ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Ione Belarra: "Bigarren postua jada ez da nahikoa; irabaztea da gure helburua"

Unidos Podemos koalizioak ekainaren 26ko hauteskundeetarako hautagaitza "plurala" aurkeztu du.

Unidos Podemoseko Nafarroako hautagaien aurkezpena. @PODEMOSNAVARRA
2016ko maiatzaren 24a
11:40
Entzun

Ione Belarra (Ahal Dugu) Espainiako Kongresurako koalizioaren lehen hautagaiak ziurtatu du aurkeztutako hautagaitzak Nafarroako pluraltasuna "ordezkatzen eta irudikatzen" duela: "Asko poztu gaitu Ezkerrarekin eta Equorekin adostasun bat erdietsi izanak. Gai izan gara eskuzabalak izateko, eta bat egiten dugunean biltzeko".

Belarraren atzetik, Eduardo Santos (Ahal Dugu) izango da zerrendako bigarrena, eta Eliana Aleman (independentea) hirugarrena. Senaturako, berriz, Iñaki Bernal (Ezker Batua) izanen da lehen hautagaia, eta Aitor Pescador (independentea) bigarrena.

Belarrak baieztatu du UPN-PP blokea gainditzeko asmoa dutela, eta argi utzi du etsaia ez dela PSOE, PP baizik. Santosek bat egin du ideia horrekin: "Gure indarrak batu nahi ditugu UPN eta PPren politikak bertan behera utzi ahal izateko. Hori izango da benetako aldaketarako berme bakarra".

"Aukera historikoaz" hitz egin dute hautagaiek. Santosek gogorarazi du PSOEk bere eskuetan izan duela "aldaketarako giltza", baina ez zela gai izan "zaharraren eta berriaren artean aukeratzeko".

Bestalde, Alemanek krisiaren ondorioz pobrezian dauden pertsona guztiei egin die erreferentzia, eta jakinarazi du pertsona horien eskubide sozialen alde lan egiteko bat egin duela Unidos Podemos koalizioarekin. Bernalek ere herritarren interesak babestuko dituztela azaldu du, eta ez enpresa handienak: "Bat egiten dugu helburu batean: erakundeak erreskatatu eta herritarren zerbitzura jarri nahi ditugu. Horretarako irabazi behar dugu, ez dago beste aukerarik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.