Guardia Zibila Gipuzkoako dozenaka euskal presoren senide deitzen ari da. Guardia Zibilaren Intxaurrondoko egoitzara deklaratzera joateko agintzen ari da senideei, horretarako hitzordu zehatzak jarrita. Atzo hasi ziren mezuak jasotzen senideak, eta arratsalderako dozenaka ziren abisua jaso zuten preso gipuzkoarren familiak. Hurrengo bi asteetarako jarri dizkiete guztiei hitzorduak: apirilaren 20a eta 29a arterako. Lekuko gisa deklaratu beharko dute guztiek.
BERRIAk jakin duenez, «kapitalen zuritze» delitu batekin lotutako auzi baten harira deklaratu behar dutela esan diete guardia zibilek senideei. Eta, abokatuen ustez, urtarrilaren 12an abokatuen aurka egindako operazioarekin izan lezake lotura neurriak. Mate izena eman zioten operazio hartan EPPK-ko presoen defentsa lanetan aritzen diren hamabi abokaturi, eta Guardia Zibilak Herrira-rekin lotu zituen beste lau pertsona atxilotu zituzten. Lau horietatik hiru ez beste guztiak askatu zituzten arren, kapitalak zuritzea egotzita inputatu zituzten guztiak. Itxura guztien arabera, auzi horretan azalpenak lekuko gisa ematea nahi dute orain guardia zibilek.
Troitiño eta Mendizabal
Epaitegiek gaur erabakiko dute Antton Troitiñoren eta Sabin Mendizabalen etorkizunaren inguruan. Londresen, epaile britainiar batek Troitiño estraditatu edo ez ebatziko du. Espainiako Auzitegi Nazionalak estraditatzeko eskaera egina dio Westminsterreko auzitegiari, ETAko kide dela argudiatuta. Martxoaren 23an entzun zituen bi aldeak epaileak, eta gaur emango du erabakiaren berri.
Mendizabal Donapaleun atxilotu zuten martxoaren 23an, euroagindu baten harira. Kale eraso batean parte hartu zuelakoan zigortu zuen Mendizabal Auzitegi Nazionalak, eta horregatik eskatu dio Frantziari bere esku uzteko. 2009an zeharkatu zuen muga gazteak, eta Ipar Euskal Herrian bizi zen.
Intxaurrondon deklaratzera deitu dituzte euskal presoen dozenaka senide
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu