«Interesak» dituen epaiketari, muzin

AHTaren aurka pintaketak egitea egotzita, lau gazte epaitu dituzte Iruñean; ez deklaratzea erabaki dute

Epaiketa egin zuten bitartean, hainbat lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, auzipetuei elkartasuna erakusteko. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
«Ez dut onartzen epaiketa hau, eta ez diet erantzungo galderei». Zizurren (Nafarroa) kale batean 2010eko apirilaren 10ean AHTaren aurkako pintaketak egiteagatik auzipetutako lau lagunek «interes ekonomiko eta politikoak» dituen epaiketa baten aurkako jarrera erakusteko modua izan zen atzoko hori. Laurek adierazi zuten auzibidean «mugimendua» epaitu nahi dutela, eta uko egin zioten epaiketan deklaratzeari. Bi urteko espetxe zigorra eta 5.400 euroko isuna eskatu ditu fiskalak auzipetu baten kontra; beste hirurentzat, hogei hilabeteko espetxe zigorra eta 4.860 euroko isuna. AHTaren aurkako Iruñerriko mendi martxa izan zen 2010eko apirilaren 11n, eta Zizurren azpiegituraren aurkako pintaketak agertu ziren. Apirilaren 10ean lau gazte identifikatu zituzten, eta pintaketak egitea egotzi zieten. Atzo izan zen lau gazteen aurkako epaiketa, Nafarroako Auzitegi Nagusian.

«Derrigorrean eta mehatxupean»; halaxe joan ziren lau akusatuak epailearen aurrera. «Udaltzainen argitze agiri batean oinarrituta eta lurrean eta paretetan ustez hainbat margotze egiteagatik epaituko gaituzte». Epaiketaren aurkako jarrera erakusteko erabaki zuten laurek ez deklaratzea.

Auzibidea tren lasterraren kontrako oposizioa «kikiltzeko eta beldurtzeko» dela esan dute AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek. «Obrak hasteko hilabete gutxi falta direlako». AHTaren aurkako zioak estaltzeaz gain eztabaida soziala eta gizartearen parte hartzea oinarri dituen mugimendu zabala «judizializatu» nahi dutela salatu du. Gainera, esan du «mugimendua ekonomikoki itotzeko» asmoarekin eskatu dutela epaiketa aurretik eskatu duten bermea.

Apirilaren 10eko gaua

Epaiketa hasi aurretik, Fiskaltzak akordio eskaintza bat egin zien akusatuei; 3.600 euroko kalte-ordaina onartzea eta epaiketa falta bezala uztea proposatu zuen. Hortaz, akusatuentzat etxe barruko giltzaperatze zigorra izango litzateke. Epaiketa hastean, Fiskaltzak bertan behera uzteko eskaria egin zuen, lekuko bat falta zela argudiatuta. Defentsak erantzun zuen hori «aurretik» jakinarazi ahal izan zutela, eta azaldu zuen ez zuela arazorik epaiketa bi alditan egiteko. Ondorioz, deklaratzeko falta den lekukoak datorren ostiralean, apirilaren 8an, hartuko du hitza epailearen aurrean.

Atzoko lekukoak Zizurko hiru udaltzain eta foruzain bat izan ziren. Udaltzainek adierazi zutenez, gau horretan herritar baten deia jaso zuten, eta «norbait» pintaketak egiten ari zela azaldu zien. Herritarrak aipatutako lekura iritsi zirenean, bi pertsona furgoneta batera igotzen ikusi zituzten, baina pintaketak egiten zehazki inor ez zutela ikusi azaldu zuten: «Ez genuen ikusi inor pintaketak egiten». Errepidean egindako pintaketak «margotu berriak» zirela adierazi zuten udaltzainek, eta ibilgailuan zeudenak identifikatu eta bertan margoak eta margotzeko tresnak aurkitu zituztela.

Epaiketa egin bitartean AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea egin zuen, kexua azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.