Ipar Euskal Herriak autonomia ezinbestekoa duela eta gatazkak konponbide negoziatua behar duela aldarrikatzeko, prentsaren aurrean agerraldia egin dute Baionan ehun bat lagunek.
Gabi Moueska, Betti Bidart, Ttotte Etxebeste, Terexa Mitxelena, Filipe Lazkarai eta Mixel Bergouignan mintzatu dira guztien izenean, historikoki IKren pentsamendutik hurbil izan den jendea. Haien atzean aurkeztu direnen arteko asko IK-ko preso izanak dira. Sustraia hori izanik ere, oro har, egun sentsibilitate politiko diferenteetan biltzen den jendea da.
Ipar Euskal Herriaren historia politiko hurbilaren errepasoa egin dute, oroitaraziz, aspaldikoa dela autonomiaren eskaera, eta nabarmenduz garapen kultural zein sozio-ekonomikorako premiazkoa dela. Hain zuzen ere, azpimarratu dute Ipar Euskal Herrian 10 urte egin dituztela borroka armaturik gabe, baina, hala ere, gatazkak konpondu gabe jarraitzen duela: Frantziak Euskal Herria ukatzen segitzen duela, eta euskara hilzorian dela.
Horregatik, negoziazioaren bidez eta ezagupen politikoaren bidez gatazka konpontzeko deia egin dute.
Ipar Euskal Herriak autonomia behar duela aldarrikatu du gogoeta talde zabal batek
Halaber, gatazka konpontzeko gogoeta ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Sentsibilitate desberdinetako jendea bildu da ekimenera. Asko IK-ko preso ohiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu