Krisi ekonomikoari eta UPNko Sergio Sayasi eskaini die La insumisión en Navarra (Pamiela) bere liburua J. Oscar Beorlegik (Iruñea, 1967). «Derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera utzi izana UPNren eta PPren meritutzat jo zuen telebista kate batean Sayasek; hori entzuteak bultzatu ninduen idaztera».
«Intsumisoei dagokien meritua aitortzeko» idatzi du liburua Beorlegik. «Intsumisioaren memoria historikoa berreskuratzeko». Horretarako, autobiografiaren aldeko apustua egin du, hura ere intsumiso izan baitzen. Bi urte, lau hilabete eta egun bateko zigorra jaso, eta bederatzi hilabetez egon zen Iruñeko espetxean, hirugarren graduan. Intsumisoen borroka, orduko gizarte mugimenduen lana eta karrikan bizi-bizirik zegoen giroa bilakatu ditu bere liburuko protagonista.
Noiz bilakatu zinen intsumiso?
1990. urtean eskatu nuen ikasketengatiko azken luzapena, eta 1993an bilakatu nintzen intsumiso.
Ia hogei urte pasatu dira ordutik. Zergatik erabaki duzu orain liburua idaztea?
Intsumisioarena irabazitako borroka izan zen guretzat. Halakoetan, kontra egiten dutenak kriminalizatu edo isildu egiten ditu botereak. Intsumisioa kriminalizatzeko saioak huts egin zuen, eta, ondorioz, isildu egin dute. Ez hori bakarrik. Derrigorrezko zerbitzu militarra kentzea haren meritutzat jo nahi izan du botereak. Zerbait idazteko beharra sentitu nuen. Intsumisioaren memoria historikoa berreskuratzeko.
Liburu autobiografikoa da.
Nire esperientzia kontatu dut; inork ezin izanen dit deus erran. Nik bizi izandakoari buruz idatzi dut. Denboran atzera egin dut, aginduak ez betetzeko nire sena nondik zetorren zehazteko asmoz.
Eta nondik datorkizu desobedientziaren aldeko jarrera hori?
16 urterekin, 1983an, La Polla Records taldearen kontzertu bat entzun nuen Sarasate pasealekuan. Esaldi bakarra gogoratzen dut kontzertu hartaz: «Vas con tu uniforme y con tu mente deforme» [bazoaz zure uniformearekin eta zure garun deformearekin]. Militarrei buruzko abestia zen. Militarren lepotik barre egiten zuten, eta ni bezala bederatzi urte apaizen eskola batean egona zen gazte batentzat harrigarria izan zen hura entzutea.
Intsumisioak indar berezia izan zuen Nafarroan, Iruñean. Zergatik izan zela uste duzu zuk?
Hemen zegoen giroak horretarako aukera ematen zuelako. Hemen beti izan dugu gustuko aginduak ez betetzea. Opus dugu, baditugu politikari ultrakontserbadoreak, eta horren aurkako erantzuna sortzen da penduluaren bertze aldean. Intsumisioaren mugimendua horren ondorio izan zen, eta musikan ere ikusi da Nafarroan erantzuteko gogoa.
Intsumiso izan zinen, eta musika kritikaria zara. Bi esparru horiek uztartu ziren 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Iruñean?
Bai, zalantzarik gabe. Musikariak ere soldaduskara joatera behartzen zituzten. Errebeldea bazara, ezetz erran nahi baduzu eta intsumisioaren gisako mugimendu bat sortzen bada, argi dago ez duzula maitasun kantarik idatziko. Garai hartan, mezua zen garrantzitsuena. Kanten hitzetan sumatzen da. Urte anitz pasatu da, baina hitzak hor daude.
Orduko giro bizi horri zer eman zion intsumisioaren mugimenduak?
Mugimendu guztiak, borroka guztiak nahasten ziren. Egun batean, NATOren aurka ari ginen manifestazioa egiten karrikan; bertze egun batean, etxe bat okupatzen, eta, hirugarrengoan, intsumisioaren alde egiten. Orain, webgunea eta Facebook dute gizarte mugimenduek, baina haietako anitz pertsona bakar batek osatzen ditu. Intsumisioaren garaian bertzelakoa zen errealitatea. Mugimendua magma baten gisakoa zen. Karrikan zegoen borroka. Intsumisioarena borroka kolektiboa zen. Irabazteko aukera bagenuela sinisten genuen, eta horren alde egiten genuen, gogoz. Denok aritzen ginen esparru guztietan, eta horren guztiaren parte sentitzen ginen.
Intsumisioari buruzkoak, ordea, laster ahaztu ditu gizarteak. Botereak ezarritako isiltasuna aipatu duzu. Intsumisoek isiltasun horretan erantzukizunik izan zutela uste duzu?
Maratoia egin duen kirolari bati elkarrizketa egiten badiozu, erranen dizu leher eginda dagoela, ospatzeko gogorik gabe. Egin nahi duen gauza bakarra da etxera joan, eta atseden hartu. Intsumisoei hori gertatu zitzaigun. Borroka irabazi genuen, baina ez genuen ospatu, nekatuta geundelako.
Haserretuen mugimendua dago orain. Intsumisioaren gisako mugimendu bat posible litzatekeegun?
Egun gazteek soldaduskara joateko gutuna jasoko balute, bakoitza bere aldetik saiatuko litzateke bere egoera konpontzen. Baliabideak badituzte, baina arimarik gabeko mugimendua da. Guk, entxuferik ez, baina eleketrizitatea genuen.
J. Oscar Beorlegi. Idazlea eta musika kritikaria
«Intsumisioaren memoria historikoa berreskuratzeko idatzi dut liburua»
Idazle, musika kritikari eta intsumiso. Derrigorrezko zerbitzu militarraren kontrako bere borroka ekarri du gogora J. Oscar Beorlegik 'La insumisión en Navarra' liburuan. Pamielak argitaratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu