eurokoa da irregulartasuna.
Otsailaren 2an abiatu zuen ikerketa Carmen Adan fiskalak, eta hilaren 4an jarri ziren martxan deklarazioak. Besteak beste Fernandez eta Cabieces galdekatu ostean, biak inputatzeko eskatu zion epaileari. Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariei lanpostua ematea "estatu politika" zela aitortu zuen Fernandezek fiskalaren aurrean.
Auzi judizialaz gain erantzukizun politikorik ote dagoen argitzeko, Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat egitea proposatu zuen EH Bilduk. Hori, ordea, ez da aurrera aterako, ez baitute babestuko PSE-EEk eta EAJk. Ikerketa batzordeek "gauzak argitu beharrean nahastu" egiten dituztela esan zuen asteazkenean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.