Ales Paya. Zinema zuzendaria

«Instituzioen indarkeria ikusgarriagoa da orain»

Espainiako indarkeria instituzionalari buruzko 'La cifra negra' dokumentala aurkezten ari dira egunotan Euskal Herrian; beste zenbait auziren artean, Iñigo Cabacasen heriotzarena jaso dute.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzo aurkeztu zuten Bilbon La cifra negra (Kopuru beltza), Espainiako indarkeria instituzionalari buruzko dokumentala. Besteak beste, Martxelo Otamendiren eta Unai Romanoren kasuak azaltzen dira, eta Iñigo Cabacasena, haren gurasoen testigantzekin. Aurkezpen berezia izan zen. Atzo sei urte bete ziren Cabacas Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota baten ondorioz zauritu zenetik —lau egun geroago hil zen—. Dokumentalaren emanaldia gaztea gogoratzeko ekitaldien egitarauan sartu du Iñigo Gogoan plataformak. Ales Paya (Elda, Herrialde Katalanak, 1983) da filmaren zuzendaria.

Nola sortu zen pelikula egiteko ideia?

Nik hainbat gizarte mugimendutan parte hartu dut oso gaztetatik eta, beraz, arazo honen jakitun izan naiz beti, baina uste dut 2011ko maiatzaren 27an jabetu nintzela hau kontatzeko beharraz. M-15 mugimenduak Bartzelonako Katalunia plaza okupatuta zeukan, eta husten saiatu ziren. Ikusi nuen jende asko harritu egiten zela poliziak zerabilen gehiegizko indarkeria zela eta. Askorentzat, hura izan zen indarkeria mota honekin izandako lehenengo kontaktua.

Bestalde, nire lagun bat master bukaerako lana egiten ari zen, eta, horretarako, artxibo handi bat osatu zuen indarkeria instituzionalaren adibide ugarirekin. Informazio multzo horretarako sarbidea izateak ere bultzatu ninduen filma egitera.

«Kopuru beltza» aipatzen duzue izenburuan.

Egitasmoaren hasierako izenburua zen El silencio de la tortura [Torturaren isiltasuna], baina geroago aldatu genuen. Jende askok tortura berba iraganarekin lotzen du, Inkisizioarekin, edo, bestela, euskal gatazkarekin. Muga hori apurtu nahi genuen, eta fenomeno hori esparru gehiagotan dagoela ikusarazi. Ikusleari nabarmendu nahi genion hau arlo askotan gertatzen dela eta ikusleari berari ere gerta dakiokeela.

Eta zein da kopuru beltz hori?

Iñaki Rivera Beirasek [Bartzelonako Unibertsitateko Zigor Sistema eta Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak] filmean dio arazoaren benetako larritasuna dela ezagutzen ez diren kasuen kopuru ikaragarria. Hori da indarkeria instituzionalaren kopuru beltza, salatu ere egiten ez diren kasuena.

Pelikula 2013 eta 2015 bitartean filmatuta dago. Beraz, 2015etik aurrerako kasuak ez dira agertzen, ezta?

Hala da. Seguru asko, denboran kasurik gertukoena 2014koa da, Madrileko Duintasunaren Martxan gazte batek barrabil bat galdu zuenekoa gomazko pilota baten ondorioz. Eta kasurik zaharrena, beharbada, Unai Romanorena, 2001ekoa.

Biktima eta aditu askoren adierazpenak agertzen dira filmean, baina, horretaz gain, kasu batzuk antzeztu ere egin dituzue, aktore ezagun batzuen parte hartzearekin.

25-30 kasu inguru agertzen dira, eta horietatik hiru berreraiki egin ditugu fikzioaren bidez. Horrekin ikuslearen enpatia bilatu nahi genuen, baina, era berean, dokumentazio falta ere konpondu nahi genuen horrela, espetxean edo polizia etxean gertatutakoaren grabazio edo irudirik lortzea ezinezkoa delako.

Dokumentalean kontatzen dituzuen kasuetatik zeintzuk dira Euskal Herrikoak?

Terrorismoaren Kontrako Legearen babespean suertatutako eskubide urraketen arloan Martxelo Otamendiren eta Unai Romanoren kasuak kontatzen ditugu, eta gizarte mobilizazioen kontrako indarkeriaren eta gomazko piloten eraginaren testuinguruan Iñigo Cabacasen gurasoak elkarrizketatu ditugu. Beste auzi batzuk ere aztertu ditugu, torturak pairatutakoenak, eta Mikel Zabalzarena, baina azkenean ez dira dokumentalean sartu.

Bilboko aurkezpena bat etorri da Iñigo Cabacasen hilketaren 6. urteurrenarekin. Zer deritzozu auzi horri?

Kasualitate hutsa izan da Bilboko aurkezpena urteurrenarekin bat etortzea, baina oso pozik gaude azkenean emanaldia Cabacas gogoratzeko ekitaldien egitarauan sartu delako. Cabacasen senide eta lagunek jakin behar dute haien kasua ez dela bakarra, gehiago daudela, eta ez daudela bakarrik. Gustatuko litzaidake filmaren bidez jende gehiagok bat egitea Iñigoren aldeko elkartasun mugimendu honekin, eta gizartearen presioak lortzea urrian egingo den epaiketak zerbaitetarako balio dezan.

Zuen dokumentalean agertzen diren kasu asko oharkabean igaro dira iritzi publikoaren aurrean. Zure ustez, zergatik gertatu da hori?

Argi dago kasu hauetako asko ez direla agertzen hedabide handietan, eta ez dagoela horien inguruan informazioa emateko interesik. Guk TVE Espainiako Telebistari proposatu diogu dokumentala emititzea, eta ezetz esan digute, ez omen datorrelako bat programaziotik eskatzen dietenarekin. ETBk ere ezezkoa eman digu; esan digute oso aurrekontu txikia dutela kanpoan egindako produkzioak hartzeko, eta aurrekontu hori bestelako dokumentalak emititzeko erabiltzen dutela; gizarte arloko gaietan, nahiago dutela beraiek ekoitzitako saioak emititzea.

Eragile batzuek diotenez, «inboluzioa» dago Espainiako Estatuan giza eskubideen arloan. Zuen esperientziaren arabera, hala dela esango zenuke?

Nik uste dut benetako aldaketa gizartearen erantzunean dagoela, eta komunikatzeko gaitasunean jende arruntaren aldetik. Ez dut uste lehen giza eskubideak orain baino gehiago errespetatzen zirenik, baina orain jendearen erantzuna handiagoa da, eta gaitasun handiagoa du sarearen bidez lehen ezkutatzen ziren zenbait informazio partekatzeko. Instituzioen indarraren gehiegizko erabilpena ikusgarriagoa da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.