TORTURA

Ion Arretxe: «Zaila da estatuak Zabalzaren kasua aitortzea»

Hil aurretik Arretxeri eginiko elkarrizketa bat argitaratu du Ahotsa.info atariak.

jon olano
2021eko martxoaren 18a
10:15
Entzun

Ion Arretxe Mikel Zabalzarekin batera atxilotu zuten 1985eko azaroan, eta hura ere Intxaurrondo kuartelean torturatu zuten. Handik 30 urtera argitaratu zuen Intxaurrondo: la sombra del nogal liburua (Intxaurrondo: intxaurrondoaren itzala; El Garaje Ediciones, 2015), Euskal Herriko tortura zentrorik handienaren itzala argitara ateratzeko.

Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1964an, eta ibilbide oparoa izan zuen sormenaren munduan: zinemako arte zuzendari gisa jardun zuen, baita idazle, marrazkilari eta aktore ere. 2017an hil zen, baina elkarrizketa egin zioten Non dago Mikel? dokumentalerako. Orain, Ahotsa.info atariak argitaratu du haren elkarrizketaren pasartea, Galdutako objektuak websailean.

Besteak beste, Arretxek dio bere espektatibak beteko lituzkeela «aitortzeak Mikel Zabalza eurek hil zutela, eskutik joan zitzaielako. Torturatu zutela hil arte». Baina uste zuen zaila zela hori: «Niretzat zaila da estatuak Mikel Zabalzaren kasua aitortzea, desegingo lukeelako trantsizio santua eta zuzenbide estatua. Nire ustez, estatutik ez da aitortuko Mikelena». Atzo bertan, auziko agiriak desklasifikatzea baztertu zuen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak.

[Youtube]https://youtu.be/_eRuhOktKV8[/Youtube]

Elkarrizketan, Arretxek gogoeta egiten du atxiloketaz: «Jendeak uste du Poliziak ikertzen duela eta, gero, atxiloketak egiten dituela. Poliziak aurrena ikertu egiten du, eta susmagarriak dituenean, atxilotu egiten ditu. Baina Lege Antiterroristak zera egiten zuen: aurrena atxilotu, eta ikerketa atxiloaldian egiten zen. Hori ez da ulertzen, ez da zinematografikoa».

Zabalzak Arretxeren beraren bizitzan izandako lekuaz ere mintzo da: «Mikel Zabalzaren presentzia etengabea izan da nire bizitzan, itzal bat. Pentsatu dut zorte handiko pertsona bat izan naizela bizitzan, ez nintzelako hil Mikel Zabalza hil zenean. Ni egunero gogoratu naiz Mikel Zabalzarekin, baina sekula ez dut harekin amestu».

«Memoria duintzea»

Zabalzaren auziaz mintzatu da Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusia ere. Nabarmendu du Zabalzaren sendia «bere memoria duintzeko» eskatzen ari dela, «gertatu zena argitzeko. Biktimek eta familiek egia eskatzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.