Azkenean ez dute emisio gutxiko eremurik ezarriko Ipar Euskal Herrian: atzo bozkatu zuten Frantziako Asanblean «sinplifikazio» lege proiektua, zeinak emisio gutxiko eremuak ezartzeko azkeneko erabakia baldintzatzen baitzuen. Sinplifikazio legearen alde eginez, 275 diputatuk eremu horien ezartzearen kontra egin zuten; beste 252k, aldiz, alde. Orain, Batzorde Misto Paritario batek aztertu beharko du testua.
Emisio gutxiko eremuen helburua zenbait autori hirietarako sarbidea debekatzea da, gehiegi kutsatzen dutelakoan. Euskal Hirigune Elkargoak aurtengo otsailaren 17an bozkatu zuen horrelako eremu bat ezartzearen alde, Hendaia (Lapurdi) eta Tarnos (Okzitania) artean, hain justu. Eremu hori ekainaren lehenetik goiti martxan jartzekoa zuten, baina, azkenean, ez du aitzina eginen.
Emisio gutxiko eremuen proiektuak eztabaida biziak sortu izan ditu, ikuspegi sozial eta ekonomikotik batez ere. Alde batetik, badira eskuineko alderdiak, pentsatzen dutenak ingurumenaren izenean ezarritako eremua «zigortzailea» dela; bestetik, badira ezkerrekoak, uste dutenak eremu baztertzaileak direla, denek ezin baitute «kutsatzen ez duen» auto berria erosi. Bien artean zatiturik geratu da Ensemble alderdi makronista.
Martine Bisauta Euskal Elkargoko trantsizio ekologikorako hautetsiak bere iritzia plazaratu du: «Oso garesti ordainduko dugu. Osasun arazoei aurre eginen diegu, heriotzei...».