Instituzioetatik at politizatutako belaunaldia

Azkenaldian maiz erraten da gazteek ez dutela interesik politikan, edo ez dutela parte hartzen. Uste horietatik abiatuta, gazteek politikaz duten interesaz, jarreraz eta aurreiritziez mintzatu dira Markel Tximeno, Oier Caño eta Hostaitza Zubeldia

Markel Tximeno, Oier Caño eta Hostaitza Zubeldia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Markel Tximeno, Oier Caño eta Hostaitza Zubeldia, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Bilbo
2024ko martxoaren 26a
05:00
Entzun

«23 urte ditut, eta etxetik alde egin nahi dut, baina ez badut soldata duinik alokairu bat ordaintzen laguntzeko, nekez egin ahalko dut hori». Inkesten arabera, Euskal Herriko gazteak gehien kezkatzen dituzten gaietako bat ekarri du hizpidera Markel Tximenok (Gorliz, Bizkaia, 2000). Izan ere, etxebizitza da Euskal Herriko gazteen kezka handienetako bat. Emantzipazioak ez ezik, hizkuntzak eta osasun arloak ere biziki kezkatzen dituela dio Tximenok: «Euskara da nire ama hizkuntza, eta, nire herrian nagoen bitartean, gustatuko litzaidake jendeak euskaraz hitz egitea nirekin, behintzat lanpostu publiko batean dagoen pertsona batek». Hostaitza Zubeldia (Donostia, 1998) ados dago, eta gai horiei lotuta hartzen diren neurrietan jarri du arreta: «Uste dut hizkuntzaren gaiari, euskarari, ez zaiola inoiz serio heltzen, beti aritzen direla partxeak jartzen». Oier Cañok (Bilbo, 2004) bat egin du bi solaskideekin, eta gai horiek agendan txertatu beharrekoak direla erantsi: «Ezarritako neurriek herritar guztien ongizatea izan behar dute helburu: hezkuntza ona izatea, lan on bat, eta etxeen prezioa eskuragarria izatea, adibidez».

Hiru gazteek aipatu dituzten gaiek asteak daramatzate politikarien ahotan. Izan ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hurbil dauden honetan, kanpainaurre bete-betean murgilduta daude alderdiak. Hiru solaskideek uste dute politikariak hauteskunde garaian zentratzen direla gehiago belaunaldi horietan, baina gero gazteei eragiten dieten gaiei leku gutxi ematen dietela. Interes eta mugimendu horiek ondorioak dituzte; Zubeldiak, erraterako, nabarmendu du belaunaldi berriek «konfiantza falta» dutela politikan: «Nik uste konfiantza krisi batean gaudela. Konfiantza falta nabaritzen da, eta 'Denak berdinak dira' edo antzeko esaldien atzean ikus daiteke hori».

Inguruan dituzten gazteen jarreraren argazkia egiteko eskatuta, hirurak bat etorri dira jokabide aski polarizatuak daudela. Zubeldiak bi jarrera identifikatzen ditu: «Bozkatzea inportantea dela diotenak daude alde batean, bozkatzeko gogoa dutenak eta politikan interesa dutenak; bestean, berriz, inongo interesik ez dutenak: paso egiten dutenak, politikari eta alderdi guztiak igualak direla esaten dutenak eta uste dutenak politikariek nahi dutena soilik egingo dutela».

Tximenok uste du badagoela bi horietaz bertzelako jarrera bat ere: etxean ikasitakoaren arabera bozkatzen duten gazteak, «ohitura zaharrari» jarraitzen diotenak, ezer zalantzan jarri gabe. Caño ados dago, baina zehaztapen bat gehitu du: «Askotan, izan daiteke tradizioak bultzatuta bozkatzea, baina ondoren, hausnartuz gero, arrazoi pertsonalak bila ditzake norberak, hautu horri eusteko».

«Askotan, izan daiteke tradizioak bultzatuta bozkatzea, baina, ondoren, hausnartuz gero, arrazoi pertsonalak bila ditzake norberak, hautu horri eusteko».

