Azken hamabost urteetan Barañainen beti izan da gaztetxea. Dena den, urtarrileko itxieraren eraginez, ordu arte mugimendu horretako kide izan zirenek «benetan erreta» amaitu zutela jakinarazi du Baianok. «Egoera ikusita, beste dinamika bati ekin genion. Herrian gazte mordoa geunden eta bilerak egiten hasi ginen neguan, eta udan ikusi ahal izan da dinami- ka horren fruitua», adierazi du Baianok, larunbateko okupazioa gogoan zuela. Izan ere, Mendiberekin ez zuten inolako akordiorik iritsi. Baianok salatu du alkateak ez zuela intentziorik izan egoera konpontzeko egiazko pausorik emate- ko.
Antza, Mendibek gazteei lokal bat alokatzea iradoki zien, era horretan euren beharrak betetzeko. «Guk gauzak egiteko ilusioa eta beharra daukagu, baina argi dago alkateak gure eskaerei entzungor egiten diela», azaldu du Baianok. Hala, presioaren bideari ekitea beste aukerarik ez dutela izan aitortu du. Izan ere, udalaren «burugogorkeriari» aurre egiteko bide bakarra gose grebari ekitea dela jakinarazi du. Oraingoz hiru egun bakarrik daramatzate ezer jan gabe. «Egoera fisiko eta psikologiko onean gaude, eta ez dugu gure asmoak bertan behera uzteko inolako intentziorik».
Eragileen babesa
Gose greban dauden bost lagunak ez daude bakarrik. Berez, Barañaingo udaletxeko plazan egunez soilik egoteko baimena dute. Gauero etxera joaten dira lotara. «Arratseko 20:00etan plazatik joan behar izaten dugu, baina badugu asmoa gauren batean hemen lotan gelditzekoa», dio Baianok. Halere, egun osoan izaten dituzte herriko eragile eta lagunen bisitak. Izan ere, ia zortzi hilabetean egindako bileretan, gazteez gain, besteak beste, herriko txistulari eta trikitilari taldeekin bildu dira. Gainera, datozen egunetan hainbat alderdi politikorekin batzekoak dira, euren eskaeren berri emateko eta auziari irtenbide bat aurkitzen saiatzeko.
Dena den, egunero izaten dute oztoporen bat. Antza, pankartaren bat edo kartelen bat agerian jarri bezain pronto, udaltzainek kentzeko agintzen diete udaletxeko plazan protestan ari diren gazte biltzarreko kideei. Baina horrek ez ditu kikiltzen. «Presioak presio, ez dugu inolaz ere bertan behera utziko gure ekimena», jakinara- zi du Baianok. Muga horiek gaindituz, atzohainbat aulki jarri zituzten biribil bat eginez, atzean bakoitzak inurri baten irudia zeramala. Inurri orok bere inurrategia behar du lelopean, gizartea ohartarazi nahi izan dute euren beharrez.
Gazte biltzarraren eta alkatetzaren arteko jarrerak nahiko urrun daude egun. Gainera, Baianok ohartarazi du benetan zaila izaten dela alkatearekin biltzea: «Badira eragileak urteak daramatzatenak alkatearekin bildu nahian eta oraindik lortu ez dutenak». Baianok ez daki gose grebak noiz arte iraungo duen, baina argi du Barañainek gaztetxe bat behar duela. «Zenbat eta azkarrago, hobe».
Motzean
Urtarrileko gertaera. Bost urteren ostean, urtarrilean itxi zuten Barañaingo gaztetxea, udalaren aginduz. Ordutik, herriko hainbat gazte eta eragile biltzen aritu dira, gaztetxe berri bat eratzeko asmoz.Okupazioa. Larunbatean lokal bat okupatu zuten, baina alkateak gazte biltzarrarekin bilduko zela agindu ostean, lokala utzi zuten.
Bileran, fruiturik ez. Bileran ez zen akordiorik izan, eta ordutik bost gazte gose greban daude.