OIER CAÑO

Norberak zer hautu egiten duen kontuan hartu gabe, Cañok funtsezkotzat jo du hausnarketa egitea: «Nire ustez, parte hartzeko edozein aukera baliatuta ere, hausnartzea da garrantzitsuena. Izan ere, baliteke batzuentzat abstentzioa zilegi izatea». Solaskidearekin bat egin dute Tximenok eta Zubeldiak, baina uste dute gaininformazio handia dagoela, eta horrek desinformazioa ere ekar dezakeela. Dena den, baikor mintzo da Zubeldia: «Informazio nahikoa badaukagu; batzuetan, zaila da aukeratzea edo ikustea zein informazio den fidagarria eta zein ez, baina ahalmena badugu gutxieneko ahalegina egiteko». Tximenok, baina, erantzun dio badirela gutxieneko horretara iristeko gai ez direnak, ez dutenak ahaleginik egiten horraino iristeko: «Egonean gaude gure bizitzan, gure egunerokoan, eta ez dugu hortik irten nahi».

Gakoa, sarean

Gazteengana hurbiltzeko ahaleginak egiten dituzte alderdiek, eta, hauteskunde garaian, indar berezia egiten dute gazteek gertuko izan ditzaketen gaiak azaltzeko eta proposamenak egiteko. Aurten, ia 76.000 gaztek dute Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan lehen aldiz botoa emateko aukera. «Komunikabide tradizionalek gero eta indar gutxiago daukate gazteengan», nabarmendu du Cañok. «Sakelako batean dena dugu, eta informazioa bilatzeko eta entretenitzeko erabiltzen dugu. Gazteek sare sozialetan denbora asko pasatzen dugunez, hortik iristen zaigu input gehien», jarraitu du Tximenok. Hiru solaskideak bat etorri dira sare sozialak direla gakoa politika gazteengana hurbiltzeko.

Zubeldiak, baina, zehaztapen bat egin du, barrez: «Egia da sare sozialek gazteengan indar handia daukatela, baina jende helduak egiten ditu edukiak, eta oso erraza da erridikulua egitea. Gainera, askotan nahi denaren kontrako efektua lortzen dute: igual, politikari bat rockeroz jantzita agertzea ez da egokiena». Cañok eta Tximenok ez dute irria disimulatu, eta politikariak maiz «meme» bihurtzen direla nabarmendu dute.

Aurten, gainera, alderdiek ahalegin berezia egin beharko dute beren hautagaiak ezagutarazteko. Aurpegi berriak dira zerrendaburu batzuk, eta, orokorrean gizartean ezezagunak badira ere, gazteen artean are nabarmenagoa da hori. Soziometroaren arabera, 18 eta 29 urte artean dituztenen %17k soilik ezagutzen dute Imanol Pradales EAJren hautagaia, eta %27k Pello Otxandiano EH Bildukoa. Hiru solaskideei burura etortzen zaien lehenbiziko hautagaia nor den galdetuta, bik Otxandianoren izena erran dute eta batek Pradalesena.

«Nik uste dut politikariek serioak izan behar dutela, hala eskatzen baitie beren lanak, baina egia da horrek erakargarritasuna kentzen diela».

MARKEL TXIMENO

Alderdiek sare sozialetan mugitzeko duten estrategia hobetzeko gakoez mintzatzean, zortea eta abagunea harrapatzeko gaitasuna hartu dituzte ahotan hiru gazteek. Tximenok uste du zortea dela kontuan hartu beharreko aldagai bakarra. Zubeldiak, berriz, momentu egokia harrapatzea: «Agian, momentu jakin batean zerbait egin, eta patetikotzat joko da, baina baliteke handik bi hilabetera gauza bera egitea  eta izugarrizko arrakasta izatea ere». Cañok, berriz, arrakasta duten mezuak analizatu ditu: «Niretzat, bideo horien atzean dagoen ideologia kontuan hartzekoa da. Arrakasta handiena izan ohi duten edukietan, muturreko ideiak agertu ohi dira».

Anitzetan, «muturreko» ideia horiek zabalduta, seriotasuna kentzen zaio politikari, erran dutenez, eta iruditzen zaie horrek badituela arriskuak. Tartean, gaztetxoenek ez ulertzea zer-nolako eragina duen sareetan ikusten dituzten mezu horiek behin eta berriz erreproduzitzeak. Tximenok adibide bat jarri du: «Bideojokoetan jokatzen dut, eta askotan ikusten dut mutil gazteek Vox hitza erabiltzen dutela erabiltzaile izen gisa. Zergatik? Ba noiz edo noiz alderdi hori sareetan bolo-bolo ibili zelako, astakeriak esaten». Horrelako erreakzioek kezkatu egiten dituzte hiru solaskideak, maiz belaunaldi gazteenek «pailazoen» pare ikusten dituztelako politikariak, eta ez dutelako ulertzen zertan datzan haien lana. Hortaz, aipatutako adibideak salbuespenak badira ere, Tximenok iritzi argia du: «Nik uste dut politikariek serioak izan behar dutela, hala eskatzen baitie beren lanak, baina egia da horrek erakargarritasuna kentzen diela».

Mugimendu sozialak

Erreferentzia horiek guztiak politika instituzionalari buruzkoak dira, baina politika ez da legebiltzar, udal eta alderdien inguruan bakarrik egiten. «Politikan parte hartzea ez da hauteskundeetan botoa ematea; nik uste dut askotan horretara mugatzen dela, baina hori baino askoz gehiago da», erran du Zubeldiak. Izan ere, herrietako edo auzoetako taldeek, mugimendu feministak eta gazte mugimenduek ere politika egiten dute. Horietan, arlo instituzionaletik urruntzen diren arloetan, gora egiten du gazteen parte hartzeak. «Ikusten da mugimendu feministak indar handia duela. Ernai, GKS eta horrelako mugimenduetan ere jende gehiago dago alderdi politikoetan baino», argitu du Tximenok.

Mugimendu feministan jarri du arreta Zubeldiak ere: «Lortu duena txalotzekoa da: neska gazte asko eta asko mugimendu feministan sartu direlako politizatu dira, eta ez alderdi jakin batek hala eskatu duelako». Cañok ere bide beretik jo du, azpimarratuta mugimendu horrek militantziara bideratzen dituela ahaleginak, eta ez alderdi jakinen batera. Eta balitekeela hor egotea beren arrakastaren gakoa.

Mugimendu sozial ezagun horietatik kanpo ere politizatzeko aukera dagoela dio Zubeldiak: «Auzoko edozein taldetan parte hartuz gero, kontzientzia handia hartu dezakezu ikusteko zer arazo dauden, nola dagoen dena edo nola aurre egin horri. Bileretan parte hartzea nahikoa da». Caño ados dago: «Norberaren auzoak eragin handia dauka, eta auzo sentimendua izateak antolatzea dakar, nahitaez».

«Politikan parte hartzea ez da hauteskundeetan botoa ematea, eta nik uste askotan horretara mugatzen dela, baina hori baino askoz gehiago da».

HOSTAITZA ZUBELDIA

Zubeldiaren ustez, ordea, auzoan, herrian, talde feministan edo gazte mugimenduetan politizatzeak ez du erran nahi gazte horiek guztiek hauteskundeetan parte hartuko dutenik. Tximeno eta Caño ados daude. Hala ere, hirurek garrantzitsutzat jo dute bozkatzea, eta parte hartzeko modu «inportantea» dela diote. «Bozkatzeak modua ematen du gure etorkizuna gidatzeko. Ez da egongo goitik behera gustatuko zaizun alderdirik, baina oso zaila da hori aurkitzea, ez bakarrik politikan, bizitzan ere bai», borobildu du Tximenok. Solasaldia amaitutzat eman baino lehen, Zubeldiak garbi utzi du zer eskatzen dien politikariei: «Euskal Herri euskaldun bat nahi dut, hori da nire desioa».

Beraz, argi dute ez dagoela parte hartze politikorako formula bat eta bakarra, eta, anitzetan kontrakoa erraten bada ere, gazteek parte hartzeko interesa dutela. Dena den, ez dute ukatzen hauteskundeak tresna garrantzitsua direla. Badakite egunerokoan hainbertze eragiten duten politikak nork eraikitzen dituen, eta beren belaunaldiaren beharrak kontuan hartzea bertzerik ez dute nahi, beren ongizatea bermatzea: euskaraz arreta jaso ahal izateko, gurasoen etxean bizi behar ez izateko eta beren buru osasuna zaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.